Voxek eta PPk Bilboko San Frantzisko auzoaren «bazterketa» areagotu eta hori baliatuta mezu arrazistak zabaltzen dituztela iritzita, mobilizaziora deitu dute auzo horretako hainbat bizilagun, kolektibo antirrazista eta elkartek. Astelehenean egingo dute, eta horren berri emateko zabaldutako oharrean salatu dute bi alderdi horiek auzoan bizi diren migratzaileen kontrako kanpaina politiko bat abiatu dutela.
Alderdi eskuindar eta ultraeskuindar horiek «neurri arrazistak» sustatzen dituztela ere adierazi dute, hala nola deportazio masiboak, atxilotuen jatorria zehaztea eta Poliziaren kontrola areagotzea. Mobilizazioaren antolatzaileen arabera, ekintza eta mezu horien bidez auzoa «ikuspegi arrazista batean» oinarrituta kokatzen da hedabideetan eta sare sozialetan. Are, ohartarazi dute Interneteko plataforma batzuetan auzoko bizilagun migranteak jopuntuan jartzen dituzten kontuak zabaltzen ari direla, haien aurkako «neurri errepresibo eta diskriminatzaileak legitimatzeko» helburuz.
Auzoan pairatzen den «bazterketa eta pobrezia» ez dute migratzaileek eragin, ordea. Mobilizaziora deitu duten bizilagun, kolektibo eta elkarteek salatu dute auzoaren egoera «arazo estrukturalen ondorio» dela, eta arazo horiek gizarteko talde zaurgarrienei eragiten dietela gehien; migratzaileei, kasurako. Horrez gain, adierazi dute Voxen eta PPren kanpaina politikoak beste interes batzuk ere badituela: «Hauteskunde interesak eta interes ekonomikoak, Abandoko geltokiaren lurperatze proiektuarekin lotutakoak». Eta baita turismoaren eta higiezinen negozioarekin lotutako interesak ere, «migratzaileak kanporatu, errentak igo eta turismoa erakarri ahal izateko».
Bizilagunei deia
Mobilizazioaren antolatzaileak auzoko gainontzeko bizilagunei mintzatu zaizkie prentsa oharrean, eta «alderdi faxisten amuekin kontuz ibiltzeko» esan diete. Hala, nabarmendu dute auzoko «arrazakeria eta pobrezia egoerari» aurre egiteko ezinbestekoa dela «batasunean oinarrituz antolatu eta mobilizatzea», esan baitute Poliziaren presentziak nabarmen areagotu dituela «tentsio soziala eta zatiketa».