Neniques Roldan beti izan da politikoki aktibo eta aktibista, baita Nafarroako Ahal Dugu sortu aurretik ere. «Zenbaitek berehala ateratzen dute aktibista karneta, eta esan ohi dute ez zintuztela ikusten Iruñean astelehenetan egin ohi zen halako elkarretaratzean, edo besteko kontzentrazio hartan. Alta, Iruñetik kanpo herri ugari daude Nafarroan, eta ni nire herrian aritu izan naiz beti». Lodosan, Gurugu bultzatu du, memoria historikoko zein kultura arloko ekitaldiak antolatzen dituen taldea, eta, 2007ko legealdian, ezkerreko udal talde independente batean jardun zuen. 2015ean, Ahal Dugu-ren agerpena eztanda handi bat izan zen Nafarroan, eta, aldaketaren legealdi hartan, komunikazio arloan jardun zuen Roldanek lau urtez. 2021ean, primarioetara aurkeztu zen, eta galdu egin zuen Begoña Alfaroren aurrean.
Azken egunetan mugimendu ugari izan dira Nafarroako Ahal Dugu-n. Begoña Alfaro idazkari nagusiak pauso bat atzera egin du, eta iragarri hurrengo primarioetan ez dela aurkeztuko, Podemosen ildoarekin bat ez duela egiten argudiatuta. Horren aurretik, Espainiako Podemosek apirilaren 11n eta 12an kongresua egin zuen. Ione Belarra idazkari nagusi izendatu zuten, eta Herritarren Kontseilu berrian Nafarroako Ahal Dugu-ko hiru kide egongo dira. Haietako bat da Neniques Roldan, eta BERRIAri azken mugimenduak azaldu dizkio, Lodosako La Peña kasinoan.
Ione Belarraz gain, hiru nafar izango zarete Podemoseko Herritarren Kontseiluan. Zer esan nahi du horrek?
Ni landa eremuko lantaldean ariko naiz, Gracia Moreno osasungintzan eta migrazioan, eta Pablo Anton mugimendu sozialen arloan. Mugimenduok antolamenduarekin dute zerikusia. Aurreko bi zuzendaritzetan, idazkaritzen arabera antolatzen zen alderdia. Ondorioz, eremu zabalegia geratzen zen pertsona baten esku. Orain, eremuka antolatu dugu, eta, horri esker, lankidetza handitu dezakezu. Sare bat denez, ez dago nukleo bakar bat, eta lurralde guztietan hedatzen da. Adibidez, etxebizitzaren arloan lege bat dugu Nafarroan, baina ez gaude estatuan dituzten arazoetatik libre. AEBetako funts putreek zergatik dituzte 4.000 etxebizitza baino gehiago? Arazo horrek ez dio soilik Nafarroari eragiten, eta Podemosek lan esparru horretan mekanismoak eman ditzake estrategiak garatzeko. Erosoago da, zeure kabuz gauzak asmatzen ibili beharrean.
Nola dago orain Nafarroako Ahal Dugu?
Nire ustez, alderdiak militanteak dira, eta Ahal Dugu militantziak eraiki du. Azkenaldian, apur bat argaldu egin da. Ez dute elikatu. Ematen du ez genuela kohesiorik. Ahal Dugu-k akordioa egin du Zurekin Nafarroarekin, eta uste dut ezkerrak batuta joan behar duela eskuinaren fronteari aurre egiteko. Hala ere, Europako Parlamentuko 2024ko bozetan ezkerrak ez ginen elkarrekin aurkeztu, eta Nafarroako Ahal Dugu-ko militanteok atera behar izan genuen aldarrikatzera Ahal Dugu ginela. «Hemen gaude, eta ez badiguzue pasatzen baloia, guk hartuko dugu baloia», esan genuen.
Begoña Alfarok esan du ez dela berriz aurkeztuko. Esan du Podemosen batzarraren aurretik ez zuela iragarri nahi izan, egoera ez nahasteko.
Dena batera gertatu da. Apirilaren 30ean bidali zuen oharra, eta bezperan Iruñeko egoitza eskatu nuen, Podemosen onartuak izan garen kideak militantziari aurkezteko. Berak esaten du zaratatik ihes egin nahi duela, baina Madrilen ez dago zaratarik orain. Podemos orain beste fase batean dago: behetik gorantz dator, Podemos ezkerreko babestokia dela uste duen jendea biltzen. Ez genuen zaratarik, eta honek, hain zuzen ere, zarata eragin du.
«Alfarok esaten du zaratatik ihes egin nahi duela, baina Madrilen ez dago zaratarik. Podemos beste fase batean dago»
Alfarok argudiatu du ez datorrela bat alderdiaren ildoarekin. Zer iruditu zaizu?
Bakoitzak bere ikuspegia du. Esan du badoala, baina, era berean, esan du Ahal Dugu-ko militante izango dela aurrerantzean ere. Pozten nau ikusteak haren irteera lasaia izango dela. Lidergo aldaketak ez dira beti lasaiak izan, eta ongi iruditzen zait uztea eroso ez badago eta Ahal Dugu-koa izaten jarraitzen badu.
Maiatzaren 3an, esan zenuen Ahal Dugu-ko hurrengo zuzendaritza hobeto koordinatu behar zela Podemosekin. Talkarik egon al da bien artean?
Podemosek esan beharko du hori, zer harreman izan duen. Ni orain Podemos berri honetako zuzendaritzan nago, eta ez dakit ongi zer erlazio izan den.
Podemosek mezurik helarazi dizu?
Ez, ez. Gainera, etengabe galdetzen diet noiz izango diren hemengo primarioak. Imajinatzen dut berehala egingo ditugula. Koordinaziorik egon ote den? Ulertzen dut zerbait egongo zela. Adibidez, koordinazioa egon zen Lily Vestringe Podemoseko Antolamendu idazkariak Zurekin Nafarroako koalizio akordioa sinatu zuenean.

Dena den, deigarria izan zen elkarrizketa batean Europako Parlamentuko 2024ko kanpainan Begoña Alfarori galdetu zitzaiola nori emango zion botoa, eta hark ez zuela argitu Podemosi emango ote zion.
Makinaria ez zegoen aktibo, ez. Errealitatea hori da.
Nafarroako Ahal Dugu-ko azken bi idazkari nagusiek, Eduardo Santosek eta Begoña Alfarok, alderdia eraiki eta antolamendua sendotu beharra azpimarratu zuten kargua hartzean. Gero gai izan al dira agindu hori betetzeko?
Errealitatea burugogorra da. 2021eko primarioetan, Begoñak lelo bat zuen kanpainan: Berrabiatu. Orduan, zazpi-zortzi zirkulu zeuden aktibo, eta orain, Podemoseko kongresuari begirako ekarpenak aurkezteko orduan, bi baino ez. Lizarrako gure taldeak bere ekarpenak aurkeztu ditu, eta Berriobeitin ere berena aurkeztu dute. Ez da besterik aurkeztu. Ez dakit zergatik den: ez daudelako aktibo, ez direlako iritsi...
Zurekin Nafarroaren bazkide izateak ez du galarazten alderdi barruko lan hori?
Ez, batere. Batzarrek bere lana egiten dute. Nafarroako Ezker Batuak, zer esanik ez.
Dena den, zuk ezagutzen dituzun militanteek alderdia sendotu ez den sentipen hori dute?
Ez da beharrezkoa nik hori esatea. Datuak hor dituzu.
Aurreko bi idazkari nagusiak kontseilariak izan dira. Zaila da gobernuko kide izanda alderdiaren beharrei erantzutea?
Bai, oso argi. Esan dezakete Podemosen izan eta alderdiko kargua izan dutela. Ez dakit nik zer gaitasun eta baliabide dituzten Podemosen edo zenbat aholkulari dituzten. Baina alderdi bat zaintzeko, sendotzeko, hari dedikatu behar diozu zure esfortzua. Parlamentutik ere egin daiteke, baina gobernu bat partekatu behar duzu, eta gutxiengoan zaude. Zaindu behar duzu gobernua, eta ez duzu indarrik planto egiteko.
Adibidez?
Demagun: Erorien Monumentua. Kontra bazaude, Zurekin Nafarroak hiru parlamentari ditu. Guk hiru parlamentari ditugu: orduan, ez onartu Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko prozesu hori elikatuko duen aurrekonturik. Oso sinplea da. Konplikatua da horri aurre egitea gobernu barruan. EH Bilduk egin zezakeen hori, ez baitago gobernuan. Ez dut ulertu ere zergatik egin duen akordioa, ezta zergatik egin duen Geroa Baik ere.
Aipatu zenuen Zurekin-en barnean Ahal Dugu-k ordezkaritza handiagoa izan beharko lukeela.
Ez dut esaten ordezkaritza handiagoa izan behar lukeela. Esan nuen hori erreklamatzen dugula. Aurreko antolamendu idazkari Lily Vestringek eta Pablo Fernandezek sinatu zuten alderdien arteko koalizio akordioa, eta Ahal Dugu-k ordezkaritza bat zuen bertan. «Berriro ere botere kuotekin zatoz», esango dute, baina emadazu kuotez gaindi ba ote den beste daturik. %57ko ordezkaritza zuen, eta hori lortzeko helburua jarri behar du.
«Podemosek oso argi du bere estrategia: alderdi sendo bat egin eta, hauteskundeak iristen direnean, aliantza egin»
Sumarreko indarrak Zurekin Nafarroan daude, eta uste duzu etorkizunean hura alderdi bihurtzea nahiko dutela?
Podemosek oso argi du zein duen estrategia eta zer lan egin behar duen: alderdi sendo bat egin eta, hauteskundeak iristen direnean, aliantza egin naturalki ezkerreko koalizioan bat egin nahi dutenekin. Kito. Ikusiko dugu zer dagoen bi urte barru eta norekin egin behar den aliantza.
Primarioak datoz. Aurkeztuko zara?
Denek gauza bera galdetzen didazue. Mugimendu hauek ikusita, aurkezteko eskatzen dit jende askok. Ez dut lider miragarrietan sinesten. Unea iristen denean, jendeak ikusiko du zer lidergo aurkezten diren eta zer proposatzen duten.
Podemosekin koordinazioan ibili behar al da Ahal Dugu?
Bai, horrela izan behar du. Ezin dugu gurpila asmatu. Ezin dugu Nafarroan soilik hegemonikoa izango den alderdia sortu. Legitimoa da, ez dugu hori galaraziko, baina Podemosen izaera federalagoa da, betiere lurralde bakoitzak egiten duena errespetatzen duena. Elkarrekin Podemosek zerga itun bat hitzartu du EAJrekin, eta ez dut uste eskatu dionik Podemosi baimenik. Bozkatu egin du, baina bertako sei ordezkari Podemoseko kontseilari ere badira.