Bilerak egin eta harremanak josi bai, baina Leire auzian nahasi gabe. EAJk onartu du Espainiako Gobernuko kideekin batzartu izan dela Tubos Reunidosen egoeraz galdetzeko, baina zeharo ukatu du Leire Diaz militante sozialistarekin eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketapean duen sarearekin zerikusia izatea.
EITBren Orain.eus agerkariak alderdiko iturriak aipatuz jakinarazi duenez, EAJk esan du «euskal ekonomiarentzat estrategikotzat» jotzen dituzten konpainiei laguntzeko borondatearen ondorio direla Espainiako Gobernuarekin eta hainbat enpresarekin izandako harremanak, eta nabarmendu kontaktuak «esparru publikoan eta pribatuan» izan zirela, enpleguan eta industria sarean eragin handia duten enpresen egoeraz arduratzeko.
Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboaren txosten batean aipatu zen lehen aldiz EAJren eta Leire auziaren arteko lotura. Agiri horren arabera, Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko buru izandakoak interesa agertu zuen Tubos Reunidos enpresari emandako diru laguntzen inguruan. Hain zuzen, Tubos Reunidosek jasotako 112,9 milioi euroko maileguarekin lotutako komisio baten ordainketa aztertzen ari da Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailea.
EAJren arabera, baina, alderdia «euskal herritarren ongizatearen defentsan» aritu da une oro, «zuzeneko eta zeharkako lanpostu ugari dituzten konpainien egoera gertutik» aztertzeko xedez. Jeltzaleek gogorarazi dute, halaber, beste hainbat enpresari dagozkien gaietan ere inplikatu direla, eta propio aipatu dituzte Talgo, Astilleros Balenciaga, BSH eta CAF. Alderdiak iragarri du «halako kudeaketa lanak egiten» jarraituko duela, beharrezko ikusten duen aldiro.
EAJ Leire auziko sumarioan agertu izanari buruzko azalpenak eskatu ditu PP Alderdi Popularrak, Espainiako Kongresuan. Cuca Gamarra PPko buruzagiak iradoki du jeltzaleek PSOErekin izandako harreman horrek «baldintzatu» dezakeela EAJk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari emaniko babesa.