Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea egingo dute irailean

Medikuen greba batzordeak jakinarazi du erabakia. Espainiako Osasun Ministerioari egotzi diote ez duela urratsik egin gatazka konpontzeko.

Medikuek kontzentrazioa egin dute gaur Espainiako Osasun Ministerioaren aurrean, Madrilen. MARIA AGUILELLA PARDO / EFE
Medikuek kontzentrazioa egin dute gaur Espainiako Osasun Ministerioaren aurrean, Madrilen. MARIA AGUILELLA PARDO / EFE
jakes goikoetxea
2026ko ekainaren 15a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurrena aipatu egin zuten. Gero iradoki. Orain baieztatu: Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea egingo dute irailetik aurrera. Espainiako medikuen greba batzordeak eman du grebaren berri, Madrilen, Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioaren aurrean egin duten kontzentrazioan, aurtengo bosgarren greba astearen lehen egunean.

Greba batzordea osatzen dute CESM Espainiako Medikuen Sindikatuen Konfederazioak, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak, SMA Andaluziako Sendagileen Sindikatuak, MC Kataluniako Medikuek, O'mega Galiziako Fakultatibo Independenteen Sindikatuak eta Amyts Madrilgo Medikuen eta Goi Tituludunen Elkarteak. SMN Nafarroako Sindikatu Medikoa CESMen barruan dago.

Iragan astean EAEko medikuen plataformaren eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteko ordezkariek hitz egin zuten greba mugagabea egiteko aukeraz. «Medikuen greba mugagabea hementxe dugu», ohartarazi zuten. «Negoziazioetan aurrerapausorik ez badago, greba mugagabeaz gain ez dago alternatiba askoz gehiagorik». Medikuen artean «giroa oso bero» dagoela jakinarazi zuten.

Aurrerapausorik ez

Medikuen greba batzordeak mobilizazioak «gogortzea» erabaki du, haien esanetan Espainiako Osasun Ministerioko arduradunek ez dietelako proposamenik egin, gatazkan aurrerapausorik ez dutelako eman eta ministerioa «tematuta» dagoelako esparru estutua tramitatzen. «Aste honetan, uztailean edo abuztuan ezer aldatzen ez bada», irailean jakinaraziko dute nola egingo duten greba mugagabea eta zer neurri gehiago onartuko dituzten medikuen mobilizazioei eusteko.

Greba batzordearen arabera, hilabeteotan ministerioarekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest egon dira, talde parlamentarioekin biltzeko eskaerak egin dituzte eta haien eskaerek eragiten dieten ministerioetako ateak ere jo dituzte (Ogasuna, Lana eta Funtzio Publikoa); baina kexu dira, haien «eskaera bakar bat ere» erantzun ez dutelako. Mobilizazioei eutsiko diete, eskaerei erantzun arte.

Greba mugagabea egiteko asmoa jakinarazi bai, baina egin aurretik, herritarrei esan diete sentitzen dituztela grebak herritarrei sor diezazkieketen arazoak, baina greba justifikatu dute nabarmenduz grebaren azken helburua langileen lan baldintzak hobetzea dela, «ahalik eta arta onena eta segurtasun kliniko handiena bermatzeko».

Estatutu propioa

Medikuek estatutu propio bat eskatzen dute, osasun langile publikoen esparru estatututik aparte, medikuen prestakuntza eta erantzukizuna aintzat hartuko dituena. Negoziazio zuzena ere eskatzen dute, hau da, beren lan baldintzak beraiek negoziatzea, «benetako berme juridikoekin eta beste negoziazio mahai batzuen mende egon gabe». 35 orduko lan astea nahi dute, eta ohiko lanalditik aparte egiten dituzten orduak behar bezala ordaintzea, eta erretiro adina kalkulatzeko aintzat hartzea. «Bidezko» sailkapen profesionala eskatzen dute, prestakuntzaren eta erantzukizunaren «neurrikoa». Eta erretiro eredu «malgua eta zigorrik gabea», medikuen jarduera nekagarria dela aitortuko duena. 

Espainiako Osasun Ministerioak zenbait sindikaturekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutua, urtarrilaren amaieran: CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak—. Estatutu horrek zehazten ditu osasun sistema publikoetako langileen gutxieneko lan baldintzak. Medikuek, ordea, araudi propio bat eskatu dute, uste dutelako estatutu horrek ez dituela jasotzen medikuen prestakuntza luzea —hamar urtetik gorakoa—, lana eta ardura. Mobilizazioak eta grebak egiten ari dira: aste osoko grebak hilero, otsailetik ekainera. Esparru estatutuak zehazten ditu gutxieneko lan baldintzak, baina autonomia erkidegoek baldintza horietako batzuk hobetu ditzakete.

Salbuespena da Nafarroa: Osasunbideko profesional guztiak Nafarroako Gobernuaren funtzionarioak dira, eta hari dagokio medikuen lan baldintza gehienak arautzea, ez esparru estatutuari. Osasunbideko langileen lanaldien baldintzak soilik egongo lirateke esparru estatutuaren esku.

Greba batzordeak Espainiako Osasun Ministerioaren jokabideaz eta arduraz soilik hitz egin du. Ez Eusko Jaurlaritzaz eta Nafarroako Gobernuaz, esaterako. Hego Euskal Herriko gobernuak medikuekin negoziatzen ari dira, baina medikuek atzera bota dituzte haien proposamenak.

Arratsaldez lanik ez

Bestelako neurriak ere hartu dituzte medikuek: arratsaldetako borondatezko lanari uko egitea, esaterako. Lanordu horiek boluntarioak dira berez, baina sistemari eusteko ezinbesteko tresna dira gaur egun, itxaron zerrendak murrizteko balio baitute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gero eta gehiago dira arratsaldeetan borondatezko lanik egiten ez duten medikuak. Nafarroako Mediku Sindikatuak arratsaldeko borondatezko lanen greba mugagabera deitu du uztailaren 1etik aurrera.

Osasunbideko sindikatuak

Medikuen sindikatuen protestak ez dira datozen egunetan osasun sektorean eginen dituzten bakarrak. Osasunbideko LAB, SATSE, SAE, UGT, Afapna eta ELA sindikatuek, esate baterako, elkarretaratzea eginen dute bihar 11:00etan, Iruñeko Vianako Printzea kontsultategiaren parean. «Kalitatezko osasun publikoa eta lan baldintza duinak» eskatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE