Ez da nahi luketen akordioa, baina itunik ez egitea ez zen «aukera bat». Euskal Enplegu Publikoaren Legea hizkuntza eskakizunen arloan erreformatzeko EAJren lege proposamena onesteko bidea eman du EH Bilduk, abstenituta, jeltzaleekin akordio bat eginda. Sukalde lanean aritu da Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkidea (Zumarraga, Gipuzkoa, 1978).
Euskararen normalizaziorako baliagarria izango al da EAJren proposamena oinarri hartuta egingo den lege aldaketa?
Martxan jarriko dugun prozesua izango da baliagarria. Guk hasieratik esan dugu, ez dugu ezkutatu: ez dugu uste lege aldaketa honek segurtasun juridikoa emango duenik, eta aditu nagusiek ere hori esan dute prozesu legegilean. Baina nahikoa umiltasun eta ardura badaukagu pentsatzeko: «Agian, emaitzak ekarriko ditu». Orduan, itxaron egingo dugu, ea ebaluazioak zer dakarren. Ebaluaziorako jarraipen batzorde bat jarriko da martxan; kooperaziorako gune hori da ekarpenik handiena egingo diona, zeren jarraipen batzorde horrek aukera emango digu zer epai dauden aztertzeko; ikertzeko ea arlo juridikoan zer aldaketa egin ditzakegun elkarrekin; bide orri juridiko posibleak aztertzeko eta aurrera eramateko... Nahiz eta edukietan ados ez egon, ados jarri gara bide batean; mezu hori oso potentea da, goi mailako politikagintza da; politika horrela egiten denean, euskarak irabazten du, eta herri honek ere bai.
Hitzarmena balekoa delako onartu duzue, edo beste aukerak okerragoak zirelako?
Akordiorik eza ez zen aukera bat: bi lege proposamen egonda, gehiengo abertzale eta euskaltzale bat egonda, lege bakar bat ere ez ateratzea ez zen aukera bat. Gure lege proposamena bertan behera geratu zen batzordean, aldeko 27 boto eta kontrako 48 jaso genituelako; geratzen zen aukera bakarra akordio bat egitea zen, epe ertaineko begirada batekin. Akordio horri esker, azkenean, gure lege proposamena erreskatatu dugu: erabakitzen bada orain egingo den lege erreforma ez dela eraginkorra, beste lege proposamen bat jarriko da martxan.
Proposamen hori Kataluniako eta Galiziako ereduan oinarrituko litzateke. Ez da EH Bilduren proposamena aipatzen.
EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu zuen, eta bere proposamenaren estrategia juridikoaren eredua Kataluniakoa eta Galiziakoa zen; hau da, enplegu publikorako sarbidean bi hizkuntzak eskatzea. Dena den, gure lege proposamenak bazituen beste aldagai batzuk, ez zen Galiziako eta Kataluniako eredu bera, zeren han ez daude geroratze edo progresibotasun indizeak. Guk beste ezaugarri batzuk eta beste arkitektura juridiko bat dauzkagu, baina estrategiak izan behar luke sarbidean bi hizkuntzak berdintasunean eskatzea. Segurtasun handiagoa emango liguke: epaile bati asko kostatuko litzaioke gurearen kontra egitea, zeren Kataluniakoaren eta Galiziakoaren kontra jotzea izango litzateke.
Bideragarria iruditzen al zaizue Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan administrazioan sartzeko euskara ere eskatzea?
Bai, bai. Orain, gaztelania beharrezkoa da lanpostuen %100ean. Euskara ere izan dadila beharrezkoa lanpostu guztietan. Gizarteari mezu indartsu bat ematen zaio: «Administrazioan lan egiteko, euskaraz jakin behar duzu». Segurtasun juridikoaren ikuspegitik ere oso garrantzitsua da, zeren administrazioek ez dute justifikatu behar zergatik ateratzen duten euskara jakitea eskatzen duen lanpostu bat. Malgu jokatu behar da, moldatu egoera soziolinguistikoaren eta administrazioaren arabera, zeren, adibidez, ez da gauza bera erkidego guztiari zerbitzua ematen dion administrazio bat izan edo ez. Erkidego guztian ematen baduzu zerbitzua, herritar guztiei eman behar diezu zerbitzua, eta guztien hizkuntza eskubideak errespetatu behar dituzu. Adibidez, Ertzaintzak herritar guztiei eman behar die zerbitzua, eta logikoa izango litzateke urrats handiagoak egitea. Gainera, garrantzitsua da euskara ikasteko prozesuetarako sarbide unibertsala ematea herritar orori, eta euskara ikastea eskubide subjektibo gisa onartzea, herritar bat bera ere ez dadin geratu euskara ikasteko aukerarik gabe; horretan ere urrats handi bat eman beharra daukagu.
