Duela urtebete jaso zuen Garbiñe Ubeda kazetariak (Ibarra, 1967) Martxelo Otamendiren bizi ibilbidearen kontakizuna egiteko proposamena. Bilera pare bat egin zituzten biografiaren egitura zehazteko. Ibilbide profesionala jasotzea adostu zuten, nahiz eta zaila den bereiztea Otamendiren lanbidea eta izaera. Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza (BERRIA, Elkar eta Jakin-ek argitaratutako Aleka bildumaren barruan) da horren emaitza. Egileak argi eta garbi azaldu du: biografia «baimendua» da. Gaur, 18:30ean, Tolosako (Gipuzkoa) Zerkausian izango dira biografiaren protagonista eta egilea.
Edonork ez du biografia bat merezi. Zer egin du Martxelo Otamendik merezimendu hori izateko?
Milaka aurpegi ditu Martxelok: euskaltzale, zuzendari, zutabegile, telebista eta irratiko kolaboratzaile, analista... 30 urtez izan da aktualitatearen lekuko Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIAren zuzendaritzaren talaiatik. Horretaz gain, beste komunikabide batzuetan, Egin egunkarian, adibidez, idatzi zuen, ETBn ere lan egin du, telebista kritikak egin ditu, 1 Formulari buruz idatzi izan du... Euskalgintzaz ere badu zer kontatua, torturari buruz ere bai...
Harrotasuna Zainetan da liburuaren hitzaurrearen izenburua. Pista bat ematen du, baina nola definituko zenuke Martxelo Otamendi?
Handira jotzen duen pertsona, konplexurik gabea, eta zerbaitetan sinesten duenean, helburu bat duenean, bururaino jotzen duena.
Ezin hobeto doakio, beraz, biografiarako aukeratu duzun izenburua: Handira jotzeko kazetaritza.
Anekdota bat kontatuko dut, irudikatzeko nolakoa den haren izaera: Euskaldun Egunkaria-ren sorrera garaian —1990ean—, Euskal Herrian buru-belarri ari ginela egunkaria sortzeko kanpainan, Martxelo New Yorken zegoen. Eta Manhattanen bertan Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko kanpaina bat antolatu zuen. Orduan pentsa zitekeen anekdota bat besterik ez zela, baina Martxelok bakarrik lor zezakeen hori.
«'Euskaldunon Egunkaria'-ren sorrera garaian, Euskal Herrian buru-belarri ari ginela kanpainan, Martxelo New Yorken zegoen. Eta Manhattanen bertan 'Euskaldunon Egunkaria'-ren aldeko kanpaina bat antolatu zuen»
Martxelo Otamendiren bizitza eta euskarazko prentsarena eskutik helduta doaz. Hori islatzen al duzu liburuan?
Bai, bi alderdiak azaltzen dira. Batetik, euskarazko prentsaren historiaren errepasoa egiten dut. Bueno, historiaren zati bat da, Euskaldunon Egunkaria sortu aurretik ere bazegoelako euskarazko prentsa. Bestetik, eta batez ere, liburuak azaltzen du Martxelo nolako pertsona den. Horrek ikusarazten du noraino dauden lotuta haren izaera eta Euskaldunon Egunkaria-k egin zuen bidea. Martxelo Otamendik koska bat gora eraman zuen euskarazko prentsa. Kontuan hartu behar da Egunkaria-ren hastapenetan politikariek baztertuta zeukatela euskarazko prentsa, baina Martxelo beti aritu zen konplexurik gabe, besteen pare, eta horixe izan da euskarazko prentsari egin dion lehen ekarpena.
Kazetariei ere kutsatu al zien konplexuak baztertzeko joera hori?
Konplexurik gabeko euskarazko kazetaritza egin behar genuela esan izan du beti. Zera esaten zuen: «Baliabide gutxi izango dugu, baina gure hizkuntzarengatik, behintzat, ez dezagun konplexurik izan».
Non hasten da kontakizuna?
Biografiaren abiapuntua nerabezaroa da, Tolosako eskolapioetan ikasten ari zen garaia, orduan hartu baitzuen euskaldun kontzientzia. Gaiak banan-banan landu izan ditugu, eta elkarrizketa moduan idatzita dago.
Martxeloren zein alderdi azaltzen da liburuan? Pertsona, zuzendari, kazetari...
Niri Martxeloren lan ibilbidea eta arlo publikoa interesatzen zaizkit, eta hori islatzen dut liburuan. Erreferentzia pertsonal oso gutxi daude. Haren bizitzaren arlo pertsonala harena da.
