Parisko Dei Auzitegiak atzeratu egin du Josu Urrutikoetxearen kontrako euroaginduaren azterketa, haren osasun egoera dela eta ETAko militante ohia ezin izan baita Frantziako hiriburura joan. Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Urrutikoetxearen kontrako beste euroagindu bat aurkeztu zuen abendu hasieran, eta hura atxilotu eta preso sartzeko eskatu. Bere kasa aurkeztu zen Urrutikoetxea fiskaltzaren aitzinera, eta epaileak kontrol judizialpean aske utzi zuen; funtsean aurrez zegoen egoera berean.
Ikusi gehiago
Pedraz epaileak egindako euroagindu eskaeran, herriko tabernen auziarekin lotuta aurrez egina zuen eskaera bati bide emateko eskatu zuen. Funtsean, uztailean hartutako ebazpenaren kopia bat da ebazpenean agertu zuen arrazoiketa. Ontzat ematen du Urrutikoetxea «ETAko buruzagi gorenetakoa» izan zela, «2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte». Horren frogatzat dauzka atxilotu zutenean aurkitutako dokumentuak, Espainiako Gobernuko ordezkarien eta ETAren arteko elkarrizketetan parte hartu izana, eta ETAren desegitearen agiria irakurri izana.
Urrutikoetxearen abokatuek haren kontrako prozedura bertan behera uzteko eskatu dute, arrazoiturik Espainiak jadaneko beste eskaera bat egina duela gertakari beretan oinarriturik. Horrez gain, Urrutikoetxea distantzian galdekatu eta akusaziopean emateko Pedrazek hartutako iniziatibak baliogabetzeko eskatu dute. «Ez dut inolako dudarik Frantziako epaileek bertan behera utziko dutela. Horrek guziak Pedrazen nahaste eta urduritasun handia erakusten ditu, nire iritziz», adierazi du Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak.Â
Pedraz, haserreÂ
BERRIAk jakin ahal izan duenez, urtarrilaren 14an Urrutikoetxeari galdeketa egitekoa zen Pedraz epailea, baina bilkura ez zen aurreikusi bezala gertatu. ETAko militante historikoarekin haserre, bideokonferentziaren konexioa eteteko eskatu zuen epaileak hasi eta minutu gutxira. Pariseko epaitegian jasota gelditu zen Pedrazen jarrera.Â
Egun hartan 10:00etarako deitua zuten Urrutikoetxea Baionako Auzitegira. Pantailaren beste aldean, Parisko Dei Auzitegian, Pasquet-Marinacce defentsako abokatua eta euroaginduaren prozedura jarraitzen ari den lotura epailea; Madrilen, berriz, Pedraz, Gonzalo Boye defentsako abokatua, biktimen elkarteak, eta bi itzultzaile, frantsesera eta euskarara itzulpenak egiteko. Izan ere, euskaraz deklaratu ahal izatea eskatu zuen Urrutikoetxeak.Â
Pedraz galderak egiten hasi bezain laster, Urrutikoetxeak euskaraz jakinarazi zuen ez zuela erantzuteko asmorik, eta, beraz, ez zuela deklaratuko. Sutan jarri zen Pedraz, eta konexioa mozteko eskatu, defentsako abokatuari prozedurari buruzko zalantzak agertzeko aukerarik utzi gabe.
Salaketa Minuesari
Duela bi aste, mehatxuak salatu zituen Urrutikoetxeak, Espainiako Guardia Zibilaren leloa zeraman eskumuturreko bat eskegi baitzuten haren alaba eta bikotekide ohia bizi diren Angeluko (Lapurdi) etxebizitzan. Gerora jakin zen Cake Minuesa eskuin muturreko probokatzailearen ekintza izan zela, sarean hainbat bideo publikatu baitzituen. Urrutikoetxeak haren kontrako salaketa jarri du Angeluko komisarian.Â