UPNk Senatuko batzordera deituko ditu Txibite, Barkos, Saiz, Alzorriz, Remirez eta Arasti

UPNren proposamenak PPren baietza lortuz gero, Espainiako Senatuko batzordean aritu beharko dute Maria Txibitek eta Uxue Barkosek, baina ez Yolanda Barcinak. PSNk erantzun du jadanik: Barcina Senatuan ager dadila eskatuko du PSOEk.

Cristina Ibarrola adierazpenak egiten, artxiboko argazki batean. JESUS DIGES / EFE
Cristina Ibarrola adierazpenak egiten, artxiboko argazki batean. JESUS DIGES / EFE
xabier martin
2025eko abuztuaren 7a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

UPNko presidente Cristina Ibarrolak aurrera egin du alderdiko bozeramaile Javier Esparzak asteon hasitako bidean, Koldo auziari lotutako Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordea gutxiesteko, eta iragarri du haren taldeak deklaratzera deituko dituela Espainiako Senatuan eratu den ikerketa batzordera, Nafarroako presidente Maria Txibite, Espainiako Gizarte Segurantzako ministro Elma Saiz eta Geroa Baiko parlamentari Uxue Barkos, hura ere Nafarroako presidente izan zelako.

Halaber, UPNren proposamenak PPren oniritzia lortuz gero, Espainiako Senatura joan beharko dute galderak erantzutera Ramon Alzorriz PSNko parlamentariak, Javier Remirez PSNko senatariak, Jose Luis Arasti Nafarroako Ogasun kontseilariak, eta Servinabar enpresako langileek, besteak beste Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiaren arrebak, eta Alzorrizen bikotekideak. Ez alferrik, informazio batzuen arabera, Cerdanen arrebak Servinabarren soldata jaso zuen, eta Ramon Alzorrizek, berriz, dimisioa eman zuen ekainean PSNko eledun gisa, haren bikotekidea ere Servinabar enpresako langile izan zelako.

Ibarrolak ohar baten bidez azaldu duenez, «hasiera batean» UPNren nahia pertsona horiek guztiak Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean aritzea zen, «baina PSN, EH Bildu eta Geroa Bairen arteko itunak galarazi duenez, Senatuan erantzun beharko dute». 

Taldeek aurkeztutako lanerako planak aztertu eta gero, 99 txosten eta informazio eskaera onartu dituzte aste honen hasieran Nafarroako Parlamentuan, eta instituzioek irailaren 15era arteko epea izango dute parlamentariek eskatutako informazioak bidaltzeko. Halaber, urriko bigarren hamabostalditik aurrera 40 lagunek agertu beharko dute batzordearen aurrean.

Yolanda Barcina eta PSN

Herenegun, Javier Esparza UPNko bozeramaileak ziurtatu zuen 40 lagunen zerrenda hori ez dela nahikoa, eta salatu zuen EH Bildu «mesedeak ordaintzen» ari zaiola Maria Txibite Nafarroako presidenteari, «dena estaltzeko» itun baten bidez. Bada, gaur, Ibarrola bide beretik joan da: «Ezinbestekoa da pertsona horiek guztiek azalpenak ematea ikertzen ari diren operazio eta kontratu horien inguruan».

«PSNk, EH Bilduk eta Geroa Bai-k Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean egin dutena hain da lotsagabea, ezen agerian geratu baitira»

CRISTINA IBARROLA UPNko presidentea

Erantsi du «deitoragarria» dela «EH Bilduk eta Geroa Baik euren interesak lehenesten jarraitzea», eta nafarrei zer gertatu den jakitea «galaraztea» Guardia Zibilaren UCO adarra ikertzen ari den enpresekin. «Kontratu horiek Barkosen eta Txibiteren gobernuekin gauzatu ziren, ez dezagun ahantz, eta ez UPNko gobernuekin». Uste horrekin bat, UPNk Nafarroako Gobernuan izan zuen azken presidente Yolanda Barcina ez dute deituko deklaratzera, nahiz eta hark ere ikertzen ari diren aroan gobernatu zuen.

Espainiako Senatua PPren kontrolpean da legealdi honetan, eta UPNk haren baietza lortuz gero, Txibitek eta Barkosek hango ikerketa batzordean aritu beharko dute. UPNko presidentearen arabera, «PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean egin dutena hain da lotsagabea, ezen agerian geratu baitira».

Hala, UPNk ez du deituko Senatuko batzordera Barcina, baina PSNk bai. Alderdi horretako eledun Ainhoa Unzuk iragarri duenez, PSOEk eskatuko du Nafarroako presidente ohi hori eta Oscar Arizkuren presidenteorde ohia ere deklaratzera joateko Madrilera. Unzuk azaldu du bien ala bien azalpenak garrantzitsuak direla; izan ere, «Yolanda Barcinaren gobernuak eman zituen hasierako baimen guztiak Mina Mugaren proiektuan, baita Koldo Garciari kondekorazioa eman ere». Horrez gain, Nafarroako Ogasunaren arabera, Oscar Arizkurenek Servinabar enpresaren ordainketak jaso zituen, Unzuk adierazi duenez.

«UPNk eta PPk azalpenak nahi badituzte, deseroso jartzen dituen horren inguruan ere izango dituzte»

AINHOA UNZU PSNko eleduna

«UPNk eta PPk azalpenak nahi badituzte, deseroso jartzen dituen horren inguruan ere izango dituzte. Ikusiko dugu ea Espainiako Senatuan duten gehiengoak baimentzen duen Barcina eta Arizkuren ikerketa batzordera joatea, ala galarazi egiten duen beste behin ere euren iraganari eragiten dion guztia azaleratzea». Finean, Unzuk adierazi du UPNk Espainiako Senatura eraman nahi duela Nafarroan lortu ez duena: «Ez dute gure ikerketa batzordearen zilegitasuna errespetatzen. Zirku politiko bat egin nahi dute».

Esan beharrik ez dago: UPNk eta PPk nekez onartuko dute Barcinak Senatuan deklaratu behar izatea, are gutxiago Koldo Garciaren kondekorazioa tartean egonda, baina PSNk ezezko hori eman behar izatera behartu nahi izan du UPN.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.