Osasunbidea hondatzen ari dela uste dute, eta horrek ondorioak dituela herritarrengan eta langileengan. Horregatik, osasun sistema publikoa sendotzeko eskatu dute. ELA, LAB, UGT, SATSE —erizainak—, SAE —erizaintzako teknikariak— eta Afapna —funtzionarioak— sindikatuek egin dituzte salaketa eta eskaera. Kontzentrazioa antolatu dute datorren astearterako, 11:00etan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kanpo kontsulten zabaldegian. Leloa: Kalitatezko osasun publiko baten alde, lan baldintza duinak orain! Osasunbidea denok gara.
«Osasun sistema indartsua behar dugu, Nafarroako herritar guztien beharrei erantzuteko gai izango dena», sindikatuen iritziz. Uste dute Nafarroako Gobernuak ez duela egin osasun sistema publikoa blindatzeko apusturik, eta, ondorioz, langileek behar baino lan gehiago dutela, itxaron zerrendak handitzen ari direla, atzerapenak ohikoak direla lehen arretan eta pediatrian, eta herritarrek zailtasunak dituztela kontsultak, diagnostikorako probak eta operazioak egiteko.
Itxaron zerrenden «sufrimendua»
Nafarroan, martxoko datuen arabera, 66.990 herritar daude Osasunbideko espezialistarekin lehen kontsulta izateko zain. Batez beste 77 egun itxaron behar dira mediku espezialistak ikusi ahal izateko. 10.273 nafar daude operatzeko zain. Batez beste hiru hilabete itxaron behar dira operatzeko: 92 egun.
«Itxaron zerrendek sufrimendua eragiten dute, gaixotasunak kroniko bihurtzen dituzte eta profesionalen eta herritarren atxikimendu falta elikatzen dute», sindikatuen arabera. Kezkatuta daude, ospitaleetako aurrez aurreko kontsulten kopurua oraindik ez delako iritsi COVID-19aren pandemiaren aurreko neurrira: «Horrek erakusten du hartutako neurri asko ez direla nahikoa izan».
Aldaketa eske
«Aldaketa sakonak» eskatu dituzte kudeaketan: «Lidergoa, plangintza eta egiturazko aldaketak. Konponbideak ezin du izan bakarrik ezohiko jarduera handitzea edo pazienteak osasun pribatura bideratzea». Aldaketen artean egongo lirateke kudeaketa eraginkorra eta gardena, langileen kopuru egokia, lanaldiak hobeto antolatzea, gehiegizko orduak gutxitzea, kontsultetarako eta agendetarako arrazoizko denbora izatea eta langileak inplikatzea antolaketari eta zerbitzuari buruzko erabakietan.
Osasunbideak 13.000 langile ditu. Sindikatuek, langileen izenean, ez diete uko egin haien erantzukizunari. Nafarroako osasun sistema publikoaren «aktibo nagusia» direla uste dute, eta erantzukizun kolektiboa dutela hura babesteko, hobetzeko eta eusteko. «Langileek, kudeatzaileek, sindikatuek eta erabiltzaileek benetan parte hartu behar dute beharrezko eraldaketetan», eskatu dute.
Negoziazio kolektiboa eta esklusibotasuna
Negoziazio kolektiboa errespetatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Gogorarazi diote sektoreko mahaia eta mahai orokorra direla «bidezko lekuak» lan eta antolaketa erabakiak hartzeko. Lan baldintza duinak eta bidezkoak nahi dituzte, eta ordainak hobetzea. SME Nafarroako Sindikatu Medikoak ez du bat egin gainerako sindikatuen eskaerarekin. Bere kabuz negoziatzen ari da Nafarroako Gobernuarekin, medikuen lan baldintzak hobetzeko.
Sindikatuek esklusibotasuna babestu dute, hau da, osasun langileek osasun sistema publikoan bakarrik lan egitea: «Uste dugu jarduera publikoa eta pribatua bateratzeak interes gatazkak eragiteko arriskua dakarrela, eta osasun publikoa ahultzen duten eta asistentziaren ekitatea kaltetzen duten jokabideak sustatzen dituela».
Osasun sistema publiko, doako, unibertsal eta kalitatezkoaren alde egin dute. Pribatizazioak gaitzetsi dituzte: «Osasunak ezin du egon pertsonen maila ekonomikoaren mende. Osasun publikoa ahulduz gero, herritar zaurgarrienak bazterkeriara eta desberdinkeriara kondenatzen dira».