Nafarroak 118 migrante adingabe hartuko ditu urtebetean

Espainiako Gobernuak Kanarietan dauden milaka adingabe erkidegoetara lekualdatzeko dekretua onartu du. Haren arabera, EAEk ez du zertan adingabe gehiago hartu.

Fuerteventurako uhartera eramandako erreskate bateko haur bat laguntza jasotzen. CARLOS DE SAA / EFE
Fuerteventurako uhartera eramandako erreskate bateko haur bat laguntza jasotzen. CARLOS DE SAA / EFE
xabier martin
2025eko abuztuaren 26a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak Kanarietan eta Ceutako hirian aspaldian pilaturik dauden migrante adingabeen banaketa egiteko dekretua onartu du, eta, haren arabera, autonomia erkidegoek adingabe kopuru jakinak hartu beharko dituzte hurrengo hilabeteetan. Banaketa horren arabera, batik bat Kanarietan baldintza oso eskasetan dauden 4.000 adingabeetatik 118 etorriko dira Euskal Herrira.

Dekretuak finkatu du 100.000 biztanleko 32 migrante dagozkiela erkidegoei, baina kontuan hartzen da orain arte erkidego bakoitzak egin duen ahalegina, eta euren zerbitzuak «tentsiopean» dauden ala ez. Bada, Nafarroak 118 adingabe hartuko ditu urtebetean, eta Eusko Jaurlaritzak, aldiz, ez du Kanarietako adingabe gehiago hartu beharko bere harrera zerbitzuetan.

Nafarroako zerbitzuak ere «tentsiopean» daudela onartu du Madrilek, baina Nafarroari 118 adingabe egokitu zaizkio banaketan, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilari Carmen Maeztuk berretsi duenez. Kanarietako haurrak «muturreko egoeran daude aspaldian», azaldu du, «eta ezin da bestela izan»: Nafarroak Espainiako Gobernuarekin kolaboratuko du, nahiz eta bere zerbitzuak tentsionaturik egon. Espainiako Gobernuak hiru milioi euro emango dizkio Nafarroakoari, 118 adingabeak har ditzan, baina diru hori ez da nahikoa izango, Maeztuk ziurtatu duenez, eta jakinarazi du Nafarroak bere dirua erabiliko duela aurrekontua osatzeko.

PPk ez du banaketarik nahi

Horrez gain, Eskubide Sozialen kontseilariak garbi adierazi du PP dela Kanaria uharteetako egoera penagarriaren erantzulea, alderdi horrek gobernatzen baitu erkidego horietan, eta «erkidegoetako gobernuen kolaborazio faltaren» ondorioz sortua baita. «Espainiako Gobernuak derrigorturik ikusi du bere burua erabaki hau hartzera. PPko gobernu horiek ez dute kolaboratu hasieratik, eta denen arazoa da hau».

Horiek horrela, Nafarroak hartuko dituen 118 adingabe horiek ez dira denak batera helduko Euskal Herrira. Faseka antolatu dute banaketa, eta euren zerbitzuetan tentsio gutxi duten erkidegoei egokitutako gazteekin hasiko dira. Hala, Andaluziako erkidegoari egokitu zaio adingabe kopururik handiena: 667. Madrilek antzeko taldea hartu beharko du: 647; eta Valentziak, berriz, 571koa.

EAEk eta Kataluniak ez dute migrante adingaberik hartzeko obligaziorik, baina, hala ere, Salvador Illa (PSC) buru duen Generalitateak iragarri du 31 gazte hartuko dituela.

EAEk eta Kataluniak ez dute migrante adingaberik hartzeko obligaziorik, dekretuak aintzat hartzen baitu orain arte erkidego bakoitzak egindako ahalegina adingabe horiei eginiko harreran. Hala ere, Salvador Illa (PSC) buru duen Generalitateak iragarri du 31 gazte hartuko dituela. Dekretu horrek finkatu du Hego Euskal Herriak ia mila migrante adingabe hartzeko ahalmena duela, 731 Eusko Jaurlaritzako zerbitzuetan eta 223 Nafarroako Gobernuarenetan. 

Obedituko ote den duda

Espainiako politikan migrazioa garrantzi handiko eduki bihurtu du PPk eta hura erkidego gehienetan gobernatzeko modua ematen dion bazkideak, Voxek. Hauteskundeei begira migrazioaren kudeaketa erabakigarria izan daitekeelakoan, PPk erabaki du azken hilabeteetan Kanarietan lehertzear dagoen egoerari irtenbiderik ez ematea eta adingabeen banaketari ezetz esatea. Kanarietan PPren bazkide bat dago gobernatzen, Coalicion Canaria, baina hori ere ez da nahikoa izan muturreko baldintzetan pilatutako milaka adingaberi irteera bat emateko.

Orain, baina, ikusteko dago Pedro Sanchezen gobernuak onartu duen dekretupean banaketa hori gauzatuko den ala ez, gaur arte bide guztiak itxi egin baitituzte PPn eta, bereziki, Madrilgo erkidegoko gobernuan. Dekretuaren arabera, 2.325 migrante adingabe hartzeko ahalmena dute Madrilgo zerbitzuek, baina hango presidente Isabel Diaz Ayusok eskakizun horiei ez obeditzeko deiak egin izan ditu orain baino lehen.

Hain zuzen ere, Madrilgo Gobernuak iragarri du auzitara jo eta Espainiako Gobernuaren dekretuaren aurka egingo duela. Banaketa «berdinzalea» nahi omen du, «gauzak ezkutatzen ez dituena»; Diaz Ayusoren gobernuaren arabera, gardentasunik ez baitago auzi horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.