Mugimendu Sozialistari txosnak jartzen uzteko eskaerarekin bat egin du Zupiriak

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren irudiko, betoak «ohikoak» izan dira txosnetan hainbat urtez: «Gune horiek batzuenak ziren, ez guztionak». Bada Garaia egitasmoak, ordea, Zupiriari egotzi dio egoera «jai herrikoien oinarrien kontra egiteko» baliatzea.

Bingen Zupiria eta Imanol Pradales, Arkautiko akademiako ekitaldian. IREKIA
Bingen Zupiria eta Imanol Pradales, Arkautiko akademiako ekitaldian. IREKIA
Ion Orzaiz.
2026ko ekainaren 11
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko eta Gasteizko jaietan GKSri txosna jartzeko aukera eman beharko litzaiokeela uste du Bingen Zupiriak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburua bat dator Bada Garaia egitasmoarekin eta Mugimendu Sozialistako eragileei ezarritako «debekua» bukatzea galdegin dutenekin. Onda Vasca irrati katean egin diote elkarrizketa, eta han adierazi du 450etik gora kulturgilek sinatutako eskaerarekin «ados» dagoela: «Ez dut ulertzen 2026an eragile batek beste batzuk baztertu nahi izatea jaiguneetatik. Eta ez dut onartzen beste gazte batzuk txosnagunetik kanporatu nahi izatea zergatik eta udaltzain edo ertzain izateagatik».

Sailburuak esan du egungo egoera ikusita «70eko hamarkada» datorkiola gogora: «Garai hartan, espainolistak eta komunistak herri honen okerrena ziren orduko ezker abertzalearentzat. Bada, berrogei urte geroago, gauza bera da».

Zupiriak gaineratu du gauza bakar batek lotzen dituela GKS eta Ernai, «Ertzaintzari dioten ezinikusiak», eta esan die «desadostasunik izanez gero haien artean konpon ditzatela, gainerakoei eragin gabe, are gutxiago ertzainei eta udaltzainei».

«Instrumentalizazioa»

Bada Garaia ekinaldiak, ordea, «egoeraz baliatzea» egotzi dio Segurtasun sailburuari. «Ez dugu onartuko Bingen Zupiria egoeraz baliatzea jai herrikoien oinarrien kontra egiteko, ezta bere lehia alderdikoietarako ere», adierazi dute kulturgileek. Joan den astean, leporatu zioten Ertzaintzak Global Sumud Flotillako kideei emandako jipoia alboratu eta «arreta desbideratu» nahi izatea.

Gaur ere «denontzako jaiak» nahi dituztela berretsi du Bada Garaia egitasmoak; «haien oinarri herritarra, autogestionatua eta aldarrikatzailea babesten duten eragile guztientzat» izatea nahi dutela, alegia. «Beste batzuei», ordea, zera aurpegiratu diete: «Etengabe jai herrikoien izaeraren aurka jotzea eta, askotan, traba administratiboak bultzatzea».

Egoera «instrumentalizatu» ez dadin, oso garrantzitsutzat daukate «jai herrikoien ereduarekin konprometituta dauden eragile guztiek txosnaguneetan normaltasunez parte hartu ahal izatea». Horiek horrela, Luberrik, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak ere txosnetan egon beharko lukete, Bada Garaia ekinaldiaren arabera.

Loiuko esku hartzea

Loiuko aireportuan (Bizkaia) Global Sumud Flotillako kideen harreran Ertzaintzak izandako jokabideaz ere galdetu diote Zupiriari, Onda Vasca irrati katean. Gogorarazi du abian direla hainbat ikerketa, hala barne mailakoak nola auzibideak, eta baita kereila kriminal bat ere. Hori dela eta, «errugabetasun presuntzioa» errespetatzeko eskatu du.

Sailburuak berretsi du Loiun gertatutakoa «ez zela gertatu behar», baina berdin-berdin banatu du erantzukizuna flotillako kideak jo zituzten ertzainen eta kolpeak hartu zituzten ekintzaileen artean: «Ertzaintzaren ekintza batzuk ez ziren egokiak izan, baina tartean probokazioak ere izan ziren, Ertzaintzaren uniformearen presentzia jasaten ez dutenek eginak».

Azpimarratu du, halaber, ez duela eztabaidatuko polizia ereduaz, eztabaida «bi edo hiru maila igo» eta «elkarbizitza zer oinarriren gainean eraikiko den» adosten ez den bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA