Nafarroako Gobernuak iazko azaroan eman zuen Arroizko biogas instalazioa eraikitzeko baimena, eta 4.252 pertsonak eta elkartek gora jotzeko errekurtsoa jarri diote dagoeneko, Stop Biogas plataformaren ekimenez. Sustrai Erakuntza fundazioak beste horrenbeste egitea erabaki du, uste baitu «arrazoi ugari» daudela biometanizazio proiektuaren aurka egiteko. Haien artean, «ingurumen inpaktu negatiboak» eta «administrazio tramiteei buruzko zalantzak» aipatu dituzte.
Erlazionatuta
Tramitazioari dagokionez, Sustrai Erakuntzak azaldu du baimena 2025eko azaroaren 12an eman zutela, Nafarroan biometanizazio instalazioen gaineko luzamendu bat onartu eta gutxira. Luzamendua azaroaren 7an onartu zuen foru gobernuak, eta azaroaren 13an sartu zen indarrean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Hain zuzen, plantaren baimena onartu eta hurrengo egunean, nabarmendu dutenez. Fundazioaren ustez, horrek adierazten du «ziur aski presaka» baimendu zela, «luzamendua hasi aurretik onartuta egon zedin».
Hala ere, 2026ko martxoaren 6ra arte baimen hori ez zen argitaratu Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Egun horretan bertan, baimenaren «akats zuzenketa bat» ere plazaratu zuten, Sustrai Erakuntzakoen iritziz, «onarpen azkar horretan sortu diren arazoak saihesteko». Izan ere, ohartarazi dutenez, zuzenketa horiek «nabarmen aldatzen dituzte planta eta haren funtzionamendua».
4.252 pertsonak eta elkartek helegitea jarri diote dagoeneko Arroizko biogas instalazioari, Stop Biogas plataformaren ekimenez
Horiek horrela, tramitazioan «lege iruzurra» gertatu dela salatu dute biogas instalazioaren kontrakoek, «gizarteak proiektua behar bezala aztertzea, eztabaidatzea eta aurrera eramateko aukera izatea eragozten saiatu baitira», haien ustez.
Gardentasun falta
Sustrai Erakuntzak egin dituen kritika nagusietako bat zera da, herritarrei ez zitzaiela informazio nahikorik eman biogas instalazioa baimentzeko espedientearen tramitazio prozesuan. Adierazi dutenez, AGR Biogas enpresaren proiektua «ia ezezaguna» izan zen herritarrentzat tramitazioaren parte handi batean, «nahiz eta Arroizko Udalak horren berri izan».
Ildo berean, Nafarroako Gobernuak proiektua «zatika» aurkeztu izana gaitzetsi du Sustrai Erakuntzak. Biogas plantaren aurkakoen hitzetan, «horren zati garrantzitsu batzuk ez ziren jendaurrean aurkeztu, eta onartu arte ezin izan da jakin haien berri». Besteak beste, biometanizazio prozesutik eratorritako hondakinak kudeatzeko planaren falta sumatu zuten; digestatoen kudeaketa plana, alegia. Haien ustez, «guztiz beharrezkoa» da, proiektuaren ingurumen bateragarritasuna aztertu ahal izateko, nekazaritzarako ongarri moduan erabiltzen diren hondakin horiek kutsadura arazoak eragin ditzaketelako.
Bada, onartu ostean, «akats esanguratsuak» antzeman dituztela ziurtatu dute fundaziokoek. Haien hitzetan, hiriguneetatik edo ur ibilguetatik gertu dauden partzela batzuk agertzen dira, zeinetan jarduera hori debekatuta baitago, eta laborantzarako erabiltzen ez diren lursail batzuk, gehiegizko maldak dituztenak, lurzati bikoiztuak eta partzela irisgaitzak ere bai.
«Susmopeko tramitazio bat da, zeinaren hasierako baimena azkar eta korrika onartu baitzen, biometanizazio instalazioen luzamenduan eraginik izan ez zezan»
SUSTRAI ERAKUNTZA FUNDAZIOA
Horiek horrela, Sustrai Erakuntzak uste du «akats pilaketa hori» nahikoa dela «plana baliogabetzeko». Izan ere, biogas instalazioaren kontrakoek egindako kalkuluen arabera, 2.600 hektarea lur izan beharrean 1.600 hektarea pasatxo izango dira okerreko partzelak kenduz gero. Hektarea kopuru hori «ez da inolaz ere nahikoa» aurreikusitako jarduerarako, haien iritziz.
Nekazaritzarako eremua eta bideragarritasuna
Era berean, jakinarazi dute jabetza partikularreko 647 hektarea eta herri jabetzako 1.316 hektarea kendu direla enpresaren planetik, eta horrek «zalantzan» jarriko lukeela egindako digestato plana. Horrez gain, nekazaritzako lurzorurako, biodibertsitaterako eta baliabide hidrikoetarako arriskuez ohartarazi dute, horiek baitira Lizarraldeko ingurunearen funtsezko elementuak.
Eztabaida sortzen duen beste gai bat ere bada: instalazioaren funtzionamendurako urtean behar diren 140.000 tona hondakinen jatorriari buruzko zehaztasun falta. Horri buruz, Sustrai Erakuntzak ohartarazi du distantzia luzeko hondakinen garraioak emisio kutsagarriak areagotu ditzakeela, eta zalantzan jarri proiektuak ingurumenean izan dezakeen onura.