Nafarroako Torturatuen Sareak erantzukizunez jokatzeko eskatu die erakundeei, torturaren ondorio psikologikoei aurre egiteko

Aristuren heriotza abiapuntu hartuz, sarekoek buruko osasunean jarri dute arreta. Bi psikologorekin batera, torturak jasan dituzten zenbait lagun «berrikaskuntza» prozesuaz aritu dira.

Nafarroako Torturatuen Sareak gaur eginiko prentsaurrekoa. IÑIGO URIZ/FOKU
Nafarroako Torturatuen Sareak gaur eginiko prentsaurrekoa. IÑIGO URIZ/FOKU
Naiara Santano
2026ko urriaren 8a
23:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Torturatuen Sareak Iker Aristu Etxeberria omentzeko eta buruko osasunaren garrantzia nabarmentzeko prentsaurrekoa egin du gaur Iruñeko Plazara gunean. Nafarroako Gobernuak estatuaren biktima gisa aitortu zuen Aristu. Hura, baina, irailaren 6an zendu zen, eta hori ikusirik, argi dute sare batean antolatuta egoteak indarra ematen diela elkar laguntzeko eta zaintzeko. Are gehiago, erakunde publikoei ere dei egin diete arreta psikologikoa bermatzeko, gogoratuz estatua dela tortura horien erantzulea. 

Aristuren heriotzak «hunkituta eta ukituta» utzi ditu Nafarroako Torturatuen Sarekoak. Horrela azaldu du Miguel Angel Llamas Pitu sareko kideak: «Aristuren heriotza torturen larritasunaren oroitzapen mingarria izan da, eta, halaber, agerian uzten du nahitaezko ditugun politika, bitarteko eta baliabideen beharrarena».

2008. urtean atxilotu zuten Aristu, baina ez zen bakarra izan. Garai hartan poliziak sarri atxilotzen zituen gazteak Euskal Herrian egiten zituen sarekadetan. Atxilotuetako asko torturatu egin zituzten, eta horrek eragindako kalteek gaur arte irauten dute. Llamasek adierazi du torturen ondorioak «konponezinak» direla: «Neurri handi batean geure burua berregitea lortu dugun arren, puskak, zauriak eta orbainak beti daude hor».

«Neurri handi batean geure burua berregitea lortu dugun arren, puskak, zauriak eta orbainak beti daude hor»

MIGUEL ANGEL LLAMASTorturatuen Sareko kidea

Horregatik, sarekoek arreta berezia jarri dute «torturatuen arteko zaintzan». Hori horrela, biktimak laguntzeko psikologo talde batekin lan egiten dute. Horietako bi, Jeannette Ruiz Goikotxeta eta Iñaki Etxague, prentsaurrekoan egon dira gaur. 

Bi psikologoak bat etorri dira torturaren eta inkomunikazioaren ondorioak ez direla ezagunak gizartean. Azaldu dute torturen ondorio fisikoak, gehienetan, denborarekin desagertu egiten direla, baina psikologikoekin bizitzen ikasi behar dela. Izan ere, Etxaguek azaldu duenaren arabera, torturak «identitatea, intimitatea, gorpuztasuna eta borondatea» urratzen ditu, eta horrek norbanakoak «bere buruaz, besteez, munduaz eta etorkizunaz duen pertzepzioan» eragiten du. 

Gogoratzearen beharra

Gehienetan «kulpa eta umiliazioa» sentitzen dituzten arren, Ruizek adierazi du «antsietate kronikoekin eta depresio kasu larriagoekin» ere egiten dutela topo. Askotan, ordea, pertsona bera ere ez da jabetzen bizitako esperientzia horrek eragin negatiboa duela harengan. Hau da, bizipen traumatiko horiek ahaztu dituztela uste dute; ez da horrela, ordea. Horrek, Etxaguek azaldu duen moduan, izen bat du: «Ahaztutako memoria». Terapian «ahaztutako memoria» hura irekitzen dutela azaldu dute, baina ez da esperientzia erraza izaten. Ruiz: «Nahastuta agertzen dira, beraien bizitzak lehendik zuen zentzua galdu duela sentitu ohi dute». Halakoetan, laguntza beharrezkoa da.

Torturen biktimak «erreskatatzeko» terapia eta laguntza harremanak beharrezkoak direla argi utzi dute, bai sarekoek eta bai psikologoek. Esperantzaz ere mintzatu dira Etxague eta Ruiz: «Denborarekin, beren bizitzan integratzeko eta bizirik irauteko trebetasunak garatu dituzte». Horretarako «berrikaskuntza» prozesu bat egin behar dela azaldu du Ruizek, «trauma esperientzia ibilbide biografikoan txertatuz, ibilbide biografiko hori sabotatu gabe». Torturak jasan dituenaren familia eta lagunei buruz ere hitz egin dute psikologoek: «Esperientzia traumatiko hura bizi zuenak ez du berdin jokatzen, eta horrek ingurukoei ere eragiten die». 

«Erreparazioa ez da jasandako torturaren baliokidea; kalte fisiko, moral eta psikologiko hura eginda dago, eta konponezina da»

MERTXE GONZALEZTorturatuen Sareko kidea

Buruko osasunaren garrantziarekin lotuta, Nafarroako Torturatuen Sarekoek «zainketak, autozainketak eta elkarren zainketak» jarri dituzte erdigunean. Ildo horri jarraituz, Mertxe Gonzalez sareko kideak gogoratu du zaintza taldeak berriro martxan izango direla ostiralean. Topagune horietan, torturaren biktimek beren bizipenak kontatzeko aukera izango dute «elkarrizketa libre, ireki, seguru, konfidentzial eta konfiantzako» batean. 

Erreparazioaren garrantzia

Erreparazioari buruz ere mintzatu dira sarekoak: «Erreparazioa ez da jasandako torturaren baliokidea; kalte fisiko, moral eta psikologiko hura eginda dago, eta konponezina da». Dena den, torturak «estatuak egin zituela kontuan hartuta», Llamasek argi utzi du «kalte hori konpontzen laguntzeko erantzukizuna» duela. Erreparazioa maila sinboliko eta ekonomikotik haratago joan beharko litzatekeela gehitu du, eta ezin direla ekidin torturak biktimen osasunean sortu dituen «hain oinarrizko premiak».

Ildo horretatik, arazoa konpontzeko «mugarritzat» hartzen dute sarekoek motibazio politikoko biktimen legea. Haren babespean sortutako Erreparazio eta Aitorza Batzordean «esperantza eta konfiantza» dutela dio Gonzalezek, eta poztasuna adierazi dute, azken txostenak gaiari helduko diolakoan. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA