Nafarroako Ahal Dugu-k eztabaida hasiko du hauteskundeetan zer egin erabakitzeko

Neniques Roldan koordinatzaile nagusiak azaldu du militantziak izango duela ahotsa, «ez aurrekoan bezala». Tafallan hasiko dute eztabaida, bihar.

Neniques Roldan, iragan abenduaren 20an Iruñeko Gazteluko plazan egindako ekitaldi baten hasieran. VILLAR LOPEZ / EFE
Neniques Roldan, iragan abenduaren 20an Iruñeko Gazteluko plazan egindako ekitaldi baten hasieran. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2026ko urtarrilaren 29a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Ahal Dugu-k hurrengo egunetan eztabaida prozesua hasiko du. Datorren urteko foru hauteskundeetan bateratuta aurkeztea aztertuko du militanteekin, Nafarroako hainbat udalerritan. Alderdiaren arabera, eztabaida irekia izango da, eta parte hartzera deitu ditu militanteak eta boto emaileak. Zehazki galdera hau egingo die: «Zer bide hartu nahi dugu hurrengo udal eta foru hauteskundeetan?»

Lehen bilera bihar egingo dute, Tafallako kultur etxean, 18:00etan. Bateratzeak eztabaida irekian lelopean, hauteskundeei begira jarriko dira alderdiko kideak, eta «proiektu politikoa, bozetako estrategia eta aliantza posibleak» izango dituzte hizpide.

Roldanen kritika 

Neniques Roldan koordinatzailearen arabera, «militanteek izango dute ahotsa, ez aurrekoan bezala». Aurreko legealdian, Zurekin Nafarroa koalizioarekin aurkeztu zen alderdia, eta aliantza akordio horri buruz aurreko zuzendaritzak militanteei ez kontsultatu izana kritikatu du Roldanek, eta gogora ekarri du oraingo zuzendaritzak konpromiso hori hartu zuela.

Alderdiaren arabera, koalizioaren edukiari erreparatu nahi diote. «Bateratuta joatea ez da soilik siglak elkartzea, baizik eta ikustea zer proiektu defenditzen dugun eta gure ahotsa erakundeetan entzutea». Haren ustez, koalizioa osatzen duten alderdiak ezin dira ikusezin bihurtu: «Ezkerreko indarren arteko lankidetza elkarrenganako begirunez egin behar da, eta bertako kideen printzipioak aitortuz». 

Roldanek aurreratu du eztabaida prozesu horretan «gogoeta partekatu» nahi dutela, aldez aurretik erabakirik hartu gabe: «Bertan, militanteek bere iritzia plazaratu dezakete, eta ekarpena egin, guztion artean alderdiaren ildoa zehazteko». Tafallakoaz gain, antzeko bilkurak egingo dituzte beste herri batzuetan, baina ez dute oraingoz zehaztu non. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.