Emaitza zein izango zen gauza jakina zen bozketa egin aurretik ere. EAJk eta EH Bilduk atzo arratsaldean iragarri zuten akordioa egin zutela Enplegu Publikoaren Legearen erreformari bide emateko. Ez da ezustekorik egon: koalizio abertzaleak abstenituz eman dio bide jeltzaleen lege proposamenari. Baina kasik bozketa bera zen gutxienekoa gaur Eusko Legebiltzarrean; garrantzitsuena argazkia baitzen, gobernu zatituarena eta abertzaleen batasunarena. Euskarak eragin du ezohiko mugimendu hori.
Legealdi honetan ez ezik azken hamarkadan ere ikusi ez den irudi bat da hori. Eta horregatik da adierazgarria, besteak beste. Jaurlaritza osatzen duten alderdiak gutxitan izan baitira aurrez aurre lege proposamen bat eztabaidatzen eta kontrakoa bozkatzen. Eta, beraz, ikusteko dago horrek ondoriorik izango duen bazkideen arteko harremanean. Izan ere, txanponak badu beste alde bat: EAJk ituna oposizioko alderdi nagusiarekin egin du, EH Bilduk behin eta berriro eskatutako ezberdinen arteko «herri akordioari» bide emanda.
Ikusi gehiago
Bada, mugimendu horien mamua eztabaidaren erdi-erdian izan da gaurko bilkuran. Markel Olano EAJ legebiltzarkideak akordioa goretsi du, eta itunaren «balio kualitatiboa eta kuantitatiboa» nabarmendu ditu. Euskara hutsean egin du hitzaldia —aurrerantzean ere hala egingo duela esan du—, eta azpimarratu du jeltzaleek «ahalegin handia» egin zutela proposamena sozialisten babesik gabe aurkezteko; horrez gain, erantsi du «pragmatismoz eta eskuzabaltasunez» jokatu dutela EH Bildurekin akordioa eginda, hark kultura politiko ezberdinak ordezkatzen baititu.
Aitortu du ez dela «erraza» izan; alderdian «tentsioa» egon dela esan du. Baina gogorarazi du lege erreformak babes zabala lortu duela, jeltzaleek eta bilkideek legebiltzarkideen ia hiru laurden ordezkatzen dituztela eta. Berretsi du EAJrentzat «gai zentrala» dela euskara normalizatzeko prozesua, eta horregatik onartu dutela erreforma. Legea «ona» dela azaldu du, «teknikoki zuhurra», eta administrazioa euskalduntzeko egungo eredua «sendotuko» duela. Horiek horrela, testua «ez desitxuratzea» galdegin die gainerako taldeei, ez baita egia hizkuntza eskakizunak gogortu egingo direla.
«Legea aldatuta, espazio zentrala indartu nahi dugu. Erdiko espazio bat behar dugu, hizkuntzen bizikidetza eta integrazio bat. Baina, horretarako, ezinbestekoa da administrazioa euskalduntzea»
MARKEL OLANO EAJko legebiltzarkidea
Sozialistei esan die, halaber, legea aldatuta «espazio zentrala» indartzea dela EAJren xedea, diglosiaren eta elebakartasunaren arteko eremu bat. «Erdiko espazio bat behar dugu, hizkuntzen bizikidetza eta integrazio bat, eta gure herri honetan kulturaren eta hizkuntzaren ikuspegitik dagoen aniztasuna bermatuko duen prozesu bat», azpimarratu du, eta erantsi horretarako «ezinbestekoa» dela administrazioa euskalduntzea.
«Jauzi bat»
EH Bilduk ere akordioaren garrantzia nabarmendu du: haren «dimentsio politikoa» goretsi du Pello Otxandiano koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Azpimarratu du lehen aldiz «blokeen politika» gainditu dela, eta «herri ikuspegitik ezberdinen arteko akordioak» egitea lortu dela. Adierazi du «elkarrizketa politikoa» ez ezik «kalitate demokratikoa» ere mailaz igotzeko balioko duela: «Hau da, hain zuzen ere, herri erronkei eta garai ilunei aurre egiteko behar dugun politika».
Are gehiago, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikak «behar zuen jauzia» dela esan du Otxandianok. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan jada gertatu dena, hain justu ere. Ez du ezkutatu, hala ere, «beharrak» eragindako akordioa izan dela; «blokeoa» gainditzeko eman dutela pausoa, alegia. Izan ere, koalizio subiranista ezkor agertu da beti EAJren proposamenarekin, oldarraldiari aurre egiteko nahikoa ez zela iritzita. Hala ere, adierazi du eraginkorra izan dela demostratzen bada lehenak izango direla «umiltasun osoz» aitortzen oker zeudela. Edonola ere, azpimarratu du «malgutasunez eta arduraz jokatu dutela».
«Hau da, hain zuzen ere, herri erronkei eta garai ilunei aurre egiteko behar dugun politika»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko legebiltzarkidea
Gogora ekarri du, hala ere, lege erreformaren azken helburua administrazio elebiduna lortzea dela, «prozesu progresibo eta malgu baten» bidez. Horregatik, iritzi dio lege erreformak ez duela euskararen inguruko kontsentsurik apurtzen, 1982ko Euskararen Legean azken xedea ere hori zelako. Are, orduko kontsentsuei «jarraipena» ematen diela azpimarratu du. Horregatik, Alderdi Sozialistari dei egin dio akordiora batzeko, elkar ulertzea «posible» dela uste baitu: «Lurzoru komun honetan denok egon gaitezke».
Leialtasuna hautsi
Alderdi Sozialistak ez du, oraingoz behintzat, EH Bilduren gonbidapena onartu, kritiko agertu baita EAJren eta EH Bilduren akordioarekin. Pau Blasi PSE-EEko legebiltzarkideak gogor hitz egin du Jaurlaritzako bazkideen kontra bereziki, eta bi alderdien arteko kontsentsuak eta leialtasuna haustea egotzi die. Haustura hori gobernuraino iritsiko denik ez dirudi, hala ere; ez du halakorik iradoki bederen.
Blasik, suminduta baino gehiago, atsekabetuta hitz egin du: «Ez dakit inoiz aurrez halakorik gertatu den, baina honek ez du zentzurik, eta sinestezina iruditzen zait honaino heldu izana». Adierazi du «arduratsuak eta koherenteak» izan zirela jeltzaleekin negoziazioei bide emanez, baina zehaztu du sozialistentzat «onartzen zailak ziren proposamen maximalistak» jarri zizkietela mahai gainean, herrialdearen «ikuspegi pluralarekin» bat ez zetozenak, eta, beraz, ezin zaiela leporatu mugitu ez direnik. Are, esan du soka ez duela PSEk tenkatu: «Irainak, pintaketak eta pankartak beste alde batetik etorri dira».
«Euskal sozialistok orain arteko kontsentsuak defendatzen ditugu oraindik, baina ez gara egongo zatitzen eta baztertzen gaituzten proposamenetan»
PAU BLASI PSE-EEko legebiltzarkidea
Legebiltzarkide sozialistak ohartarazi du legearen erreforma «presaka eta txarto» egin dela, eta «zalantza gehiago» sortuko dituela. «Euskal sozialistok orain arteko kontsentsuak defendatzen ditugu oraindik. Arrakastatsuak izan diren euskara biziberritzeko politikak aurrera egiten jarraitzea defendatzen dugu. Baina ez gara egongo zatitzen eta baztertzen gaituzten proposamenetan, eta are gutxiago administrazioa ahultzen dutenetan», esan du Blasik.
PPren mehatxua
Erreforma kontsentsurik gabe onartu izana kritikatu du Jon Hernandezek ere. Sumarreko legebiltzarkideak «adabaki bat» onartzea egotzi die EAJri eta EH Bilduri, eta «antzerkia» egitea. Izan ere, iritzi dio lege aldaketak ez duela «ezer» aldatuko. «Kolpe batez urteetako kontsentsuak apurtuko dituzue, eta jende asko administraziotik ez ezik euskaratik ere kanpo utziko duzue».
Aldiz, gogor eta zakar hitz egin du Alderdi Popularrak. «Proiektu abertzaleei makurtuko» zaien administrazio bat sortu nahi izatea leporatu die jeltzaleei eta subiranistei, eta Lizarra-Garazi «linguistiko bat» egin nahi izatea. Santiago Lopezek salatu du lege erreformaren bidez «milaka langileri» euskara «inposatuko» zaiela, eta ohartarazi du auzitara joko duela bertan behera uzteko.