EAJren proposamenak segurtasun juridikoa eta euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko ditu?
EAJren iritziz, lege proposamen honen bidez erakunde bakoitzari autonomia emango zaio, ardura handiagoa hartuko dute hizkuntza plangintzan eta aurrera egiteko aukera emango da. Ahulgune batzuk ikusten dizkiogu: arriskua egon daiteke oldarraldiaren efektuak administrazio batzuetan eragiteko, eta batzuek aurrera egiteko lan nahikoa ez egiteko; geroratze lanpostuak gehiegi erabiltzea, eta geroratzen lanpostuetan sartzen diren pertsonek ez edukitzea epemuga bat euskararen ezagutza egiaztatzeko.
EAJko legebiltzarkide Markel Olanok argi esan zuen: «Hizkuntza eskakizunak ez dira areagotuko». Hortaz, zertarako balioko du prozesuak?
Gauza horiek esaten dira diskurtso politikoan, baina denok dakigu administrazio elebidun batek soilik bermatuko dituela hizkuntza eskubideak, euskararen benetako ofizialtasuna eta euskara erabilera normaleko hizkuntza bat izatea. Orduan, jakina da eskakizunak areagotu egin beharko direla epealdi jakin batean, erabat orokortu arte; hori da administrazio elebiduna lortzeko aukera bakarra. Eta hau horretarako egiten da, administrazio elebidun bat lortzeko, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko.
«Jakina da [euskara] eskakizunak areagotu egin beharko direla epealdi jakin batean, erabat orokortu arte»
EAJk PSE-EErekin negoziatu zuen lehenengo, eta behin baino gehiagotan salatu zenuten bazterrean utzi zintuztetela. EAJk beste aukerarik izan ez duenean jo al du EH Bildurengana?
Seguruenera, bai. Akats bat da, zeren orain dela urtebete lanean hasi izan bagina, ziur aski orain beste toki batean egongo ginateke. Lege proposamena lantzen 2024ko udazkenean hasi ginen. 2025eko martxoan, EAJrekin bilera bat egin genuen, eta esan genuen: «Aurkeztu dezagun lege proposamen bat elkarrekin. Gurea ja hemen daukagu». Esan ziguten itxaroteko, eta denbora horretan ikusi genuen PSE-EErekin hitz egiten ari zirela. Ez ziguten erantzun, eta erabaki genuen guk lege proposamena sartzea iazko ekainaren 10ean; beraiek gure ondoren sartu zuten, ekainaren 20an. Adituek agerraldiak egin eta gero, guk gure lege proposamenaren gainean beste proposamen bat landu genuen, eta progresibotasun indizea erabiltzeko aukera hor sartu genuen. Bidali genien EAJri, PSE-EEri eta Sumarri; ez genuen erantzunik jaso. EAJrekin lehen bilera PSE-EErekin negoziazioa bertan behera geratu eta gero izan zen, aurten, maiatzaren 21ean. Hortik aurrera, bost bilera egin genituen, eta guk ja bigarren bileran erdibideko zuzenketa bat proposatu genien beraien testuaren gainean, ez baitzuten nahi gure lege proposamena aurrera ateratzea. Erdibidekoa ere ez zuten ontzat jotzen. Orduan, akordioaren parametroetara joan ginen. Pentsatzen dugu bidea orain hasiko dela benetan.
EAJrekin egin dituzuen bilera horiek euskaraz ala gaztelaniaz izan dira?
Euskaraz. Gure arteko harremana euskaraz da, erabat.
Akordioaren funtsa da EAJren proposamenean oinarritutako lege aldaketaren balorazioa egiteko batzorde bat sortzea. Hainbat irizpideren arabera ebatziko du EAJren proposamen hori balekoa den edo ez. Irizpide horiekin ados al zaudete?
Ados jarri gara. Hasiera-hasieran, ez zegoen adierazlerik, eta gu zorrotzak izan ginen: esan genuen adierazle objektibo batzuk zehaztu behar zirela. Hauek ezarri dira: jurisprudentzia irmo bat egotea, eta epaiek administrazio batean baino gehiagotan eragitea; iruditzen zaigu arrazoizkoa dela.
Jaso duzuenez, batzorde horretan EAJren proposamenak «bere helburu nagusiak betetzeko egiturazko nahikotasunik» ez duela frogatzen bada, beste proposamen bat lantzen hasiko zarete. EAJz fidatzen al zarete?
