Mertxe Aizpuruak esan du estatutu berriari buruzko negoziazioak «inoiz baino hobeto» doazela

EH Bilduk Espainiako kongresuan duen bozeramaileak zuhurtzia eskatu du, eta bidea «pausoz pauso» egin behar dela defendatu. Lehentasuna Euskal Herrian «akordio sendoa» lortzeak izan behar duela iritzi dio.

Mertxe Aizpurua Espainiako Diputatuen Kongresuan. JUAN CARLOS HIGALDO / EFE
Mertxe Aizpurua Espainiako Diputatuen Kongresuan. JUAN CARLOS HIGALDO / EFE
aitor biain
2025eko maiatzaren 2a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mertxe Aizpuruaren arabera, «inoiz baino hobeto» doaz Gernikako Estatutua berritzeko EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko negoziazioak. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, baina ziurtatu du elkarrizketak bide onetik doazela. Hala ere, zuhurtzia eskatu du, «hori baita gauzak ondo joango diren seinale eta gakoetako bat».

Aizpuruak azpimarratu du bidea pausoz pauso egin behar dela, eta defendatu du Euskal Herrian «akordio sendoa» lortzeak izan behar duela lehentasuna, horrek gero Madrilerako bidea samurtuko duela uste baitu. «Pausoz pauso joateak esan nahi du lehenik gauzak hemen egin behar direla, eta gero etorriko da etorri behar duena. Ahalik eta indartsuen harrapatzen bagaitu, askoz hobea izango da, eta aurrean ditugun oztopoak askoz errazago gaindituko ditugu».

Hori bai, Madrilera «azken momentuan» joan behar dela adierazi du, akordioa lehenik Euskal Herrian egin behar baita: «Gero ikusiko dugu nola eraman». Aitortu du egon badagoela autogobernuari buruzko eztabaida ezerezean gertatzeko arriskua, Pedro Sanchezek agintaldiari eusteko dituen zailtasunak direla eta. Baina espero du estatutu berria legealdi honetan onartzea.

Itzalaldiaren irakasgaiak

Itzalaldiari dagokionez, Espainiako Gobernuaren jarduna defendatu du, uste baitu oro har ondo ari dela aurre egiten krisiari: «Jakin du nola erantzun». Eta nabarmendu du Felix Bolaños Presidentetzarako ministroak une oro eman diela gertatzen ari zenaren eta hartutako erabakien berri. Ikerketei dagokionez, Aizpurua baikorra da eta uste du jakingo dela zer gertatu zen.

Nolanahi ere, iritzi dio energia eredua birplanteatu beharra dagoela, «sektore estrategikoa baita, lehentasunezkoa». Bada, arlo publikoaren parte hartze handiagoa behar dela azpimarratu du. «Gero eta energia berriztagarri gehiago beharko ditugu, industria asko elektrifikatu beharko dira eta halabeharrez. Eta, segur aski, bermea emango diguten sistema gehiago beharko ditugu».

Hain zuzen ere, batzuek energia nuklearrari buruzko eztabaida berriz ere lehen lerroan jarri duten arren, Aizpuruaren ustez, presioak presio, «eztabaida faltsu bat da, eta agortu egingo da». Eta gogorarazi du itzalaldian energia nuklearra ez zela «soluzioaren parte izan». «Energia berreskuratzeko garaian energia nuklearrek ez dute lagundu; aldiz, energia berriztagarriek, bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.