Martinezek eskatu du esparru estatutuaren negoziazioa berriro hasteko edo medikuei estatutu propioa onartzeko

Hitzaldia eman du Madrilen. Osakidetzaren «tentsioari» aurre egiteko datuen eta adimen artifizialaren erabilera babestu du.

Alberto Martinez Madrilgo solasaldian. IREKIA
Alberto Martinez Madrilgo solasaldian. IREKIA
jakes goikoetxea
2026ko uztailaren 2a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatu dira medikuen greba asteak, baina Osakidetzako eta Osasunbideko mediku askok uko egin diote arratsaldetako borondatezko lana egiteari. Gainera, irailetik aurrera, medikuek greba mugagabea hasiko dute, eta ez dirudi irailerako gatazka konponduko denik edo konpontzen hasiko denik. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak bi eskaera egin dizkio Espainiako Osasun Ministerioari, Madrilen, gosari informatibo batean: osasun langile publikoen esparru estatutua hutsetik negoziatzen hasteko edo medikuentzat lan baldintzen estatutu propio bat onartzeko.

Martinezentzat Osasun Ministerioak ziaboga eman behar du, esparru estatutua erretiratu eta berriro hasi. «Ez da porrot gisa hartu behar, adostasuna lortzeko saiakera gisa baizik», zuzendu zaio Osasun sailburua ministerioari. «Jokoan dagoena ez baita arau bat, herritarren arreta baizik».

Adostasun gutxi

Osasun sailburuak agerian utzi nahi izan du ministerioak bi urteko negoziazio prozesuan ez duela adostasunik lortu eragile gehienekin, ez autonomia erkidegoekin, ez medikuekin eta ezta sindikatu askorekin ere. Monica Garcia Osasun ministroari egotzi dio ez dela bildu medikuekin, eta konponbidearen bila ari dela, «baina ez medikuekin».

«Osakidetzako profesionalak bikainak dira, kualifikazio handia dute eta konpromiso sakona dute sistemarekin. Ez dago osasun sistema sendorik profesionalak zaintzen ez badira»

ALBERTO MARTINEZ Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Espainiako Osasun Ministerioak zenbait sindikaturekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutua, urtarrilaren amaieran: CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak—. Estatutu horrek zehazten ditu osasun sistema publikoetako langileen gutxieneko lan baldintzak. Medikuek, ordea, araudi propio bat eskatu dute, uste dutelako estatutu horrek ez dituela jasotzen medikuen prestakuntza luzea —hamar urtetik gorakoa—, lana eta ardura. Esparru estatutuak zehazten ditu gutxieneko lan baldintzak, baina autonomia erkidegoek baldintza horietako batzuk hobetu ditzakete.

Medikuek eskaerak egin dizkiote Espainiako Osasun Ministeriori, baina Euskal Herriaren kasuan, baita Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere. Martinezek ez du adierazpenik egin Eusko Jaurlaritzaren erantzukizunari eta medikuen egoera hobetzeko dituen aukerei buruz.

«Deabruzko egoera»

Medikuek estatutu propio bat eskatu dute haien oinarrizko lan baldintzak arautzeko, osasun langile publiko guztien esparru estatututik kanpo. Martinezentzat gatazka konpontzeko aukera bat da medikuentzat estatutu propio bat onartzea: «Aukera bat izan daiteke esparru estatutua gainerako langileekin hitzartzea, medikuak negoziazio horretatik ateratzea, eta medikuentzat konponbide berezi eta propio bat bilatzea». «Bestela», ohartarazi du Osasun sailburuak, «irailean deabruzko egoera izango dugu».

Osakidetzan operatzeko zain egon beharreko batez besteko denbora nabarmen luzatu da greben eraginez: iazko urte amaierako 57 egunetatik oraingo 79-80 egunetara. «Bost hilabetean grebak izan ditugu eta grebek eragin zuzena izan dute herritarrengan, herritarrak baitira greben ondorioak jasaten dituztenak, ez administrazioak», adierazi du Martinezek Madrilen. 

Martinezek Madrilgo hitzaldia baliatu du osasun arloko ituna goraipatzeko. Osasun sistema publikoa «sendoa» dela nabarmendu du, baina «tentsio handia» duela, lau arrazoirengatik: gizartearen zahartzeagatik —«ez da arazoa, arrakasta kolektiboa baizik»—; kronikotasunagatik, hamar herritarretik lauk gaitz kronikoren bat baitute; herritarren arteko ezberdintasun sozioekonomikoengatik —bizi itxaropena hiruzpalau urte txikiagoa izan daiteke bizilekuaren arabera—;  eta langileek jasaten duten presioa gero eta handiagoa delako, gizartearen eskaria handitzen baita.

Langileen garrantzia

Osasun sailburuak Osakidetzako langileak goraipatu ditu, medikuak batez ere. Hitz onak izan ditu haientzat: «Bikainak dira, kualifikazio handia dute eta konpromiso sakona dute sistemarekin». Osasun sistemako langileak zaindu egin behar direla uste du, «ez baitago osasun sistema sendorik profesionalak zaintzen ez badira, ezta eraldaketarik zaintzen dutenak zaintzen ez baditugu».

«Adimen artifizialak denbora sortzen du pazienteei begietara begiratzeko eta haien entzuteko»

ALBERTO MARTINEZ Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Osasun sistemaren tentsioari aurre egiteko prebenitu egin behar da, Osasun sailburuaren arabera: «Aurrea hartu behar dugu, pazientearen egoera okertu aurretik, ez gaixotasuna agertzen denean esku hartu». Nola? «Datuekin, adimen artifizialarekin». Haien erabiliera babestu du: «Ez dute norabidea aldatzen, ez dute gure partez erabakitzen, erabakia beti izango da gizakiena; aldiz, hobeto lan egitea ahalbidetzen digute. Adimen artifizialak denbora sortzen du pazienteei begietara begiratzeko eta haien entzuteko».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema gero eta publikoagoa dela esan die Madrilgo gosari informatiboan bildutakoei. Baieztapen hori zuritzeko, bi datu eman ditu: alde batetik, ospitale berria eraikiko dute Tolosan (Gipuzkoa); bestetik, Gipuzkoan, errenta maila altua izanda ere, herritarren %14k «bakarrik» dutela aseguru pribatua, eta horietatik erdiei enpresek ordaintzen dietela. «Horrek esan nahi du herritarrek konfiantza dutela osasun publikoan», Martinezen iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA