Euskal Herria argindarrik gabe geratzearekin batera eten ziren zerbitzu publiko nagusiak, eta, Eusko Jaurlaritzaren arabera, itzalaldiak agerian utzi zituen sistemaren «ahulguneak». «Agerian geratu da gizarte aurreratua izan arren oso zaurgarriak garela», esan du Imanol Pradalesek. Izan ere, itzalaldiak erakutsi du argindarrarekiko menpekotasuna erabatekoa dela alor askotan, eta lehendakariak azpimarratu du horri aurre egiteko neurriez hausnartu behar dela: «Gure segurtasuna modu integralean bermatu behar dugu, baita energiaren eta teknologiaren alorrean ere».
Bigarrenez elkartu du Jaurlaritzak LABI larrialdiko babes zibileko mahaia, gaur Gasteizen. Atzoz geroztik martxan du mahai hori, eta egoera berrikusi ondoren erabaki du larrialdia bigarren mailatik lehenbiziko mailara jaistea, dagoeneko lurraldea «normaltasunerako bidean» delako: «Arintze fasea hasi da». Edonola ere, Pradalesek ohartarazi du egoera ez dela guztiz lehengoratu, eta «zuhurtzia» eskatu du.
Lehendakariak nabarmendu du «ordu zailak» izan direla, baina ziurtatu du ez dela kalte pertsonalik egon. Kalte materialak, aldiz, bai. Pradalesek adierazi du kalteak izan direla, baina ez du daturik eman, oraindik informazioa biltzen ari baitira. Hala ere, bereziki industrian jarri du arreta, sektore horrek dituelako oraindik ere zailtasun gehien: «Gaurko eguna zaila izaten ari da industria elektrointentsiboarentzat, prozesu guztiak berriz aktibatu behar izan dituztelako. Eta hori ez da soilik botoi bat sakatzea».
Pradalesek funtsezkotzat jo du itzalaldia zergatik gertatu den ikertzea. Eusko Jaurlaritzak gardentasuna eskatu dio Espainiako Gobernuari, gertaturikoa «oso larria» izan delako: «Oso garrantzitsua da gertatu dena zergatik gertatu den jakitea. Premiazkoa da azterketa integrala egitea, gardentasun osoz, arazoari errotik heltzeko, eta halakorik berriz ez gertatzeko neurriak hartzeko. Gero etorriko da erantzukizuna eskatzeko garaia».
«Oso garrantzitsua da gertatu dena zergatik gertatu den jakitea. Premiazkoa da azterketa integrala egitea, gardentasun osoz, neurriak hartzeko»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Lehendakariak esan du Jaurlaritza une oro aritu dela egoera bere onera itzultzeko lanean, eta ziurtatu du protokoloek eta kontingentzia planek behar bezala funtzionatu dutela. «Autogobernuak ematen dizkigun baliabideak erabili ditugu horretarako, baina hobetu behar dugu. Asko dugu ikasteko», esan du Pradalesek, eta azpimarratu du behin ere ez zutela pentsatu agintea Madrilen esku uztea. Lehendakariak adierazi du, dena den, etengabeko harremana izan duela Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, eta telefonoz hitz egin zuela oposizioko alderdiekin ere, neurrien berri emateko.
Edonola ere, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du egun indarrean dauden protokoloak berrikusteko. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak adierazi du horretan ari direla jada. Duela sei hilabete hasi ziren lan hori egiten, Valentziako denboraleak eragindako krisiaren ostean.
Hain justu ere, ordezko energia sorgailuek krisi garaietan duten garrantzia azpimarratu du goizean Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak. Izan ere, osasungintzan eta telekomunikazio zerbitzuetan ordezko energia sorgailuekin lortu zuten jardunari eustea. Bada, Ubarretxenak iragarri du Jaurlaritzak gasolioaren aparteko erosketa bat egingo duela, sistema horiek berriz hornitzeko.