Berak kontatutakoaz gain, dokumentazio lanik egin behar izan al duzu?
Ez, egia esan, ez dut arakatzen aritu behar izan. Martxelo aspalditik ezagutzen dut, biok Tolosakoak gara eta. Ezagutu nuenean, herrian pertsonaia garrantzitsua zen jada. Gure inguruko lagunak Laskorain ikastolako kumeak ginen, eta herrian Martxelo eta Kike Amonarriz, esate baterako, erreferente oso indartsuak ziren euskara berreskuratzeko hartu zuten jarrerarengatik.
Martxelo Otamendiren ibilbidea oparoa da, haren etorriaren parekoa. Zenbat elkarrizketa egin dituzue?
Hamar bat bilera luze egin ditugu, eta bakoitzean gai bat jorratu izan dugu: euskaldun kontzientzia noiz eta nola sortu zitzaion, gau eskolan irakasle aritu zen garaia, Galtzaundi elkartea sortu zutenekoa, Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari garaiak, Kataluniarekin duen harremana... Oso naturala eta erosoa izan da prozesua. Hala ere, haren biografia izanik, Martxelori berari eman diot ahotsa.
Ibilbidearen zatirik handiena prentsa idatzian egin zuen arren, telebistarekiko zaletasun berezia izan du beti.
ETBk egindako akordio bati esker, Boiseko telebista publikoan aritu zen hilabete batzuez, eta ETBn ere lan egin izan du. Egia esan, oso ondo doakio telebista. Jendearekin egotea gustatzen zaio, aurpegia emateko arazorik ez du, etorria du... Gatza eta piperra: osagai perfektuak telebistarako.
«Oso ondo doakio telebista. Jendearekin egotea gustatzen zaio, aurpegia emateko arazorik ez du, etorria du... Gatza eta piperra: osagai perfektuak telebistarako»
Galtzaundi euskara taldea eta Arzalluz: Tolosa bazter guztietan ospetsu bihurtu zuen ekitaldia. Zer gertatu zen?
Galtzaundi Forum batean gertatu zen. Pertsonaia nabarmen edo ospetsu bat ekartzen zuten Tolosara, hitzaldi bat ematera. Eta gero afari bat egoten zen, pertsonaia eta kazetariak, eta bertan off the record hitz egiten zuten. Lehen gonbidatua Xabier Arzalluz izan zen.
Hori bai handira jotzea...
Egia esan, oso Martxelo zen Galtzaundi Forum: handira, beti handira! Kontua da egun hartan Arzalluzek euskal herritarren RHari buruzko zerbait esan zuela, eta soka luzea ekarri zuen gerora. Orduz geroztik oso ezagun bihurtu zen Galtzaundi Forum, eta haren oihartzuna Madrilera ere iritsi zen. Forum hartatik pasatu ziren Bernardo Atxaga, Jose Antonio Ardanza, Ramon Jauregi, Iñigo Iruin...
2003an Egunkaria itxi zuten, Martxelo Otamendi eta beste batzuk atxilotu zituzten, eta hark salatu zuen torturak jasan zituela. Hura mugarria izan zen: tortura jasan dutenen ahotsa bihurtu zen nolabait.
Euskal munduan oso ezaguna zen ordurako, baina egia da horrek eman ziola beste proiekzio bat. Batez ere ez zelako isildu. Horretaz gain, ingelesez ere oso ondo moldatzen da, eta horrek ere eragina izan du hemendik kanpo izan duen proiekzioan.
Norberaren bizitza publiko bihurtzea errekonozimendua da, baina aldi berean, esposizio handia ere ekartzen du. Ondo darama kontu hori?
Konplexurik gabeko pertsona bat bada ere, biografiaren kontu honekin meritu gehiegi ematen zaiolako lotsa puntu bat ikusi izan diot.
Martxelo Otamendi lotsatuta?
Maiz aipatu izan du biografia irakurrita ematen duela Egunkaria-n bera bakarrik zegoela, eta hori ez dela horrela. Noski, esan gabe doa Egunkaria-n eta BERRIAn jendetzak egin duela eta egiten duela lan, eta lan oso ona, baina berak ekarpen garrantzitsua egin zuen, eta horretaz hitz egiten dugu liburuan.
Liburuaren amaierako orriak izan ohi dira egileak eskerrak emateko txokoa. Nori eman nahi dizkiozu eskerrak?
Enekoitz Esnaolari, liburuan dauden argazkiak berak aukeratu zituelako. Irene Arraratsi, liburua fintzeko hartutako lanagatik. Baita BERRIAko lantalde osoari ere, haiekin lan egitea plazera delako egunero.