Medikuntzako ikasleekin lerratu da EHU, eta hartutako konpromisoak betetzeko eskatu du

2023an eta 2025ean Medikuntzako Graduan 70 ikaspostu gehitzearekin batera hartutako konpromisoak bete daitezela eskatu du, eta babesa helarazi die ikasleei.

EHUko Medikuntza fakultateko ikasle batzuk, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
EHUko Medikuntza fakultateko ikasle batzuk, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 27a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHUko Medikuntza ikasleek atzo egin zuten salaketa: ez zaiela bermatzen ikasketa planean aurreikusitako praktika klinikoak egitea. Mezu hori bere egin dute gaur fakultateko ordezkariek, eta hartutako konpromisoak bete daitezen galdegin du Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Batzarrak, ohar batean.

«Fakultateko Batzarrak eskatzen du 2023an eta 2025ean Medikuntzako Graduan onartutako 70 ikaspostu gehitzearekin lotuta hartutako azpiegitura eta giza baliabideen arloko konpromisoak bete daitezela, kalitatezko prestakuntza klinikoa bermatzeko ezinbestekoak baitira», adierazi dute.

Medikuntzako ikasleei ere babesa erakutsi die, eta, horrez gain, esker ona adierazi nahi izan die Osakidetzako profesionalei, «EHUrekin duten konpromisoarengatik» eta egiten duten ekarpenarengatik, «prestakuntza horren kalitatea neurri handi batean haien dedikazioan eta etengabeko lankidetzan oinarritzen da».

Ikasleen salaketa, baina, praktiken plazetatik haragokoa zen, atzo jakinarazi baitzuten sare pribatuko ikasleei Osakidetzan praktikak egiteko bidea irekitzen ari direla; hain justu, Deustuko Unibertsitateak praktikak Osakidetzako ospitaleetan egiteko «eskaera ofiziala» helarazi ziola Eusko Jaurlaritzari. «Gure etorkizunarekin negoziatzen duten bitartean, abandonatu egin gaituzte, eta ez ikusiarena egiten ari zaizkigu», gaitzetsi zuten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA