Medikuen berezitasunak aintzat ez hartzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Alberto Martinez Osasun sailburuak salatu du ez dela benetako negoziaziorik eta elkarrizketarik izan osasun publikoko langileen lan baldintzak arautzeko.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. GORKA RUBIO / FOKU
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. GORKA RUBIO / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko otsailaren 11
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak medikuak babestu ditu. Neurri batean bat egin du medikuen kexekin eta eskaerekin, eta haien haserrea ulergarria dela iradoki du. Hego Euskal Herriko eta Espainiako medikuak haserre daude Espainiako Osasun Ministerioarekin, uste dutelako ez dituela aintzat hartu haien lanaren izaera eta berezitasunak estatutu markoaren negoziazioan. Estatutu horrek zehazten eta arautzen ditu osasun sistema publikoetako langileen oinarrizko lan baldintzak.

Espainiako Gobernuak urtarrilaren 26an sinatu zuen estatutu markoa CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak— sindikatuekin. Hitzartutakoa lege aurreproiektua da. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu beharko du aurrena; Senatuak eta Kongresuak, gero. Prozesu horretan estatutu markoa aldatu daiteke. Medikuak akordiotik kanpo geratu ziren. Estatutu propio bat eskatzen dute, beren prestakuntza eta ardura aintzat hartuko dituena.

Bilera telematikoa

Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak bilera telematikoa egin du gaur autonomia erkidegoetako osasun sailburuekin. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Martinezek esan dio estatutu marko berria hitzartzeko prozesuan ez dela benetako parte hartze eraginkorrik eta elkarrizketarik izan sektoreko profesionalekin, «medikuekin batez ere».

Martinezek bat egin du medikuekin: «Testu horrek ez ditu medikuak behar bezala aitortzen, ez funtzioei ez lan baldintzei dagokienez». Estatutuan osasun sistemetako lantalde guztien berezitasunak jaso behar direla uste du: funtzioena, eskumenena eta antolaketarena. «Eta, berariaz, medikuen jardun profesionalari dagokion espezifikotasuna aitortuko duten arau bat, inolako izaera baztertzailerik gabea», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

Koefiziente murriztaileak

Estatutu markoak aldatu eta «konpondu» ez duen neurrietako bat aipatu nahi izan du Martinezek: medikuei ez dizkiete aplikatzen eta ez dizkiete aplikatuko koefiziente murriztaileak, erretiroa aurreratu ahal izateko. Lan neketsuei, arriskutsuei eta osasunaren kalterakoei aplikatzen diete. «Kontuan hartu behar da guardien lanaldiak derrigorrezkoak direla, eta beste kolektibo batzuei aitortu zaizkiela koefiziente murriztaileak», salatu du sailburuak. «Zuribiderik gabeko bidegabekeria da, jakinda medikuek erantzukizun handia dutela eta oso lan neketsua egiten dutela».

Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek astebeteko grebak egingo dituzte datozen hilabeteetan, otsailetik ekainera. Lehena otsailaren 16tik 20ra egingo dute. Martinezek uste du medikuen haserreak islatu egiten duela «haiek entzun gabe eta haien adostasunik gabe egindako erreformak eragiten dien kezka». 

Espainiako Gobernuak negoziatzen ditu osasun sistema publikoetako langileen oinarrizko lan baldintzak, eta Espainiako ganberek onartzen dituzte, baina gero autonomia erkidegoetako gobernuek aplikatu behar dituzte. Batzuetan, hobetu ere bai. 

Neurriak bai, dirurik ez

Martinezek Garciari ohartarazi dio estatutu marko berrian eragin handiko neurriak onartu direla, hala nola guardiei buruzkoak: gehienez hamazazpi ordukoak izango dira, baina zenbait salbuespen egingo dira. Salatu du «eragin handiko» aldaketak onartu dituztela, baina ez dituztela zehaztu zer ondorio ekonomiko izango dituzten. Halaber, adierazi du ez dela aurrekontu gehigarririk onartu, aldaketak aplikatzeko. Osasun sailburuaren iritziz, halako neurriak diru babesik gabe ezartzeak «urratu egiten du erakundeen arteko leialtasunaren printzipioa eta eskumenak aitortzeko printzipioa, eta arriskuan jartzen du autonomia erkidegoetako osasun zerbitzuen jasangarritasun ekonomikoa».

Beste estatutu bat eskatu dio Garciari: autonomia erkidegoetako osasun sistemen egoerak eta antolaketak aintzat hartuko dituena eta medikuen lan baldintza egokiak eta jasangarriak bermatuko dituena. «Horretarako», azaldu du, «lehenbailehen zabaldu behar du kanal bat medikuak ordezkatzen dituzten erakundeekin hitz egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.