Auzitara eramango dituzte ustez 14 urteko alaba ezkontzeko saldu zuten gurasoak, Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak gaur jakinarazi duenez. Salerosketa kasu horretako epailearen arabera, «nahikoa ebidentzia» daude ikerketapeko bost pertsonak epaitzeko: gurasoei egozten die alaba Lleidako (Katalunia) beste familia bati saltzea «5.000 euro, bost whiski botila eta oinarrizko elikagai batzuen truke»; eta ustez neskatoa erosi zuen familiari, berriz, adingabea «eskale aritzera eta delituak egitera» behartzea.
Auzia iazko azaroan atera zen argitara, Poliziak orduan atxilotu baitzituen neskatoaren gurasoak, Nafarroan, alaba beste familia bati saltzea eta haien semearekin ezkontzera behartzea leporatuta. Halere, Poliziaren ikerketaren arabera, gertakariak iazko urtarrilean izan ziren, Nafarroako Erriberako herri batean. Tuterako (Nafarroa) 1. Instrukzioko Epaitegiak hartu zuen kasua, eta, adingabearen testigantza jaso ondoren, behin-behinean artxibatzea erabaki zuen, argudiatuta adingabeak esan zuela Lleidan bere borondatez zegoela.
Urtarrilean, ordea, Nafarroako Auzitegiak berriro zabaldu zuen ikerketa, fiskaltzak jarritako helegiteari jaramon eginez. Izan ere, auzitegi horrek uste du 14 urteko adingabe baten autopertzepzioa ez dela nahikoa ebazteko delitu bat gertatu den edo ez; besteak beste, «pertsonen salerosketa» delitua leporatzen diete bost auzipetuei. Auzia ebatzi artean, baldintzapean aske utzi dituzte.
Gertakariak
Poliziaren ikerketan jasota dagoenez, Corellako (Nafarroa) Poliziak iazko abuztuan identifikatu eta atzeman zuen aurrenekoz neskatoaren aita. Hark kontatu zien alaba 5.000 euroren truke saldu ziotela Lleidako familia bati; beste lekuko baten arabera, hasierako eskaintza 10.000 eurokoa zen, baina azkenean prezioa erdira jaitsita eta bost whiski botila eta oinarrizko elikagai batzuk gehituta egin zuten tratua. Epaileak gaur esan duenez, ebidentzia gisa ikertzen ari dira adingabearen amak sare sozialetan igotako bideoak ere, zeintzuetan argi ikus daitekeen alabak ustezko ezkongaiari baiezkoa ematen dion unea, eta gerora, horren trukean jasotako diru saldoa. Bestalde, nerabea eskolatu gabe zegoen.
Horrez gain, auzia ikertzen ari den epaileak jakinarazi du neskatoa «eskale lanetan» aritu dela gutxienez bi alditan, Lleida inguruko herrixketan. Hain justu, herrixka horietako batean, Les Borges Blanquesen, aurkitu zuten iazko urrian, eta babes zentro batera eraman zuten.