Mikel Zabalza orbaizetarra (Nafarroa) autobus gidaria zen Donostian atxilotu zutenean, 1985ean. Azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, beste hiru lagunekin batera. Intxaurrondon inkomunikatu zituzten guztiak, Guardia Zibilaren kuartelean. Inkomunikazio gelatik ateratzen joan ziren gainerako hiru kideak, baina Zabalzaren berririk ez zen, harik eta hemeretzi egunera Bidasoa ibaian haren gorpua topatu zuten arte. Torturatu, hil eta desagerrarazi egin zuten, baina egia ofiziala aitortzeko dago. Bada, orain, gertaera horien inguruko erakusketa bat prestatu dute autobus batean, eta Zabalzaren senideen eta herri mugimenduen borroka ere ikusarazi dute; izan ere, ekinean aritu ziren hurrengo urteetan, Zabalzari zer gertatu zitzaion argitu zezatela eskatzeko. Berrogei urte igarota, baina, egia osoa ez da argitu oraindik, eta horixe bera azaleratuko dute bihartik abenduaren 14ra, autobus horrekin Euskal Herria zeharkatuta.
Lehenik, urtero legez, lore eskaintza bat egingo dute Intxaurrondoko kuartelaren atarian. Bihar izango da, 11:30ean, udalak jarritako plakaren aurrean.
16:00etatik aurrera Autobus Biraren erakusketa hasiko da Donostiako Bulebarrean.Â
donostiako EGITARAUA
- Azaroaren 26a. 16:00etatik aurrera Bulebarrean eta Intxaurrondon.Â
- Abenduaren 2a. Arg(h)itzen dokumentala emango dute Altzan, Tomasene kultur etxean, 18:30ean, eta ondoren solasaldia izango da.
- Abenduaren 9a. Mahai ingurua izango da Iñigo Iruin abokatuarekin, Paco Etxeberria auzi medikuarekin eta Mikel Zabalzaren senideekin, 18:30ean, Tomasene kultur etxean.
- Abenduaren 14a. Autobus ibiltariaren biraren amaiera izango da Bulebarrean, 12:30ean.
Horretaz gain, bai EAJk bai EH Bilduk galdera bana egingo diote Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari bihar goizean, Espainiako Kongresuan. EAJko Maribel Vaquerok galdetuko dio ea noiz desklasifikatuko dituen Espainiako Gobernuak Zabalza auziari buruzko dokumentuak. Jon Iñarritu EH Bildukoak galdetuko dio ea Espainiako Gobernuak zer pauso eman asmo duen duela berrogei urte desagerrarazitako Mikel Zabalzaren moduko kasuak argitzeko.