Milaka pertsona atera dira gaur kalera Euskal Herrian, Israel Gazan egiten ari den sarraskia gelditzea eskatzeko. Iruñean «genozidioa amaitzea» eskatu dute, eta gobernuei galdegin diete bertan behera utz ditzatela Israelekin dituzten harremanak. Nafarroako Yalak eta BDZ taldeek deituta, Palestinako bandera handi baten atzetik, Baluarte plazatik abiatu dira, eta Isolatu orain eta Israel hautsi leloa zuten pankartekin osatu dute manifestazioaren ibilbidea. Lidon Soriano Nafarroako Yalako bozeramaileak «basakeriaren, genozidioaren, apartheidaren eta sistema kolonial sionistaren amaiera» eskatu du.
Ikusi gehiago
Donostian Alderdi Ederren egin dute protesta, Gernika Palestina ekinaldiak deituta. Hiru oihal handirekin, ehunka lagun lurrean etzan dira, eta Israelek Gazan hildakoak irudikatu dituzte. Nekane Balluerkak eta Martxelo Otamendik hartu dute hitza, eta sarraskia gelditzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak eskatu dituzte. Baita nazioarteak babesturik giza laguntza eramango duen konboi diplomatiko bat osatzeko ere. Eñaut Elorrietak Gernika kanta abestu du, eta kalera ateratzearen garrantzia azpimarratu. Gernika Palestina ekinaldiak jakinarazi du protestak egiten jarraituko duela.