Nafarroako Ikastolen Sarea eta Paris 365 jantoki solidarioa bigarren urtez elkartu dira janari bilketa egiteko. Nafarroa Oinez-en barruan, Nafarroako hamabost ikastoletako familiek «euren konpromiso soziala» erakutsi nahi izan dute, Iruñeko jantoki sozialari galkorrak ez diren elikagaiak emanez. Maiatzaren 28tik ekainaren 3ra arte egin zuten kanpaina, eta, antolatzaileen arabera, erantzuna «bikaina» izan da.
Ikastolek adierazi dute aurreikuspenak gainditu dituztela eta «uste baino janari gehiago» bildu dutela Paris 365 jantokiarentzat. Bilketaren antolatzaileak 2026ko Nafarroa Oinez-eko anfitrioiak izan dira: Vianako Erentzun ikastola eta Zizurko San Fermin ikastola. Joan den urtean ekin zitzaion lehen aldiz ekinbide solidarioari. Orduko hartan, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak bildu zuen janaria, 2025eko Nafarroa Oinez-en antolatzailea izan baitzen.
Janari bilketaren helburua, zailtasunak dituzten pertsonentzat jakiak biltzeaz gain, ikastolen komunitatearen balioak eta indarra erakustea izan da. Antolatzaileen hitzetan, hezkuntza komunitate osoak erakutsi du gai direla «elkarrekin lan eginez gizartearen behar handienak dituzten pertsonei laguntzeko».
Egitasmoak Nafarroa Oinez-en espirituarekin bat egiten duela ere azpimarratu dute, ikastolak indartzearekin batera lankidetza eta elkartasuna aldarrikatu baitituzte. Hori horrela, agerian geratu da bigarren urtez Nafarroako ikastolen sareak duen «sendotasuna eta gizarte bidezkoago baten alde egiteko nahia».