Larunbat gauean, Miarritzen (Lapurdi), 46 urteko gizon bat hilik aurkitu dute karrikan. Etxegabea zen, eta merkatu estaliaren inguruan ibili ohi zen. Sud Ouest egunkariak jaso duenaz, hainbat herritarrek eta merkatarik ezaguna zuten gizona, azken hamar urteetan inguru horietan egona baitzen.
Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak erreakzio mezu bat argitaratu zuen bere Facebook orrialdean, atzo. Doluak, lehenik eta laburki: «Zer tristezia handia gizon horren heriotzaren berri jakitea». Eta kritika segidan, luzeago, herriko etxea ardura oroz gabetuta: «Urtero bezala, hotz handiei aurre egiteko plana aktibatua dugu, zeinak aterpetxea eskaintzen baitie [etxegabeei]. Maluruski, batzuek uko egiten diote, eta karrika nahiago dute».
Izan ere, aurten ere, urtero bezala, negurako urgentziazko aterpetxe lekuak ireki ditu Atherbeak azaroaren 10etik geroztik: 84 dira, lau gunetan banatuak Lapurdiko kostaldean: Angelun, Baionan, Miarritzen eta Hendaian. Urtean zehar berrogei leku dira, Gilles etxekoak, Miarritzen, eta hotzaren garairako leku kopurua doblatu ohi dute. Zehaztekoa da Atherbeako egoitzek arazo anitzi aurre egiten dietela azkenaldian: eguneko zentroak behin berriz hetsiak izan dira egoitzak gehiegi andeatuak eta zikinak direlako; Gilles etxea ere zerraturik zegoen martxotik, bortizkeria kasuengatik eta dirurik aski ez denez langile eskasian direlako eskaerari behar bezala erantzuteko.