Konfiantza izatea inportantea da, eta, akordio bat egiten duzunean, bestearengan konfiantza izan behar duzu. Gero, egia da konfiantza hori eraiki egin behar dela, elikatu, eta jarraipen batzorde horren funtzionamenduak, hor hitz egiten dugunak, lanerako zorroztasunak eta horrek guztiak konfiantza elikatzen jarraituko dute, edo ez.
Bigarren proposamen hori landu beharko balitz, zuen ustez badago arriskurik EAJk pauso bat atzera eman eta proposamena ez lantzeko?
Zaila egiten zait imajinatzea, zeren demagun EAJren proposamena ez dela eraginkorra, epai pila bat daudela... Zerbait egin beharko da. Uste dut errealitateak berak bultzatuko duela beste erreforma bat aurrera eramatea. Uste dut beraiek ere ikusten dutela gure proposamena izango dela bidea. Haientzat, aldaketa hauek egitea zaila da, batzuetan ikusten dutelako orain arte egin dutenari uko egitea dela, baina ez da hori.
Balorazio «gazi-gozoa» egin du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Euskalgintzaren Kontseiluak balorazio orekatua eta egokia egin du. Esan dute: «Lehen urratsa da, lehen urrats gisa hartu behar dugu beste arkitektura juridiko bat eraikitzeko». Eta guri ere hala iruditzen zaigu. Eta: «Ez da nahikoa, zeren ez dugu lortu nahi genuena». Eta gu ere ados gaude: ez dugu lortu nahi genuena. Uste dut behar dugula euskalgintza indartsu bat, mobilizatua. Zenbat eta gizarte indartsuagoa, errazagoa izango da administrazioan euskara eta gaztelania parekatzea lortzea, adibidez.
Olanok onartu du EAJn «tentsioak» sortu dituela bai PSE-EE gabe lege proposamen bat aurkezteak, bai EH Bildurekin ados jartzeak. EH Bildun eragin al du tentsiorik zuen testua alde batera utzi eta EAJrena onartzeak?
Ez zait iruditu. Guk ez dugu gure proposamena alde batera utzi; besteek utzi dute, kontra bozkatu zutelako. Ongi ulertu eta oso ongi baloratu da egin dugun mugimendua. Uste dut jendeak oso ongi ulertu duela akordioaren bidez lortzen genuela gure proposamenari eustea, eta lankidetzan aritu beharra daukagula, herri interesak alderdien interesen gainetik jarrita; militantziak oso barneratuta dauka hori. Egia da badaukagula militantzia bat kritikoa, haratago jo nahi duena, anbizioa eskatzen diguna, eta hori oso ona da, iparra ongi zehazten laguntzen digulako.
EAJrekin itun bat egiteak sortu dizue tentsiorik etxe barruan?
Ez. Etengabe ari gara esaten adostasun zabalak eta gutxieneko programak behar ditugula. Gure lehen balorazio positiboa ere hori izan da: blokekako dinamika apurtzen hasi gaitezke.
Alegia, zuek EAJrekin akordio hau egiteak aliantza berri bati bidea zabal diezaiokeela?
Beste arlo batzuetan ere akordioak egiteko aukera irekitzen du. Gai zail honetan akordioa egiteko gai izan bagara, beste arlo batzuetan errazagoa behar luke. Etxebizitzan, adibidez, zailagoa da EAJrekin; askoz errazagoa Alderdi Sozialistarekin. Inoiz baino parlamentu subiranista eta euskaltzaleagoa dago, eta ezkertiarragoa, eta dinamika parlamentarioa aprobetxatu beharko litzateke bi ardatz horietan lan egiteko.
«Gai zail honetan akordioa egiteko gai izan bagara, beste arlo batzuetan errazagoa behar luke»
Orain, dekretu bat ontzea tokatuko da. Zer jaso beharko da dekretu horretan?
Lege proposamenaren ahulguneak eta arriskuak mugatu beharko lirateke dekretuan: administrazioaren euskalduntzean aurrera egiteko palanka izan; aukera eman atzera ez egiteko; geroratze lanpostuen —euskara eskakizunak ez dira egiaztatzen postu horretara sartutakoan, geroago baizik— kopurua mugatu; eta postu horietara sartzen diren langileen euskalduntzeari epemuga jarri. Administrazioan euskara lan hizkuntza izateko bultzada bat izan behar du dekretuak. [Markel] Olanok ere behin baino gehiagotan esan du: «Administrazioak arnasgune funtzional izan beharko luke». Guk ere hala uste dugu, eta horretarako bide bat izan beharko litzateke.