Melgosak salatu du «sektore jakin batzuek manipulatu» egin dutela euskal aisialdiaren eta udalekuen eredua

Eusko Jaurlaritzako sailburuak esan du udalekuen inguruko kontrolak «oso zorrotzak» izan direla uda honetan, eta hiru ikuskatzailek ehun ikuskapen inguru egin dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako sailburua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako sailburua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 16a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburu Nerea Melgosak euskal aisialdiaren eta udalekuen eredua defendatu du, eta haren aurka «sektore jakin batzuek manipulazioa» erabili dutela salatu. Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, azken urtean Euskal Udalekuen jardunaren inguruan —eta bereziki iazko irailetik, Bernedoko (Araba) udalekuetan dutxa mistoen afera plazaratu zenetik— sortu den polemika «salbuespena» izan da, eta ez dator bat Euskal Herriko aisialdi ereduaren ohiko jardunarekin.

Melgosaren esanetan, «euskal aisialdi eredua» azpimarratu beharrekoa da, «Europan ere arreta ematen duen eredua da eta». Bide horretan, udalekuen eta aisialdi elkarteen lana goraipatu du, eta aurtengo udan egindako kontrolen emaitza nabarmendu.

Hiru ikuskatzailek hartu dute parte aurtengo ikuskapenetan, eta ehun kontrol inguru egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalekuetan. Sailburuaren arabera, ikuskapenak «oso zorrotzak» izan dira. Gainera, udalekuen antolatzaileei erantzukizuneko adierazpena aurkezteko betebeharra ezarri zaie; aurtengo udan 350 adierazpen inguru aurkeztu dituzte aisialdi erakundeek. Kontrol neurri horiek indartzeko, Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu zuen ekainaren amaieran. Neurriak udalekuen ikuskaritza sendotzea zuen helburu, eta hiru ikuskatzaile plaza sortzea ere aurreikusi zuen.

Melgosak, halaber, kritikatu egin du Bernedoko udalekuen auzian epaitegietako instrukzioak daraman erritmoa. Haren ustez, prozesua «azkarrago» egin beharko litzateke. Hain justu ere, astelehenean Euskal Udalekuetako hamabost kide deklaratzera deitu zituen Gasteizko instrukzio epaitegiak. Dutxa mistoen afera plazaratu zenetik, iazko irailetik, salaketek haien aurkako bi bide zabaldu dituzte: administratiboa eta judiziala. Orain martxan dagoena bide judiziala da, eta herenegun deklaratzera deitu zituzten begiraleak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA