«Birmigrazioaren gisako aldarri naziak» babestu izana egotzi die Txibitek UPNri eta PPri

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin taldeek salatu dute kazetariei eraso egin zietela eskuinak «Ceutaren alde» Iruñean eginiko protestan. Lehendakaria «Pedro Sanchezi makurtu» zaiola esan du Esparzak (UPN).

Maria Txibite, gaur, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. JESUS DIGES / EFE
Maria Txibite, gaur, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko irailaren 10a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marokotik Ceutara (Espainia) iritsitako milaka migratzaileen auziak eta horrek eragindako krisi politikoak hautsak harrotu ditu Nafarroako Parlamentuan ere. Gaurkoa izan da urte politikoko lehen osoko bilkura, eta legebiltzarkideek eztabaida bero batekin hasi dute ohiko jarduna. Tentsioak goia jo du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eta Javier Esparza UPNko eledunaren arteko eztabaidan.

Txibitek gogora ekarri du eskuinak eta eskuin muturrak «Ceutaren alde» Iruñeko Udaletxe plazan eginiko protestan «aldarri eta mezu naziak» oihukatu zirela, eta pankartan, esate baterako, etorkinen «birmigrazioa» eskatu zutela antolatzaileek: «Birmigrazioa eskuin muturraren aspaldiko eskaera bat da, eta UPNko eta PPko ordezkariak pankarta horren atzean egon zineten, etekin politikoa ateratzeko xedez». Esparzari zuzenean kargu hartu dio lehendakariak: «Hipokrisia hutsa da aldarri naziak dituen pankarta bati eutsi eta biharamunean migratzaileen elkarteekin biltzea. Ez iezaiozu gehiago eutsi atea eskuin muturrari, Esparza jauna, azkenerako eskuin muturrak jan eginen baitzaitu. Bide horrek hutsaltasun politikora eramanen zaituzte ezinbestean».

Eskuin muturrak «Ceutaren alde» eta etorkinen «birmigrazioa» eskatuz Iruñean eginiko protesta, irailaren 2an. JESUS DIGES / EFE
Eskuin muturrak «Ceutaren alde» eta etorkinen «birmigrazioa» eskatuz Iruñean eginiko protesta, irailaren 2an. JESUS DIGES / EFE

Esparzak gogor erantzun dio lehendakariari. Aurpegiratu dio Ceutan gertatutakoaren harira «ezertxo ere ez egitea edo esatea», eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi «makurtu» izana: «Nafarroan ez da inoiz egon zu baino lehendakari otzanagorik. Sanchezen ordezkari hutsa zara; hari kritikarik txikiena ere egin ez, eta Nafarroa PSOEren sukurtsal hutsa balitz bezala erabiltzen duzu».

Ceutako bost haur, Nafarroara

Esparzaren aurretik, Ceutan gertatutakoari buruzko galdera egin du EH Bilduko Javier Arza parlamentariak ere. Esan du erakundeek bi aukera dituztela, «migrazio politikak egitea ala migrazioekin politika egitea», eta Nafarroako Gobernuari galdetu dio bi bide horietatik zein hartuko duen. Arzak gogor kritikatu du UPNren eta PPren jokabidea, «birmigrazioa eskatzen zuen pankartaren atzean» jarri zirela eta irailaren 2ko manifestazioan: «Benetan babesten duzue milaka nafar eta haien seme-alabak kanporatzea, jatorria atzerrian dutelako? Hori da, finean, birmigrazio hitzak esan nahi duena. Eskuin muturraren leloekin bat eginen duzue?».

Azkenik, EH Bilduko eledunak auzitan jarri du Europako Batasunak jokatutako rola ere: «Ukrainako gerra piztu zenean, EBk arazorik gabe egin zien harrera milaka herritarri, baina migrazioaz ari bagara, ihesi datozen pertsonak beren herrialdeetara itzularazi nahi dituzte».

Txibitek bat egin du Arzaren iritziarekin, eta immigrazioaren aurkako diskurtsoak txarretsi. Esan du Nafarroako Gobernua «legearen eta giza eskubideen aldera» lerratuko dela beti, eta iragarri du bost migratzaile adingabe Nafarroara helduko direla aurki, Espainiako eta Ceutako gobernuekin hitzartutakoaren arabera.

Kazetarien aurkako erasoak

Irailaren 2an eskuin muturreko taldeek Iruñeko Udaletxe plazan antolatutako protestari buruz ere hitz egin dute talde parlamentarioek. Geroa Bai taldearen izenean, Pablo Azkona legebiltzarkideak gaitzetsi egin ditu plazan ziren kazetari batzuek salatutako erasoak: «Ongi dago manifestatzea eta protesta egitea, baina adierazpen askatasunaren izenean ezin da halako erasorik onartu. Eskuinak eta ultraeskuinak politikoki baliatu nahi izan dute Ceutan gertatutakoa, eta jokabide horrek ondorioak izan ditu kalean. Talde politikook irmo agertu beharko genuke beti halako oldarraldien aurka, baina, tamalez, oraingoan ez da horrela izan», esan du UPNren, PPren eta Voxen ordezkariei begira. Europako Batasunarekin ere kritiko azaldu da Geroa Baiko ordezkaria: «Ez da beharrezko mailan aritu».

Zurekin Nafarroa koalizioko Guzman Garmendiak ere aipagai izan du Ceutako krisia. Haren esanetan, «eraso hibrido bat» izan zen hura, «Marokok antolatua, baina AEBen eta Israelen babes logistikoarekin egina». Garmendiak gobernu horiei egotzi die «herritarren desesperazioa beren interesen arabera baliatu izana».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA