PSOEren bueltan ustelkeria kasuak pilatzen ari dira auzitegietan. Hori horrela izanda ere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu nahi izan du, besteak beste, bera buru duen alderdia ez dela legez kanpo finantzatzen, eta ustelkeria ez dagoela administrazioan hedatua. «Ustelkeria orokorreko sentipen bat sorrarazi nahian ari dira, baina ez dago halakorik», adierazi du gaur, Espainiako Kongresuan. PPk eskatu dio dimisioa eman dezala eta hauteskundeetara dei dezala. Sanchezek ez du horretarako asmorik. «Galdera ez da ea jarraituko dugun, baizik eta nola ez dugun bada jarraituko», zehaztu du.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia (2004-2012) inputatu zutenean, duela hilabete pasa, Sanchezek esan zuen azalpenak emango zituela PSOEren inguruko ustelkeria kasuei buruz. Hala egin du. Ordu erdi inguruz aritu da, gorbatarik ez zeramala, harrigarriki. «Gure herrialdean oraindik ustelkeria arrastorik baldin badago, gurea bezalako gobernu batek desagerraraziko ditu, eta ez PPk eta Voxek osatutako batek», adierazi du, PPri gogorarazi nahian bezala 2018an Auzitegi Nazionalak ustelkeriagatik zigortu zuela alderdia bera.
Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko ministro ohiari, 2017 eta 2021 artean PSOEko Antolakuntza idazkaria izandakoari, 24 urteko kartzela zigorra ezarri dio Auzitegi Gorenak, eta handik bi egunera egin du mintzaldia Sanchezek. Moncloak esana du Abalosi egotzitako ustelkeria gaitzesten duela, eta Sanchezek ere hori bera egin du. Bide batez, berriro azpimarratu du berak ez zuela jada zigortuak izan direnen edo ikerketapean daudenen jarreren berri. Oroitarazi du, gainera, Abalos, Koldo Garcia, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia (2021-2025) eta Leire Diez militante ohia alderditik kanporatuak izan direla.
Pedro Sanchezen emazte Begoña Gomez ere epaituko dute, ustelkeriagatik. Haren errugabetasuna defendatu du, baita bere anaia David Sanchezena ere, zeina ustelkeriagatik epaitzen ari baitira, egotzita anaiaren posizioaz baliatu izana lanpostu bat lortzeko. Espainiako presidenteak esan du hori gertatu zenean, duela hamarkada bat inguru, alderdiaren buruzagitzatik kanpo zegoela; are, diputatua ere ez zela.
Ikusi gehiago
Eta Zapateroren auziari dagokionez, presidente ohia defendatu du, harengan konfiantza duela berretsi, baina oraingoan distantzia apur bat ezarri nahi izan du: «Argi mintza gaitezen. Gobernuari gauza bakarra dagokio: argitzea Plus Ultrari emandako maileguan mesede traturik egon ote zen. Eta erantzuna argia da: ez zen halakorik izan. Beraz, ez dadila zalantzan jarri gobernuaren jarrera». Horren guztiaren harira, PPri oroitarazi dio Zapatero presidente izan zen garaian gobernuan ez zela «eskandalu bakar bat ere» izan. «Hamabost urte dira ez duela kargu publikorik. Justiziarekin lankidetzan ari da, errugabe dela adierazi du, eta konfiantza dugu harengan».
EUSKAL ABERTZALEEN GALDERA SANCHEZI: NORANTZ DOA?
PSOEri eta Espainiako Gobernuari eragiten dieten ustelkeria auziei buruz aritu da Pedro Sanchez Diputatuen Kongresuan, eta EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruak galdegin dio ustelkeriaren ezein zantzuren aurrean eskuhartzeko eta«ofentsiba demokratiko, sozial eta plurinazionalari» ekiteko. «Paralisia atzean utzi», esan dio Aizpuruak Sanchezi: «Ekimena hartu berriro eta konpromiso argiak hartu».
EAJko eledun Maribel Vaquerok, berriz, Madrilen dagoen «bandoen politika» gaitzetsi du, eta Espainiako presidenteari galdetu dio norantz eraman nahi duen legealdia.