Nafarroako Kontuen Ganberak ondorioztatu du legezkoak direla Acciona eta Servinabarren aldeko lau adjudikazio

«Akatsak» atzeman ditu Eguesibarko Erripagañan babes ofizialeko etxeak eraikitzeko lizitazioan. Orotara bost kontratu aztertu ditu: Nafarroako Artxibategia, Nafarroa Arenako bulegoak, Arbizuko eskola, eta Erripagaña eta Eguesibarko etxebizitzak.

Nafarroako Artxibategi Nagusia. IRUÑEKO UDALA
Nafarroako Artxibategi Nagusia. IRUÑEKO UDALA
joxerra senar
2025eko urriaren 10a
11:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Acciona eta Servinabar enpresa elkarteei esleitutako bost herri lanen kontratuak aztertu ditu Nafarroako Kontuen Ganberak, ekainean parlamentuak hala eskatuta. Txostenean ondorioztatu du lau adjudikazio prozesu «legearen arabera» egin zirela; Eguesibarko Erripagañan babes ofizialeko 62 etxebizitza egiteko prozeduran, berriz, «bi akats» atzeman ditu. Horrez gain, legezkotasunari eragiten ez badio ere, Kontuen Ganberak nabarmendu du gardentasunik ez dela izan enpresa elkartean Servinabarrek zuen partaidetzari buruzko informazioan.

Ekainaren hasieran, Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren lehen txostenak lurrikara politikoa eragin zuen Nafarroan, eta, haren ondotik, Nafarroako Parlamentuak ikertutako bi enpresei —Acciona eta Servinabar— adjudikatutako bost kontratu aztertzeko agindu zion Kontuen Ganberari: Nafarroako Artxibategiko zaharberritze lanak, Nafarroa Arena pabiloiko bulegoak, Arbizuko eskola publikoko lanak, Eguesibarko Erripagañan 62 etxebizitza egiteko lanak eta Iruñeko Erripagañan 46 etxe egitekoak. Arbizuko eskolako lanetan, Accionarekin elkartutako enpresa Alegure izan zen —hura ere Antxon Alonso enpresaburuarena—. 

Azterketa horretatik kanpo geratu da Belateko tunelak zabaltzeko herri lana. Izan ere, aurretik, 2023ko kontu orokorren txostenean aztertu zuen obra publiko hori, eta akatsak eta irregulartasunak izan zirela ondorioztatu zuen. Zehazki, esan zuen ez zirela behar bezala garatu eskaintzak baloratzeko irizpideak, eta kontratazio mahaiko kideen balorazio teknikoa neurtzeko prozedura egoki baten beharra azpimarratu zuen. «Akats horiek lizitazio baldintza egoki batekin konponduko lirateke, irizpide on batzuekin, bozkatzeko prozedura on batekin... Baina gure zerbitzu juridikoek sakon aztertu zuten kontratua, eta ez zuten atzeman kontabilitate arloko edo beste inolako ardurarik. Hori bai, egon behar ez luketen irregulartasunak agerian jarri genituen», esan zuen Ignacio Cabeza de Salvador ganberako presidenteak, 2024ko abenduan.

Eguesibarren, bi oker

Oraingo txostenak Eguesibarko Erripagañan 62 etxebizitza egiteko prozeduran atzeman ditu ageriko bi akats. Batetik, kontratazio mahaia eratu izanaren aktarik ez dago; bestetik, lizitatzaileak ez zuen jakinarazi obraren epeari buruzko informaziorik —eta hori haren eskaintza baztertzeko adinakoa zen—. Lehen kasuan, Kontuen Ganberak ez du aktarik jaso: «Elkarrekin trukatutako balorazio teknikoari buruzko agiri batzuk baizik ez ditugu, datarik eta sinadurarik gabe». Gainera, kontratuaren zenbatekoagatik, Kontratazio Publikoko Batzordeko ordezkari bat eta haren ordezko bat izendatu behar ziren, eta ez zuten hala egin. 

Bigarrenik, 2018ko irailean argitaratu ziren baldintzak. Gutun azal batean obraren planifikazioa eta epeak zehaztu behar ziren, eta bigarrenean ezaugarri teknikoak —tartean aipatzen zen obra lehenago bukatuz gero puntuazio hobea jasoko zela—. Urriaren 10era bitarteko epea eman zuen Nasuvinsak, baina epemuga iritsi zenean, jabetu zen ez zela bateragarria bi gutun azalek epeei buruzko erreferentzia egitea. Horregatik, lehen gutun azalean eperik ez jartzeko agindu zuen, eta beste bost egun eman zituen eskaintzak egiteko. Kontuen Ganberak uste du irizpide aldaketa horrek lizitazioa berriz egitera behartzen zuela. Gainera, Acciona eta Servinabarrek ez zegokion gutun azalean jarri zuten epeari buruzko datua. «Eskaintza baztertzeko modukoa zen, eta ez dago horren inguruko azalpen teknikorik». 

Gainerako lau herri lanetan «lizitatzeko, esleitzeko eta gauzatzeko prozedura kontratazioa publikoari buruzko legediaren araberakoa» dela ondorioztatu du Kontuen Ganberak. Nafarroa Arenako bulegoen lizitazioa 2017ko abuztuan eta irailean egin zen, eta Acciona eta Servinabarren arteko elkartea izan zen aurkeztu zen bakarra. Eskaintza baino 200.000 euro garestiago atera zen obra, eta arrazoizkotzat jo dute azalpen teknikoa. Atzerapenagatik 78.000 euroko kalte ordaina ordaindu zuten enpresek.

Artxibategia zaharberritzeko obra 2,9 milioi euro kostatu zen, egindako eskaintza baino 500.000 euro garestiago. Emandako arrazoi teknikoak «zentzuzkotzat» jo ditu Kontuen Ganberak. Arbizuko eskolaren kasuan, 3,3 milioi euroko kostua izan zuten eraikuntza lanek, eskaini baino 100.000 euro gehiago. Tartean, atzeratzeko eta gainkostuak ordaintzeko eskaera egin zuen enpresa elkarteak, eta Hezkuntza Departamentuak onartu egin zion.

Iruñeko Erripagañako adjudikazioa ontzat jo du Ganberak, baina argitu gabeko bi kontu azpimarratu ditu. Pleguetan zehazten zen langile batzuk irizpide sozialen arabera kontratatu behar zirela, eta enpresek hala egin ote duten egiaztatu gabe dago. Gainera, obrak atzeratu egin ziren, eta Nasuvinsa oraindik aztertzen ari da zergatik. Horregatik, enpresek zigorra jaso dezakete.

Partaidetzan gardentasunik ez

Txostenak elkarte barruko partaidetzen inguruko mugimenduak atzeman ditu. Kasurako, Arbizuko eskolaren eskaintza egiterakoan, elkartean Accionak %80ko eta Alegurek %20ko partaidetza zutela esan zuten; Eguesibarko Erripagañako 62 etxeen kasuan, antzera, Accionak %80koa eta Servinabarrek %20koa. Alta, bi kasuetan, beranduago enpresek partaidetza aldatu zuten —Accionak %99,99 eta besteek %0,01—. 2018tik 2024ra arteko epean, sozietate zerga ordaintzerakoan, Servinabarrek enpresa elkarte horietan zuen partaidetza behar bezala islatu zuen. Alta, Merkataritza Erregistroan aurkeztutako kontuetan ez du hori jaso, eta «ez dago lan horien gastu eta diru sarreren arrastorik». Ganberaren arabera, «ezin dute neurtu horrek Servinabarren kontabilitatean duen eragina». 

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak jasoko du azterketa, aurretik egindako beste batzuekin batera. Kasurako, Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ere aztertu ditu herri lan horiek, eta haren ondorioak diferenteak dira. Ganberaren moduan, Eguesibarko Erripagañako obran ere irregulartasunak detektatu ditu, eta Nafarroa Arenako lana ere ontzat jo du. Alta, irregulartasunak atzeman ditu Arbizuko eskolan eta Iruñeko Erripagañako lanean, eta baliogabetzat jo du Belateko tunelen kontratu publikoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.