Aurrez adierazi bezala, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi du Belateko tunela bikoizteko lanen kontratua. Gobernuak ohar batean zehaztu duenez, bi aldeek, Nafarroako Gobernuak eta Acciona eta Oses eraikuntza enpresen arteko aldi baterako elkarteak, berariaz egin dute atzera.
Irailaren 16an jakinarazi zuen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gainkostuen afera kale itsu batera ailegatu zela eta konponbide bakarra zela obra berriro lizitatzea. Horretarako, kontratua bertan behera uzteko prozedurari ekin zioten, Kontratu Publikoen Foru Legearen 175. artikuluan oinarrituta.
TPF y Alauda ingeniaritza enpresaren esku egon da obra zuzentzeko ardura, eta irailaren 29an aurkeztu zuen kontratua bertan behera uzteko eskaria. Urriaren 5ean, enpresa elkarteak ontzat jo zuen proposamena, eta sinatu egin zuen dokumentua. Ondorioztatu liteke, beraz, ez dutela auzitan jarriko kontratua bertan behera uztea, eta ez dutela auzitara joko.
Falta dena zehazturik
Gero, Obra Zuzendaritzak urriaren 20an txosten bat aurkeztu zuen, eta bertan zehaztu zuen zer lan gelditzen diren egiteko. Era berean, hartu beharreko kontrol neurriak azaldu zituen.Â
Behin hori eginda, azken urratsak falta dira. Hamabost egunen buruan sinatuko da likidazio akta, eta bi hilabeteko epea izango da lanak amaitu izanaren ziurtagiria aurkeztu arte. Halaber, orain arte egindako lanek hiru urteko berme epea izango dute.
Behin hori guztia amaituta, lizitazioa egin beharko da berriz. Lehiaketa irabazten duten enpresen esku egongo da Belateko tunela amaitzea. Gutxi gorabehera lanen erdiak falta dira egiteko. Orain tunela zulatuta dago, eta bi aldeak elkarturik. Alta, zorua zulatu behar da, errepidea egin eta tuneleko zerbitzuak sortu.Â