Alain Eiguren Zubizarreta Sondikako 24 urteko gazteak argi utzi du ez zuela parte hartu futboleko Munduko Txapelketaren finalaren egunean Bilbon izandako istiluetan. Daniel Esteve Desokupa enpresako buruak eta Alberto Gonzalo de Juan —Alberto Pugilato ezizenez ezaguna— militante faxistak Espainiako zale batek jasotako jipoian parte hartzea egotzi zioten. Haiek sare sozialetan argitaratutako bideoetan, ordea, ez zen Eiguren agertzen; eta hanka sartu zutela onartu behar izan dute. Hala ere, «mina eginda dago», sondikatarrak adierazi duenez: horren ondorioz, gorroto mezuak, irainak eta mehatxuak jasan behar izan zituzten gazteak eta haren senideek. Hori dela eta, Esteveren eta Gonzalo de Juanen kontra auzitara jo du Eigurenek.
Bilboko istiluei loturik sare sozialetan zabaldutako bideoetan ez zara agertzen, baina, zure ustez, zergatik jarri zaituzte jopuntuan?
Nik argi daukat: nire profilean ikusiko zuten zer-nolako ideologia daukadan. Cake Minuesaren bideoak partekatu nituen nik Twitter [gaur egun, X] sare sozialean, eta seguruenik [Estevek eta Gonzalo de Juanek] hortik hartuko zuten nire erabiltzaile izena. Athleticen kamiseta jantzita eta Espainiako bandera ipurdian lotuta zeukala agertu zen aipatutako eskuin muturreko ekintzailea, Bilboko Casilda Iturrizar parkean, [han jarri baitzuen PPk finala ikusteko pantaila].
Zure datuak ez ezik, senideenak ere argitaratu zituzten, ezta?
Twitterreko erabiltzaile izena jakinda, erraza zeukaten: lehenik, Instagram sare sozialean bilaketa egin, eta nire izen-abizenak lortu zituzten; ondoren, horiekin Interneten bilaketa egin. Gure aitak familiaren zuhaitz genealogikoa sareratu zuen behin. Hori ere zabaldu zuten sareetan, falangisten profil baten bidez.
Zergatik erabaki zenuen haien kontrako salaketa jartzea eta bide judizialari ekitea?
Beharrezkoa da haien kontrako salaketak aurkeztea, inpunitatez jokatu ez dezaten. Egin zutena legez kontrakoa da, erabat: familiakoon informazio pertsonala zabaldu zuten, bidegabeki; eta, horren ondorioz, gorroto mezuak, irainak eta mehatxuak jasan behar izan ditugu, sare sozialetan ari diren beste faxista batzuen partetik.
Zure ustez, eragina izango dute salaketek?
Auzi honek aurrekari bat ezarri duela esan daiteke, hanka sartu dutela onartu baitute faxista batzuek. Hala ere, ez dute barkamenik eskatu. Eta hori ere ez litzateke nahikoa izango, nire ohore, ongizate, segurtasun eta osotasun fisiko eta mentalaren aurka egin dutelako. Salaketa merezi zuten, eta espero dut auzi honi esker jende gehiago animatzea salaketak jartzera. Seguru egon zigorra jasoko dutela, [Karl] Marxek nahi badu behintzat.
Auzian azkeneraino jotzeko asmoa duzu?
Bai. Faxista horiek hanka sartu dutela aitortu izana ez da nahikoa, inondik inora. Sekulako ezinegona eragin dute nigan eta nire familia eta ingurukoengan; batez ere senideen artean. Sufrimendu hori eragin ostean, ez dute barkamenik merezi. Larrutik ordainduko dute egindako mina, epaileek erabakiko baitute merezi duten zigorra zein den. Pilota epaileen teilatuan dago orain.
Mina eginda dagoela diozu. Zergatik?
Haien mehatxuak, gezurrak, irainak eta faltsukeriak sare sozialetan daude oraindik ere. Are, profil faxista guztietan agertu da nire aurpegia. Hala ere, ez daukat beldurrik. Ez naute kikilduko. Neure burua ondo babestuta ikusten dut, burkide, bizilagun eta autodefentsa sare guztiarengatik. Gainera, abokatu onenen eskuetan nago, eta azkeneraino eramango dut prozesu hau.
Hala ere, zera azpimarratu nahi dut: ez da nire kontrako erasoa izan bakarrik. Militantzia komunista, abertzalea eta antifaxista jarri nahi izan dute jopuntuan, hura kriminalizatzeko. Argi utzi nahi diet: ez dute lortuko.
Herenegungo atxiloketak faxistek sare sozialetan egindako salaketen ondorio direla uste duzu?
Jakina. Sare sozialetan dabiltzan faxista asko Poliziaren lagunak dira. Are, haien isil-mandatariak direla gehituko nuke nik. Ikustea besterik ez dago Desokupak zenbatetan izaten duen Poliziaren laguntza, familia zaurgarri bat etxegabetzera doan bakoitzean. Gainera, diru eta babes handia dute atzean; dakikezunez, kapitalismoa dekadentzian dagoenean, faxismoa erabiltzen baita tresna moduan. Faxismoari erantzun argia eman behar zaio toki guztietan: autodefentsa antifaxista antolatu behar dugu, faxistekin ez baita eztabaidatzen. Aurre egiten zaie.
Sare sozialetan ere gogotsu dabiltza eskuin muturreko erabiltzaileak. Zure ustez, zer egin beharko litzateke?
Kalean bezala, sare sozialetan aurre egin behar zaie faxistei. Ingelesez hide&block hitzekin ezagutzen dena egin behar zaie horrelako profilei: ezkutatu eta blokeatu. Hori da modurik eraginkorrena faxismoa sare sozialetatik desagertzeko.