Iragan azaroan, 14 urteko neska baten gurasoak atxilotu zituen Poliziak Nafarroan. Leporatu zien alaba Lleidako (Katalunia) beste familia bati saltzea eta haien 21 urteko semearekin ezkontzera behartzea. Orduko hartan, Tuterako 1. Instrukzio Epaitegiak (Nafarroa) erabaki zuen kasua behin-behinean artxibatzea, adingabeak esan zuelako «bere borondatez» joan zela Lleidara mutilarekin eta haren gurasoekin. Orain, Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak erabaki du ikerketa berriz zabaltzea, fiskaltzak jarritako helegiteari men eginez. Uste du auzia «azkarregi» artxibatu zuela Tuterako epaitegiak.
Poliziaren ikerketaren arabera, gertakariak iazko urtarrilean izan ziren, Nafarroako Erriberako herri batean. Adingabearen gurasoek —gizon batek eta emakume batek— alaba saldu zioten Lleidako familia bati, haien semearekin ezkon zedin. Trukean, neskatoaren gurasoek 5.000 euro, bost whiski botila eta oinarrizko elikagai batzuk jaso zituzten, Poliziaren arabera. Horiek horrela, gurasoek Kataluniara eraman zuten alaba, eta hango familiarekin utzi.
Ikusi gehiago
Alta, epaiketa hartan, adingabeak adierazi zuen Lleidan «bere borondatez» zegoela, eta adierazpen horri heldu zion epaileak, kasua behin-behinean artxibatzeko. Nafarroako Auzitegiarentzat, ordea, biktimaren autopertzepzioa ez da nahikoa ebazteko delitu bat gertatu den ala ez: «Areto honen irudiko, 14 urteko adingabe batek bere burua biktimatzat ez hartzeak ez du esan nahi hala ez denik. Biktimaren Estatutuaren arabera, biktimei eman beharreko babesa eta sostengua ez dira hark prozesu judizialean hartzen duen jarreraren araberakoak».
Delitu zantzuak
Nafarroako Auzitegiko epaileak uste du «zantzuak daudela» uste izateko adingabea «eskale aritzera eta delituak egitera behartu» zutela Lleidan. Are: Poliziak epaiketan azaldu zuenez, neska eskolatu gabe zegoen, eta limosna eskatzera behartzen zuten. Lleidako gizarte zerbitzuek aurkeztutako salaketa bati esker abiatu zuen ikerketa Guardia Zibilak; horri esker identifikatu zituzten ustez inplikatutakoak, eta biktima topatzea lortu zuten. Urrian aurkitu zuten adingabea, Les Borges Blanques herrian, eta babes zentro batera eraman zuten.
Mossos d'Esquadraren txostenean jasotako argazkiak ere aintzat hartu ditu epaileak, auzia berriz zabaltzeko: «Lekuko batek emandako argazki horietan, adingabea, haren ustezko senarra eta mutilaren gurasoak azaltzen dira, ezkontza ospakizunetan». Froga horien guztien argitara, epaileak uste du arriskua «agerikoa» dela, eta adingabeak «tutoretza eta babes bereziak» behar dituela, «giza salerosketa eta mehatxu delituak egin izanaren zantzuak» antzeman baititu.
Horiek horrela, hiru eginbide zehaztu ditu: batetik, deklarazioa hartzea familiaren argazkiak eta bestelako informazioa eman zituen lekukoari —adingabearen familiaren mehatxupean dagoela dio epaileak—; bigarrenik, Lleidako Mossos d'esquadrari eskatzea txosten bat presta dezala adingabea ustez erosi zuen familiari buruz, «argitzeko ea delitu jardueretan parte hartu ote duten edo horren berririk duten»; eta azkenik, neskaren familiari buruzko txosten bat eskatzea Corellako gizarte zerbitzuei (Nafarroa), «adingabearen familia giroaren, egoera sozialaren eta eskolatzearen berri izateko».