Nafarroako Gobernuko bazkideek eta EH Bilduk 353 zuzenketa proposatu dituzte 2026ko aurrekontuetarako

Orotara, 15,2 milioi euro jarriko dituzte, gehienbat zerbitzu publikoak eta udaletako azpiegiturak hobetzeko. Geroa Baik eta EH Bilduk 550.000 euroko zuzenketa erregistratu dute Faltzesen D eredua indartzeko.

(ID_17637312595055) Nafarroako parlamentua
Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean zuzenketei buruz bozkatzen, iaz. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2025eko azaroaren 21a
14:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osoko zuzenketak atzera bota ostean, 2026ko aurrekontuen lege proiektuak aurrera egin du. Parlamentuko taldeek orotara 814 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte. UPN (222) eta PP (220) izan dira zuzenketa gehien aurkeztu duten taldeak, baina aukera gutxi izango dute. Aldiz, PSNk, EH Bilduk, Geroak Baik eta Zurekin Nafarroak 353 zuzenketa aurkeztu dituzte —horietarik 99, batera edo euretako beste talderen batekin—.

Lau alderdien arteko akordioaren arabera, zuzenketa horiek guztiak aurrera aterako dira, eta orotara 15,2 milioi euroko diru sailak jarriko dituzte. Zerbitzu publikoak indartu eta udalerrietako azpiegiturak hobetuko dituzte, gehienbat. Era berean, oposizioak aurkeztutako zuzenketak atzera botatzea hitzartu dute, baina proposamen interesgarririk ikusiz gero, lauren artean onetsi beharko dute hura babestea. 

Zuzenketa partzialak Nafarroako Parlamentuan erregistratu dituzte, eta abenduaren 1etik 12ra bitartean eztabaidatuko dute haien inguruan, Ekonomia eta Ogasun batzordean. Hori amaituta, azken urratsak burutuko du tramitazioa: abenduaren 18ko osoko bilkuran aurrekontuak onartuko dira.

PSNk 154 zuzenketa aurkeztu ditu guztira; horietatik 53, besteekin batera. Sozialistek nabarmendu dute euren ekarpenek diruz lagunduko dituztela Nafarroa osoko kolektiboak eta jarduerak. Iruñerrian, kasurako, 27.500 euroko diru sail bat jaso dute bizikleta elektrikoen zerbitzua indartzeko. Gainera, Lizarraldean industria poligono bat egiteko proiektu tekniko eta ekonomikoa finantzatuko dute. 

EH Bildu «pozik» azaldu da. Izan ere, aurrekontuen lege proiektuak jada jasoak ditu EH Bilduk proposatutako hamabost milioi euroko diru sailak, eta horri orain beste 4,4 milioi euroko sailak gehituko zaizkio. Orotara 151 zuzenketa aurkeztu dituzte, horietarik 71 beste taldeekin elkarlanean. Laura Aznal eledunak azpimarratu duenez, euren ekarpenek «etxez etxeko arreta zerbitzua, eguneko zentroak, haur eta nerabeentzako prebentzio sistema, adineko egoitzak eta menpekotasuna duten pertsonen babesa» dute helburu. 

Nabarmendutako beste lerro bat udalerrietako azpiegiturak dira: kirol instalazioak, ikastetxeak eta bestelakoak. «Ezinbestekoa da baliabideak jartzea ekitatea lortzeko lurraldeko udalerri eta eremu ezberdinen artean, kohesio soziala lortzeko ezinbestekoa baita lurralde kohesioa», esan du Aznalek. Hala, zuzenketa ugari erregistratu dituzte Nafarroa osoko udalei begira: Pirinioetan, Lizarraldean eta Erriberan «eragin handia» izango dute.

Faltzesen D eredua

EH Bilduk eta Geroa Baik 550.000 euroko ekarpena gehitu diote Faltzesen D eredua jartzeko diru sailari —orotara, ia milioi bat euro—. Geroa Baik nabarmendu du 21 sendiren eskaerari bide eman diotela horrela. «Modu honetan, hizkuntza eredua aukeratzeko eskubidea bermatuko da udalerrian. 

Geroa Baik 93 zuzenketa aurkeztu ditu orotara —horietarik 55, berak bakarrik, eta 43, beste talderen batekin— . Guztira, 3,5 milioi euroren diru sailak jarriko dituzte. Euskararen arloan, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin hitzarmen bat sinatzeko zuzenketa erregistratu dute, eta euskara teknikariak gaitzeko eta trebatzeko formakuntza arautuko dute. Gazteen artean euskararen erabilera indartzeko, Euskarabentura diruz lagunduko dute, eta Bortzirietan eta Baztanen hitzarmenak egingo dituzte zahar etxeekin, hizkuntza planak ezar ditzaten. 

Koalizioak aipatu du, halaber, zenbait inbertsio proposatu dituztela. Nafarroako 30 udalerri baino gehiagoren garapen sozioekonomikoan lagundu nahi dutela adierazi dute. 

Zurekin Nafarroak, berriz, 21 zuzenketa aurkeztu ditu bere kabuz, eta 77 beste taldeekin. Orotara 1,7 milioi euro jarriko dituzte. Datorren asteazkenean azalduko dute zuzenketen edukia. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.