Nagore Arinek Boiseko Jaialdiari buruz BERRIArako egindako kronikak eta dokumentala, Rikardo Arregi sarietako finalista

Azaroaren 26an banatuko dituzten sariak, Andoainen, eta Jakoba Errekondori emango diote «ohorezko mugarria».

Nagore Arin kazetaria Boisen, aurtengo udan. NAGORE ARIN
Nagore Arin kazetaria Boisen, aurtengo udan. NAGORE ARIN
aitor biain
2025eko azaroaren 5a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rikardo Arregi sarietako epaimahaiak jakinarazi du aurtengo finalistak nortzuk diren. Azken urteetan bezala, bi sari nagusi emango dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria, biak ere bederatzina mila eurokoak. Kazetaritza saria irabazteko hautagaien artean dago Nagore Arin BERRIAko kazetari eta ikus-entzunezkoen arduraduna, Boiseko Jaialdiari buruz argitaratutako lanengatik. Arinek jaialdiaren inguruko kronikak idatzi zituen, Boisetik bertatik, eta egunero BERRIAn argitaratu, baita bideo laburrak egin ere, sare sozialetarako. Horrez gain, jasotako materialarekin dokumental bat ere egin zuen, euskal komunitatearekin lotura dutenen testigantzak eta ospakizun horren bereizgarri diren ekitaldi esanguratsuak bilduz. Jaialdiaren sustraietan ikus-entzunezkoa irailaren 15ean argitaratu zuen BERRIAk.

Arinekin batera, hauek dira Kazetaritza saria irabazteko beste hiru hautagaiak: Goiena komunikazio taldearen Datuetatik tiraka erreportaje sorta, Jenofa Berhokoirigoinek Argia-rako egindako Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian erreportajea eta ETBren Ur handitan saioak Palestinari buruz egindako ikus-entzunezkoa.

Komunikazio atalean, berriz, hauek jaso dezakete saria: Elhuyarren Zurrunbilo proiektuak, Ulu Mediaren Ulua gazteentzako hedabide digitalak, Guka euskaltzaleen mugimenduak Bilbon eginiko Erdalduntze makina kanpainak, eta On.eus atariak.

Azaroaren 26an jakinaraziko dituzte zortzi finalista horietatik zeintzuk izango diren saridunak. Andoainen (Gipuzkoa) banatuko dituzte sariak, Bastero kulturgunean. Finalista guztiak bertan izango dira, eta ekitaldian bertan jakingo dute saria nork jasoko duen, ez lehenago. Jakoba Errekondo Saltsamendik, ordea, dagoeneko badaki sarituko dutela, «ohorezko mugarria» emango baitiote.

Hauek osatu dute finalistak izendatu dituen eta sariak nori eman erabakiko duen epaimahaia: Miren Berasategi Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, Eneko Bidegain idazle eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Itxaro Borda eta Angel Erro idazleek, Pantxika Maitia kazetariak, eta Libe Mimenza EHUko irakasle eta ikerlariak. Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi Marta Lasa da epaimahaiburua, eta Arantza Aguado euskara teknikariari egokitu zaio idazkari lana.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren hautagai Boiseko Jaialdian egindako lana

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.