Espainiako Estatuaren eta eskuin muturreko taldeen biktimen aitortza iristen ari da tantaka-tantaka, eta bide horretan egindako azken urratsaren berri eman dute gaur Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak. Egiaren Garaia Da dinamika osatzen duten bi eragileek jakinarazi dute lurralde hartako gobernuak aste honetan «giza eskubideen urraketen biktima» gisa aitortu dituela torturatutako zortzi lagun. Horiekin, gutxienez 122 lagun dira Nafarroako errekonozimendu eta erreparazio batzordearen aitortza jaso dutenak; horietatik 88, torturatuak.
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak torturatutako zortzi lagun izan dira aitortzen azkenak. Horietatik bat, Iñaki Goñi Zubiri, frankismoaren amaieran torturatu zuen Brigada Politiko Sozialak, 1975ean. 1980ko hamarkadan, berriz, birritan torturatu zuen Guardia Zibilak Victoriano Lopez de Goikoetxea Bengoetxea, 1981ean eta 1984an.
Aitortutako gainerako sei biktimak XXI. mendean pairatu zituzten torturak. Imanol Larrañaga Alberdi, Ainara Gorostiaga Eskubi eta Rosa Iriarte Laset ere Guardia Zibilak torturatu zituen, baina, hurrenez hurren, 2001ean, 2002an eta 2010ean. Espainiako Poliziaren biktima dira, berriz, Ikerne Indakoetxea Barberia, Ramon Lopez Cid eta Itxaso Torregrosa. Indakoetxea 2003an torturatu zuten, Lopez 2003an, eta Torregrosa 2009an.
Horien guztien aitortzak ontzat jo ditu Egiaren Garaia Da dinamikak: «Urrats garrantzitsua dira estatu indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko».
Halere, bide luzea geratzen da, eta eragileek «ezinbestekotzat» jo dute hura urratzen jarraitzea, baldin eta «egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizun bat» lortu nahi badira.
Nafarroako Torturatuen Sarearen eta Egiari Zor-en datuen arabera, 16/2019 foru legean oinarrituta, 122 lagun aitortu ditu errekonozimendu eta erreparazio batzordeak. Azaldu dutenez, horietatik 88k torturak pairatu zituzten, eta bostek baita lesio fisikoak edota kalte materialak ere. Hildako zazpi lagun ere badaude aitortuen artean, eta gainerakoak lesio fisiko edota psikologikoak edota kalte materialak pairatutakoak dira.
Hain zuzen, Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari eta batzordeko buruak otsailaren amaieran aurkeztu zuen erreparazio batzordearen azken txostena. Jakinarazi zuen 2025ean 65 biktima aitortu zituztela, baina aitortu oraindik asko geratzen dela egiteko, eskaerak ugaritu egin baitira urtez urte. Aurkeztutako datuen arabera, 217 eskaera jaso dituzte, eta horietatik 106k aitortza jaso zuten 2025a amaitu aurretik.
Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaren inguruan egindako txostenen arabera, baina, zerrenda askoz luzeagoa izan daiteke. 2024an argitaratutako txosten baten arabera, Nafarroan soilik 1.083 tortura kasu erregistratu zituzten, gainerako biktima tipologiak kontuan hartu gabe. Horiek horrela, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek aitortza eskaerak aurkezteko deia egin diete indarkeria politikoa jasan duten guztiei. Horretarako laguntza behar duen orori laguntzeko prest dira bi eragileak.
«Nire aitortzarekin gainerako milaka torturatuen aitortzaren zatitxo bat dator»
Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kidea da, eta urteak daramatza lanean estatuaren biktimen aitortza errealitate bihurtu dadin. Eta halako batean, hura ere «giza eskubideen urraketen biktima» gisa aitortu du gobernuak.
Nola jaso duzu berria?
Berezia da. Nik aitortza guztiak jaso ohi ditut, eta nirea jasotzeak poza ematen du. Egia esan, jendeak zoriontzen zaituenean, pixka bat kontraesankorra da, ez baitakizu halako aitortza bat zoriondu beharrekoa ote den. Baina pozgarria da pixkanaka-pixkanaka bagoazelako aurrera. Uste dut aitortza pertsonal hauek guztiek aitortza kolektibo bat osatzen dutela, eta hori da garrantzitsuena. Orain arte etorri diren aitortza guztien barruan zegoen nirearen zatitxo bat ere, eta nire aitortzarekin ulertzen dut gainerako milaka pertsona torturatuen aitortzaren zatitxo bat ere badatorrela. Horrekin guztiarekin, bidea amaitzen denean, lortuko da aitortza kolektibo hori.Estatuaren biktimen tipologia zabala da, baina ikusten ari gara torturek pisu handia dutela.?
Aitortutakoen gehiengo bat torturatuak gara, eta ematen du hala jarraituko duela. Horrek islatzen du pixkanaka-pixkanaka jendea animatzen ari dela eskaerak aurkeztera, eta agerian uzten ditu gaiarekiko ukazioa eta isiltasuna. Urtez urte, instituzioetatik eta hainbat komunikabidetatik isilarazi egin da tortura, eta guk ere nolabait normalizatu egin genuen hori gertatzen zela. Eta pixkanaka bagoaz hori guztia argitara ateratzean.Kriminologiaren Euskal Institutuaren arabera, milatik gora dira Nafarroan torturatuak. Oraindik asko geratzen da egiteko?
Asko. Guk dugun erroldako pertsonen erdia ingururekin kontaktatzea lortu dugu, eta horietatik %70 inguruk aurkeztu du edo aurkeztu nahi du eskaera. Beraz, batetik, bada guk kontaktatzea lortu ez dugun jende bat; bestetik, bada arrazoi ezberdinengatik aurkeztu nahi ez duena. Instituzioekiko mesfidantza duelako, edo ulertzen duelako aitortza ez duela Nafarroako Gobernuak egin behar, estatuak baizik.Eta nola jar daitezke zuekin harremanetan eskaerak egin nahi dituzten horiek?
Telefonoz egin dezakete, edo euren herri eta auzietan seguru ezagutzen dutela torturatua izan den norbait, saretik gertu dagoen norbait. Eta errazago bazaie, beste modu bat izan daiteke. Iruñeko Amaia kalean ere badugu bulego bat. Gu eskaerak prestatzen laguntzeko prest gaude.Oraintsu aurkeztu zuen erreparazio batzordeak bere azken txostena. Bide onean doa haren lana?
Batzordea lan handia egiten ari da, eta ez dugu kexarik. Baina, hiru urte daramatzagu legearekin, eta iruditzen zaigu Nafarroako Gobernuak ikusi behar duela ibilbide honekin ez dela deus amaitzen. Urtebete falta da legean ezarritako epea amaitzeko, eta uste dugu ardura hartu behar dutela. Hau ez da amaiera bat, puntu eta segida baizik. Hasi beharko ginateke hitz egiten aitortza hauen erreparazioa eta memoria politikak nola landu behar diren.