Ratioa txikitzeko herri ekimen legegilea parlamentuan bozkatuko da, Nafarroako Gobernuak ezezkoa emanik ere

Nafarroako Gobernuak argudiatu du lege ekinbideak «kostu neurrigabea» izanen lukeela. Hala ere, PSNk ez beste talde guztiek bide eman diote proposamenari. Sustatzaileek sei hilabete dituzte sinadurak biltzeko.

Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformaren agerraldia, iragan astean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformaren agerraldia, iragan astean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko irailaren 21a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ratioak txikitzeko herri ekimen legegileari ezezkoa eman dio Nafarroako Gobernuak, baina proposamena parlamentuko osoko bilkurara iritsiko da hala ere. Ikastetxeak behar bezala prestatzeak eta irakasle gehiago kontratatzeak «kostu neurrigabea» izanen lukeela argudiatu du Maria Txibiteren kabineteak, Nafarroako Parlamentura igorritako txostenean. Ezezko horrek, baina, ez du geldiaraziko proposamenaren ibilia, haren tramitazioaren alde egin baitute PSN ez beste talde politiko guztiek.

Maiatzaren 13an erregistratu zuten herri ekimen legegilea Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak, Nafarroa 0-3 plataformak, Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteak eta Sortzen federazioak. Helburua zen gobernua behartzea ikasle ratioak legez murriztera hezkuntza publikoko etapa guztietan. Irailaren 22a zuen azken eguna Nafarroako Gobernuak aldeko edo kontrako irizpena emateko, eta gaur aztertu dute gaia Nafarroako Parlamentuko Mahaian eta Eledunen Batzordean.

Gobernuaren txostenean jasota dago, xehe-xehe, ratioa txikitzeak zer kostu izanen lukeen: 193 milioi euro, guztira. Inbertsio hori nola banatuko litzatekeen ere esplikatu dute. 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ikasgela bakoitzean ikasle gutxiago egoteak ekarriko luke ikastetxe publiko guztiak berregituratzea: 784 talde sortuko lirateke Haur eta Lehen Hezkuntzan, DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. 96,5 milioi euroren kostua izanen luke horrek.

Itunpeko ikastetxeei dagokienez, 729 talde sortuko lirateke, eta 1.074 irakasle beharko lituzkete. 73,6 milioi euro inbertitu beharko lituzkete horretan. 0-3 zikloan, azkenik, beste 560 unitate ireki beharko lituzkete, ratioa murrizteko, eta hortaz, beste horrenbeste hezitzaile kontratatu beharko lirateke. Kostua 23 milioi euro ingurukoa izanen litzateke, gobernuaren arabera.

Herri ekimen legegileari ezezkoa emateko argudioen artean, gobernuak dio sustatzaileek ez dutela aurkeztu ratioak «era progresiboan» txikitzeko biderik. Uste dute ratio berriak automatikoki aplikatu beharko liratekeela, egun batetik bestera, eta horrek hezkuntza arduradunak behartuko lituzkeela ikasgelak eta taldeak bikoiztera. Gobernuak gaineratu du, bestalde, eraikinei eta baliabideei ere eginen liokeela proposamenak, tokiak handitu beharko lituzketelako.

Sei hilabete sinadurak biltzeko

Hezkuntza Publikoaren Aldeko Nafarroako Plataformak bazuen gobernuaren asmoen berri. Aurreko astean Iruñeko Plazara gunean eginiko agerraldian adierazi zuten «litekeena» zela gobernuak ezetz esatea. Hori horrela, Nafarroako Parlamentuko taldeei dei egin zieten, ekinaldia tramitatzeko bidea ireki zezaten: «Tramitatu dezatela. Utz diezagutela sinadura bilketa abiatzen, eta, ondoren, bozkatu dezatela alde edo kontra. Hori bai, ez dezatela, inondik inora, eztabaida demokratikoa saihestu».

Azkenerako, halaxe gertatu da Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzordean: egitasmoa tramitatzearen kontra bozkatu du PSNk, eta alde, gainerako taldeek. Tramite hori gaindituta, herri ekinbide legegilearen sustatzaileek sei hilabeteko epea izanen dute proiektuaren aldeko sinadurak biltzeko, eta, horren ostean, proposamena Nafarroako Parlamentura bueltatuko da, taldeek eztabaidatu eta aldeko edo kontrako botoa eman dezaten.

Tramitazioari atea ireki

Parlamentuko Bozeramaileen Batzordearen ostean, PSNko eledun Kevin Lucerok bere ezezko botoa arrazoitu nahi izan du: «Gauza bat da ratioak txikitzearen alde egitea, eta beste gauza bat ratioen auzia pankarta bihurtzea». Luceroren ustez, PSNri «inork gutxik» ematen ahal dizkio eskola publikoa defendatzeari buruzko lezioak, «hezkuntza publikoa baita Alderdi Sozialistaren bandera». Bozeramaileak gaineratu du ratioak murriztea ez dela soilik «zenbaki bat lege batean idaztea eta prentsaurreko bat ematea», eta faktore asko hartu behar direla kontuan: «Irakasleak kontratatu behar dira, ikasgelak eskuragai jarri behar dira, eta, zentro askotan, obrak egin beharko dira. Helarazi diguten proposamenak ia 200 milioi euroren inpaktua izanen luke aurrekontuetan».

UPNko Javier Esparzaren esanetan, «negargura» eragiten du PSNkoak hezkuntza publikoari buruz hizketan entzuteak: «Batez ere, PISA txostenaren emaitzen ostean». «Hezkuntzan, osasunean eta, oro har, zerbitzu publikoetan gertatzen ari dena zera da, gobernu sozialista honen kudeaketari esker, gero eta pertsona gehiagok jotzen dutela osasun pribatura, eta gero eta familia gehiagok matrikulatzen dituztela seme-alabak itunpeko ikastetxeetan. Publikoa birrintzen ari dira».

Geroa Bairen izenean, Pablo Azkona parlamentariak esan du herri ekimen legegilea «mekanismo demokratiko bat» dela, eta ez duela motiborik ikusten haren tramitazioa trabatzeko. Hala ere, gehitu du proposamena findu egin beharko dela legearen tramitazioan, besteak beste, «ratioak era progresiboan txikitzeko moduren bat» ezarrita. Azkonak adierazi du «hezkuntza publikoari buruzko eztabaida zabalik» dela gobernu bazkideen artean, eta halako gaiak Hezkuntzako mahaian eztabaidatu beharko liratekeela: «Denbora daramagu esaten ratioak murriztu beharko liratekeela hezkuntza sistema osoan, batez ere, funts publikoekin finantzatutako zentroetan».

Zurekin Nafarroa koalizioko eledun Carlos Guzmanek, azkenik, herri ekimen legegileen garrantzian egin du azpimarra: «Herritarrek mekanismo demokratiko gutxi dituzte politika instituzionalean era aktiboan parte hartzeko, eta herri ekinbide legegileak dira horietako bat». Hezkuntza publikoaren «izaera egiturazkoa eta estrategikoa» nabarmendu du Guzmanek, eta hura indartzen segitzeko ahalegin oro txalotu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA