Mobilizazioaren gainetik, garaian garaiko testuingurua

1977tik 2023ra bitartean, hamasei aldiz egin dira Espainiako Gorteetarako bozak Hego Euskal Herrian, eta parte hartzea %70 izan da batez beste, legebiltzarretarako eta udaletarakoen gainetik. PSOEk bederatzi aldiz irabazi du, eta EAJk lau aldiz.

Herritarrak bozkatzen, 2023ko hauteskundeetan, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Herritarrak bozkatzen, 2023ko hauteskundeetan, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko azaroaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zantzu guztien arabera, parte hartze handiko bozak izango dira gaurkoak, baina zaila izango da 1982ko langa historikoa gainditzea. Politikoki, baina, parte hartze handiak ez du esanahi berezirik, historikoki mobilizazio handiek ez baitute ardatz politiko jakin baten alde jokatu Hego Euskal Herrian.

1977tik, Espainiako Gorteetarako lehen hauteskundeak egin zirenetik, hamasei aldiz deitu dituzte euskal herritarrak Kongresurako eta Senaturako bozetara. Eta hona hemen lehen datu adierazgarria: diputatuak eta senatariak hautatu behar izan diren aldiro, batez besteko parte hartzea %70,3 izan da, gainerako bozen aldean handiena.

Zenbateko aldea dago? Espainiako Barne Ministerioak 1977tik 2016ra arteko bozen inguruan egindako txosten baten arabera, batez besteko parte hartzea Nafarroako Parlamenturako eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetakoa baino hiru puntu eta erdi handiago izan da, aldundietakoa eta udaletakoa baino sei puntu handiagoa, eta Europakoa baino hamazazpi puntu handiagoa. 2016tik hona aldeak zertxobait aldatu badira ere, joera berbera izan da.

Lurraldez lurralde, ñabardura adierazgarri batzuk daude. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, Gipuzkoak izan ohi du mobilizaziorik apalena, baina oso alde txikia dago %67ko parte hartzearen eta Eusko Legebiltzarrerako eta udaletarako %65eko parte hartzearen artean; Bizkaian eta Nafarroan mobilizatzen da jende gehien gorteetarako bozetan: batez beste, %72. Diferentzia da nafarrak gehiago mobilizatzen direla Nafarroako Gobernua eta udalak hautatzeko orduan (%69), bizkaitarren aldean (%65 inguru). Arabak, berriz, Hego Euskal Herriko ildo orokorrari jarraitu ohi dio.

Parte hartze historikoak

  • Lehen bozak. Lehen aldiz deitu zuten hauteskundeetara, eta %78,2 izan zen parte hartzea. 
  • Goia jo zuen. 1981eko estatu kolpearen osteko bozetan, 1982an, %79,7 izan zen parte hartzea.
  • Behea jo zuen. 2000ko martxoan parte hartzea %64,3 izan zen. Euskal Herritarrok taldeak abstenitzera deitu izanak zerikusi zuzena izan zuen.
  • Legez kanporatzeak. M-11ren testuinguruan, 2004ko bozetan parte hartzea %75 izan zen —ezker abertzaleak boto baliogabeen alde egin zuen—. 2008an, abstentzioaren alde egin zuen, eta parte hartzea %65 izan zen, 2000koaren ondotik apalena.

Parte hartzearen indizeak handiak izanagatik, Espainiaren aldean Hego Euskal Herriak parte hartze apalagoak izan ohi ditu 1977tik 2015era. Hauteskundez hauteskunde, garaian garaiko Espainiako joerak eta gorabeherak errepikatu ditu, baina beti koska bat apalago.

2015etik honako ziklo politikoan, ordea, alderantziz gertatu da: Hego Euskal Herriko parte hartzea koska bat gorago mugitu da. Salbuespen bakarra dago: 2023ko bozketa. Teknikoki antzeko parte hartzea izan zen bi eremuetan: %66,6 Espainian, %67,3 Hego Euskal Herrian.

Espainiako Gobernua jokoan dagoenez, hango politikaren dinamikak nagusitu ohi dira hauteskunde kanpainetan. Alderdi abertzaleei zailago zaie Espainiatik datorren mezu eta korronte politikoei aurre egitea, baina aldi berean boto emaileak mobilizatuago dauzkate. Hortaz, ondoriozta liteke parte hartzearen igoerak mesede egiten diela Espainia ardatz duten indarrei.

Ez beti, ordea. Adibidez, 2019an bi aldiz egin ziren bozak, apirilean eta azaroan. Lehenbizikoetan, parte hartzea %73 izan zen, eta, gobernua osatu gabe, bigarrengoan %67ra jaitsi zen. Bietan EAJ nagusitu zen. Lau urte lehenago, gauza bera gertatu zen. 2015eko azaroan, parte hartzea %73 izan zen, eta 2016ko ekainean, berriz, lau puntu apalagoa. Orduko hartan, Podemosek irabazi zuen Hegoaldean, olatuaren aparrean zebilela.

Boto kopuruari soilik erreparatuta, hamasei bozetatik bederatzi PSOEk irabazi ditu Hego Euskal Herrian, lau EAJk —Nafarroan izan dituen koalizioak batuta—, bi Podemosek, eta bakarra PP-UPNk. Nolanahi ere, parte hartze handia nahiz apalagoa izan, Espainian PSOE indartsu egon den garaietan sozialistek irabazi dituzte bozak. Hala, 2008an, parte hartzea %65,7 izan zen, baina inoizko emaitzarik onena lortu zuten: 548.610 boto.

Antzera, Jose Maria Aznarrek gehiengo osoa izan zuen garaian, Euskal Herritarrok alderdiak abstentziora deitu zuen, parte hartzea %64,3 izan zen, eta PP-UPN gailendu ziren Hego Euskal Herrian, 474.000 boto eskuratuta.

Hortaz, parte hartzeak berez ez du joera politiko jakinik adierazten. Garaian garaiko testuinguruak pisu handiagoa izan ohi du Hego Euskal Herriko emaitzetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA