Hamasei urteren ondoren, Nafarroako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Legearen proiektua onartuko du. Batik bat ETAren biktimei zuzendutako lege horrek 2010ean aitortutako eskubideak zabalduko ditu. Besteak beste, atentatuaren eraginetarako osasun arta eta arreta psikologikoa sendotuko ditu, eta babes neurriak hobetuko, egoera kalteberan daudenen etxebizitza, lan, hezkuntza edota kultura beharrak betetzeko asmoz.Â
Gaur gobernu kontseiluan onartu da lege egitasmoa, eta, horren ondotik, Nafarroako Parlamentuan bere bidea egin beharko du. Lege hori aurrera ateratzeko konpromiso hori hitzartu zuten akordio programatikoan PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Ana Olloren Bizikidetza Departamentua arduratu da lege proiektuaren edukia lantzeaz. Otsailean ireki zen partaidetza prozesua, eta bertan parte hartu dute Covite, Anvite eta AVT elkarteek. Proposamenetako batzuk onartu egin dira.
2010eko legea aitzindaria izan zen, Espainiako Gobernuak lege propioa onartu baino urtebete lehenago atera baitzen aurrera. Polemika piztu zuen, Batzarrek ez baitzuen bat egin bozketan Nafarroa Bai koalizioko gainerako bazkideekin.Â
Espainiako Gobernuak biktima horiei aitortzen dizkien kalte ordainen osagarria onartzen du gaur egungo legeak, eta proposamenak lau urteko epea emango die hortik kanpo geratu zirenei laguntza gehigarri hori eskatzeko aukera izan dezaten berriz. Halaber, etorkizunean atentaturik bada, horien biktimak ere artatuko ditu. Ollok azaldu duenez, erreparazio ekonomikoa «atal bat besterik ez da», eta legeak ikuspegi integrala izatea nahi dute. Azken urteetan hezkuntza arloan egin diren egitasmoak jasoko ditu legeak, eta biktima elkarteen lankidetza sustatu.
Laurehun kide
2010eko legea ETAren biktimei zuzendurik zegoen erabat, nahiz eta bertan aipatzen ziren GALen eta Batallon Vasco Españolen biktimak ere. Kolektibo horretan laurehun pertsona inguru daude. Hildakoez gain, legearen barruan sartzen dira zaurituak, bahituak, kalte fisiko eta psikologikoa sufritu dutenak eta kalte materialak izan dituztenak.
Oraingo proiektuaren arabera, «ekintza terroristaren biktimak» izango ditu helburu: «Hau da, ordena konstituzionala iraultzea edo bake publikoa larriki asaldatzea helburu duten ekintzen biktimak». Horretarako, biktimek edo haien senideek Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunek emandako administrazio ebazpen irmoak aurkeztu beharko dituzte.Â
Ollok nabarmendu duenez, etorkizunari zentzu bikoitzean begiratuko dio lege egitasmoak. «Alde batetik, lan egingo dugu belaunaldi berriekin gertatutakoaren kontakizun partekatu bat izateko, eta giza eskubiderik berriz urra ez dadin». Era berean, Nafarroan izandako erasoen biktimei aplikatuko zaie legea, baina baita erasoa atzerrian sufritu baina «Nafarroan jaiotako» biktimei ere. Olloren arabera, kontzeptu horren helburua da etorkizunean babesa ematea nazioartean izan daitekeen indarkeria ekintzaren bat jasaten duten nafarrei.
Geroa Baik prentsa ohar bidez adierazi du erreparazioa eta aitortza hobetzen dituela lege egitasmoak. «2010eko araudia eguneratu eta hobetzen du». Etorkizunera ere begiratzen duela azpimarratu du.