Nafarroak ere jaitsi du larrialdi maila
Nafarroako Gobernuak ere larrialdia lehenbiziko mailara jaistea erabaki du, lurraldea jada «normaltasunerako bidean» delako; eta zehaztu du Nafarroa gai dela halako egoera bat «baliabide propioekin» kudeatzeko. «Uste dugu, egoera zein den ikusita, aurrera egin dezakegula», erran du. Halere, «egonkortasuna ez da erabatekoa», Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentearen irudiko, eta horregatik dago larrialdiaren lehenbiziko maila indarrean. Are, krisi kabineteak eguneko hirugarren bilera eginen du 19:00etan, egoera nola dagoen aztertzeko.

Goizean egindako lehenbiziko agerraldian, presidenteak erran du aztertzen ari zirela atzoko eguna «administratiboki baliorik gabea» izendatzea zerbitzu batzuek ez zutelako funtzionatu. Eguerdian adierazi du azkenean erabaki dutela atzoko eta gaurko eguna «administratiboki baliogabe» izango dira, «izapide administratiboetan izandako zailtasunengatik eta telekomunikazio arloan izandako arazoengatik».
Argindar hornidura guztiz berreskuratu dute Nafarroako etxeetan eta industrian, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak erran duenez. Lurraldearen erdialdean eta hegoaldean, ordea, arazoak daude telekomunikazio zerbitzuarekin. Txibitek erran duenez, atzo 21:30ean etxeen erdiak argindarrik gabe zeuden, eta lortu zuten 22:20rako etxeen %80k argindarra izatea. Industriari dagokionez, hornidura guztiz berreskuratu dute, baina enpresa guztietako ekipoak martxan jartzean berrekin ahalko zaio jarduerari. «Enpresa batzuek adierazi digutenez, zailtasunak izaten ari dira makinak martxan jartzeko», azaldu du Txibitek. Izan ere, lan hori «prozesu konplexua» da, eta gibelatzen ari da, telefono eta Internet zerbitzuak bertan behera geratu direlako.
Are, Txibitek adierazi duenez, telekomunikazio sareena da arlo guztietan «ezegonkorrena»; izan ere, lurraldeko zenbait eskualdetan sarea oraindik ez dago martxan. Buñuel, Faltzes edo Murchante udalerrietan dago arazo gehien.
Nafarroako Gobernuaren telekomunikazio zerbitzua osorik martxan dela zehaztu du presidenteak. Adierazi du gauean telekomunikazio zerbitzu alternatibo bat erabili zutela: «Osasun zentroei eta zentro soziosanitarioei —zahar etxeei— walkie-talkieak eman zaizkie, 112 telefonoarekin une oro komunikatuta egon daitezen».
Osasun, hezkuntza eta garraio arloetan ohiko jarduna berreskuratze bidean direla nabarmendu du Txibitek. Osasun arloari dagokionez, adierazi du gaua «lasaia» izan dela, ez dela aparteko gorabeherarik egon, eta anbulantziak ere «normal» ibili direla. Lanean ari dira atzo bertan behera utzi ziren hitzorduak berreskuratzeko. Ikastetxeetan ez dute arazorik izan, ez eskola garraioan, ez jantokietako zerbitzuetan.
Garraioan ere apenas dagoen arazorik, Txibitek erran duenez. Renfeko tren batean ez atzera ez aurrera geratu zen atzo bidaiari talde handi bat Tafallan (Nafarroa), eta gaua hango belodromoan eta zenbait hoteletan eman dute. Bidaiari ekin diote dagoeneko.
Agerraldian egindako galderei erantzunez, presidenteak erran du ez zutela hizpide izan larrialdiaren hirugarren mailara pasatzea eta Espainiako Gobernuari esku hartzeko eskatzea. «Nafarroak ez zuen halakorik aztertu, ongi koordinatuta geundelako eta sortu ziren larrialdiei erantzuteko gaitasuna izan genuelako». Are, adierazi du administrazioen arteko koordinazioa «oso ona» izan zela, eta eskerrak eman dizkie guztiei.