Astebete baino gehiago igaro da Ertzaintza Global Sumud Flotillako kideei oldartu zitzaienetik, Loiuko (Bizkaia) aireportuan. Hala ere, oraindik ez da guztiz isildu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak horren inguruan esandakoek sortutako zalaparta. Oraingo honetan, hainbat artistak abiatutako Bada Garaia taldeak errieta egin dio Zupiriari: Bilboko eta Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistari «betoa kentzea» eskatzeko sortu zuten talde hori, eta, haien ustez, «arreta desbideratzeko» erabili ditu sailburuak. Ertzaintzaren Loiuko oldarraldiaz beste azalpenik eman beharrean, zera adierazi zuen ostiralean Segurtasun Saileko buruak: liskartuta dauden gazte sektore batzuk giroa berotzen ari direla dagoeneko, istiluak eragin eta haien erantzukizuna Ertzaintzari leporatzeko. Hori guztia, Bada Garaiak plazaratutako abestiaren hitzen zati batetik abiatuta.
HONI BURUZ
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran egin zituen adierazpen horiek Zupiriak, joan den ostiralean: hiru egun lehenago Segurtasun sailburuak emandako azalpenak «nahikoa ez», eta Loiuko aireportuko Ertzaintzaren esku hartzea neurrizkoa izan ote zen adierazteko galdetu zion berriro Gorka Ortiz de Ginea EH Bilduko legebiltzarkideak. Zupiriak, ordea, nahiago izan zuen «bizikidetzaz» eta «autoritateari zor zaion errespetuaz» hitz egin.
Are, esan zuen Polizia askoren jomugan dagoela, eta adierazi zuen gazte talde batzuk jada ari direla udari begira haren kontrako akusazioak prestatzen, ezer gertatu aurretik ere. «Gazte batzuek beste gazte batzuekin dituzten liskarrak konpontzeko baliatuko duten aitzakia» gisa erabiliko dituztela salatu zuen.
Taldea herri mugimenduaren aurkako «etengabeko errepresioa justifikatzeko» ere ez erabiltzeko eskatu diote
Hori guztia argudiatzeko, Bada Garaia taldeak maiatzaren 20an aurkeztutako izen bereko abestia erabili zuen Zupiriak. Besteak beste, txakurrak hitza poliziei buruz «mespretxuz» aritzeko erabiltzea egotzi zien kantaren egileei, eta hitz hori esaldi honekin lotu: «Ez zaituztegu nahi hemen gaudenok». Segurtasun sailburuak gehitu zuenez, «ACAB» pintaketa bat erakusten du abestiaren bideoak, hiri bateko murru baten gainean: All Cops Are Bastards esaldiaren akronimoa da; euskaraz, Polizia guztiak sasikumeak dira.
Bestalde, Oskorriren Guretzat abestiaren bertso batzuk berridatzi dituzte kantarako, eta, haien bitartez, «borrokarako deia» egiten dute, Zupiriaren arabera: «Guretzat eguna eta festa gauza bera dira, dena borrokarako gai bihurtzen dugu», esaten dute abestian.
Aitzakiak
Bada Garaia taldea maiatzaren 20an aurkeztu zuten, Bilbon Luberri konpartsari eta Gasteizen GKS Gazte Koordinakunde Sozialistari eta Etxebizitza Sindikatuari «ezartzen zaien debekuaren amaiera» eskatzeko. Besteak beste, Anje Duhalde, Bernardo Atxaga, Josu Zabala, Roberto Moso eta Neomak batu dira taldean horretarako. Hain zuzen, berrogei kulturgilek baino gehiagok parte hartu zuten ekinaldi horri bultzada emateko abestiaren bideoklipa egiteko. Mirua eta Malakias musika taldeek, eta Kiliki eta Maixa musikariek osatu zuten kanta.

Bada, Zupiriaren adierazpenek sortu zuten zalapartaren ondoren, abestiaren sortzaileek bideo baten bidez azaldu dute kantuaren helburua, besterik gabe, «jai eredu herrikoia aldarrikatzea eta betoari irtenbide bat emateko eskatzea» dela. Gainera, sailburuari eskatu diote «horrenbeste artistak babestu duten ekinaldia ez erabiltzeko flotillako kideen aurkako indarkeriari arreta kentzeko eta herri mugimenduaren aurkako etengabeko errepresioa justifikatzeko».