Belateko tunelen adjudikazioa orain arteko «gardenena» izan dela esan du Txibitek

UPNk eta PPk eskatutako agerraldi batean, agerian jarri du Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzioan ez dagoela susmopean herri lan hori. «Biktima gisa» aurkeztea aurpegiratu dio Esparzak, eta dimisioa emateko eskatu, esleipena «susmagarria» delakoan.

(ID_15102499) ESPAÑA CASO KOLDO
Maria Txibite, gaur, Foru Erregimeneko Batzordean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2025eko ekainaren 30a
13:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako eskuinak fokupean jarri nahi ditu Belateko tunelak. Berez, herri lan horren aipamenik ez dago Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboko txostenean, eta Leopoldo Puente Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuaren arabera «oraingoz ez dago ikerketapean». Dena den, UPNk eta PPk iritzi diote irregulartasunak egon zirela adjudikazioan, eta, susmo horiek argitzeko, Maria Txibiteren agerraldia eskatu dute. Nafarroako Gobernuko lehendakariak gogora ekarri du orain arte legebiltzarrean ehun ekinaldi inguru egin direla azken urteetan parlamentuan, eta horregatik eskuineko alderdiei erantzun die orain arteko obrarik «gardenena» izan dela. 

Txibitek azalpenak eman zitzala eskatu baino lehen proposatu zuten UPNk eta PPk ikerketa batzordea sortzeko. Bitarte horretan, gauzak aldatuz joan dira: ostegunean atera zen aurrera batzordea, eta gaur goizean bertan haren nondik norakoak zehaztu dituzte taldeek. Guardia Zibilaren txostenetan aipatzen diren enpresei 2011tik hona adjudikatutako herri lanak aztertuko ditu batzordeak, eta horien artean egongo dira Belateko tunelak zabaltzeko obrak. UPNko Javier Esparzaren arabera, obra hori susmopean dago, eta gobernuak inoiz ez zion herri lan hori esleitu behar Santos Cerdan bazkide zen enpresa elkarte bati.

Duela hamalau hilabete, iazko apirilean, beste agerraldi bat egin zuen Txibitek Belateko tunelez, eta «gauzak zeharo aldatu» dira, Esparzaren hitzetan. Aldiz, Txibitek erantzun dio ez dela gauza handirik aldatu, Gorenak argi utzi duelako oraindik ez dela ikertu: «Hemen buka zitekeen nire agerraldia», aipatu du. Argi utzi nahi izan du administrazioak ezin dezakeela jakin nolakoa zen Servinabarreko bazkideen banaketa, «agiri pribatua zelako».

Belateko tunelak

Kontratazioaren epaimahaia zortzi kidek osatu zuten, eta zazpi enpresaren proposamen teknikoak eta ekonomikoak aztertu behar izan zituzten. Hiru eskaintzak jaso zituzten puntuazio hoberenak, eta azkenean Acciona, Servinabar eta Oses Construcciones enpresek osatutako elkarte taldearena hobetsi zuten. Dena den, epaimahaiko bi kidek zalantza agertu zuten puntuazioen inguruan. Prozedura administratibo ororekin batera fiskalizazio txosten bat egin behar da, eta haren egileak onespena eman zion adjudikazioari, baina «eragozpen ohar ez-etengarria» agertu zuen. Hala, aldeko txostena eta fiskalizazio txostena mahai gainean, Pedro Gonzalez Obra Publikoko zuzendariak aurrera jotzea erabaki zuen, adjudikazioan atzera egiteko nahikoa arrazoi ez zela erabakita. 2023ko abenduaren 26an esleitu zen.

Azalpen horiek emanda, Txibitek ukatu egin du esku hartze politikorik dagoela. «Nik ez dut inoiz esku hartzen adjudikazio prozeduretan», ohartarazi du. Esparzak galdetu dionez ea zergatik ez zuen erabakian atzera egin, berretsi du berak ez duela parte hartzen administrazioari dagokion ezein ebazpenetan. «Ez dago presidenterik eta kontseilaririk inplikatuta. Gobernu garbi bat gara», nabarmendu du.

Gogora ekarri du Nafarroako Kontuen Ganberak obra hori sakon aztertu zuela 2023ko kontu orokorren txostenean eta ez zutela legez kanpoko zantzu bakar bat atzeman. «Prozedurari buruzko zalantzak hobetzeko gomendioak eman zizkigun, eta kontuan izan dugu», esan du. Zehazki, Ignacio Cabeza de Salvador Kontuen Ganberako presidenteak esan zuen ez zutela topatu kontabilitate arloko edo beste mota bateko erantzukizunik: «Hain obra garrantzitsuak eman beharko ez liratekeen irregulartasunen berri eman genuen», esan zuen iazko abenduan.

«Ez dago presidenterik eta kontseilaririk inplikatuta. Gobernu garbi bat gara» 

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Eskuineko alderdien kritiken aurrean ere, kontraerasora jo du Txibitek. PPko Javier Garciari aipatu dio Auzitegi Gorenak berak argi utzi duela instrukzio fasean dagoela auzia, eta haren parte den txosten batean aipaturiko enpresez hitz egitea delitua izan daitekeela. «Zure azalpen eskaera nahikoa anbiguoa da, baina ez dut delitu izan daitekeen zerbaiti buruz hitz egingo. Ez diot normaltasunik emango filtrazio bati, nahiz eta haren edukia publiko egin den. Parlamentuko zerbitzu juridikoen arabera, ez erantzuteko eskubidea dut, eta ez naiz zure tranpan eroriko». Erronka bota dio aipatzeko hitzez hitz zer enpresa dauden zehazki inplikatuta.

Esparzak galdetu dio ea noren bitartez bildu zen Antxon Alonso Servinabarreko arduradunarekin. Txibitek argitu du lehendakari moduan 160 bilkura ofizial egin dituela eta 400 pertsonarekin elkartu dela, horietako asko enpresaburuak. Haren esanetan, PSNko egoitzan ezagutu zuen Alonso, Geoalcaliko arduradunen bitartez, Muga meatokiaz hitz egiteko.

Gerora, lehendakari gisa, bere agendan lau bilkuraren oharrak egin zituen: 2020ko uztailean eta urrian, eta 2021eko apirilean eta irailean. «Azken mezua nire inbestidura egunean bidali zidan. Inoiz ez zidan eskatu ez fabore traturik eta ez lizitazioez hitz egiterik, eta nik ere ez nioke halakorik onartuko». Halaber, adierazi du Alonsok gobernuarekin hasitako harremanak UPNko bi alkateren bitartez hasi zirela lehen aldiz —Milagrokoa eta Cintruenigokoa—.

«Ustelkeria kasu baten buru izatea leporatzen dio epaileak. Esan nahi duzu Nafarroan ez zela hori gertatu Nafarroan Cerdanek agintzen zuenean?» 

JAVIER ESPARZAUPNko burua

Bere hitzaldian, Esparzak onartu du Txibitek ez duela zuzenean esku hartzen kontratazio prozeduretan, baina susmagarritzat jo du Belateko tunelen epaimahaiburuak beste 34 kontratazio mahaitan parte hartu izana eta horietan orotara 154 milioi euro esleitu izana. Txibitek gogora ekarri dio argitzeko legez kanpoko ezer egin ote duen gizon horrek, eta frogarik badu aurkez ditzala. 

Cerdan, espetxeratuta

Agerraldian jakin da Santos Cerdan espetxeratzeko agindu duela Gorenak. «Jabetzen zara horrek zer esan nahi duen? Jabetzen zara inguratzen zaituen errealitateaz? Jabetzen zarete haren bazkideak ere? Beste aldera begiratzen jarraituko duzu? Ustelkeria kasu baten buru izatea leporatzen dio epaileak Cerdani. Esan nahi duzu Nafarroan ez zela halakorik gertatu Nafarroan Cerdanek agintzen zuenean eta gobernua haren esanetara zegoenean? Gobernu honek ezin du jarraitu; Cerdanek kutsatu du».

Txibitek erantzun dio «kutsu matxista» dutela hitz horiek, bera ez dagoelako inoren esanetara. Gogora ekarri du Belateko tunelak zabaltzeko egitasmoak 2004an hasi behar zuela, baina utzikeriaz jokatu zuela UPNko orduko gobernuak. Zuzentarauak urratu eta segurtasun baldintzak betetzen ez zirela iritzita, Europako Batasunak obrari ekiteko premiatu zuen, eta milioika euroren zigorren arriskuaz ohartarazi. Txibiteren arabera, ordurako agortuta zeuden tunelak egokitzeko Espainiako Gobernuak egindako laguntza deialdiak. «Guztia, UPNren utzikeriagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.