Euskal Herriko Torturatuen Sareko kidea

Ainara Fresneda Etxeberria: «NBEren txostenak ondorioak ekarri beharko lituzke»

Euskal Herriko Torturatuen Sarearentzat lanean segitzeko akuilu izan da NBEren Giza Eskubideen Batzordearen txostena; izan ere, torturek ez dutela preskribatzen aitortuta, urteetako inpunitateari amaiera eman dakiokeela uste dute.

Ainara Fresneda, Euskal Herriko Torturatuen Sareko kidea. GORKA RUBIO / FOKU
Ainara Fresneda, Euskal Herriko Torturatuen Sareko kidea. GORKA RUBIO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ainara Fresneda (Lesaka, Nafarroa, 1974) Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideak uste du Nazio Batuen Erakundearen NBEren Giza Eskubideen Batzordearen txostenak ondorioak izan beharko lituzkeela, NBEk aitortzen baititu Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatutako 5.000 tortura salaketatik gora, eta haiek ikertzeko mekanismo independente bat sortzeko eskatzen baitio Espainiako Gobernuari: «Erantzukizun publikoak hartzeko ordua da». Horretarako lanean segituko dutela adierazi du.

Nola jaso duzue NBEren Giza Eskubideen Batzordeko txostena?

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Torturatuen Sarea sortu zen egunetik esan eta eskatu duguna berresten du txosten horrek, eta, zentzu horretan, guk oso berri ontzat hartu dugu. Torturatuak izan garenok ukazioa eta isiltasuna besterik ez dugu jaso urteetan bizi izan dugunaren harira, eta, azkenean, nazioarteko esparrutik horrelako onarpen bat etortzeak [Espainiako] Estatuak gure herriaren kontra hamarkada luzez erabili duen indarkeria azalarazten du. Horrek guztiak ondorioak ekarri beharko lituzke; ez dakigu benetan ekarriko dituen ala ez, baina gu itxaropentsu gaude, eta horretarako lanean jarraituko dugu.

Azaleratzen du inkomunikazioa nola ahalbidetzen zen, nola egon zitezkeen atxilotuak bost egunez polizien esku bermerik gabe eta nola oraindik ere posible den hori gertatzea. Zer iritzi duzu?

Guk beti esan dugu inkomunikazioak torturarako modua ematen duela. Inkomunikaziorik gabe, tortura ez litzateke posible izango. Horixe da tortura gertatzeko beharrezko baldintzetako bat. Inkomunikazioak inolako babesik gabe uzten du atxilotua egun horietan. Azpimarratu nahi dugu, baita ere, inkomunikazio hori [Espainiako] Auzitegi Nazionaleko epaileek agindua zela. Arkitektura oso bat eraiki zen tortura gerta zedin, eta Auzitegi Nazionaleko epaileak arkitektura horren parte ziren, eta erantzule zuzenak ere bai. 

Espero duzue arrakalarik orain arteko isiltasunetatik? 

Arkitektura horren parte izan dira polizia, auzi mediku, judikatura, hedabide eta politiko batzuk. NBEren Giza Eskubideen Batzordeak argitaratutako txostenak orain arte egon den isiltasun konplizea apurtzen lagundu beharko luke, baina hori gertatuko da? Ez dakigu.

NBEren txostenak azpimarratu du tortura salaketak ez direla preskribatzen. Hain zuzen, argumentu horiek erabili dituzte maiz epaileek salaketak ez ikertzeko. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Horrek esan nahi du Batzordean guztiz jabetzen direla Estatuan torturak izan duen inpunitateaz. Tortura gizateriaren kontrako krimena da, eta horrela hartzen da nazioarteko instantzietan. Hori dela eta, preskribatzen ez den delitutzat hartzen da. Gure kasuan, ordea, inpunitate osoa izan dute, eta kondenatuak izan diren torturatzaile gutxi horietako gehienei ere indultua eman diete gero Espainiako gobernu ezberdinek. Hori guztia izugarria da. Txosten horretan esaten denari kasu egingo baliote, hamarkadetako inpunitate horren amaiera izan beharko luke. Eta, ondorioz, Kriminologiaren Euskal Institutuak dokumentatuak dituen 5.394 tortura kasuak ikertu beharko lirateke.

«Milaka Raul eta Iratxe daude, tortura errealitate sistematiko bat izan baita, eta ez kasu bakan batzuk»

Propio aipatzen ditu Raul Fuentes eta Iratxe Sorzabalen kasuak. Torturatuen sareko kideok zer iritzi duzue horretaz?

Raul Fuentes eta Iratxe Sorzabalen kasuak oso adierazgarriak izan dira, Raulen kasuan Nazio Batuen Torturaren Aurkako Batzordea tortura zantzu argiez, ikerketa faltaz eta zigorgabetasunaz aritzen delako; eta, Iratxeren kasuan, Auzitegi Nazionalak lehen aldiz aitortu zuelako Guardia Zibilak euskal herritar bat torturatu zuela. Hori mugarri bat da, baina milaka Raul eta Iratxe daude, tortura errealitate sistematiko bat izan baita, eta ez kasu bakan batzuk; nahiz eta hori saldu nahi izan diguten tortura egon dela ezkutatu ezin izan dutenean. Horrek beste ondorio batzuetara ere bagaramatza: azken hamarkadetan zenbat euskal herritar zigortu dituzte eta zenbat daude oraindik espetxean torturapean behartutako autoinkulpazioen ondorioz? Guk ozen esaten dugu: torturetan oinarritu diren zigorrak bertan behera utzi behar dira berehala. Bestalde, torturak egon direla aitortzen da. Baina tortura egon bada, torturatzaileak ere egon dira. Zein dira, beraz, tortura kasuen erantzuleak? Inork ez ditu egin giza eskubideen urraketa horiek?

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egin dituzte urratsak. NBEren txostenak propio aipatzen ditu ertzainen inguruan jasotako 300 tortura salaketak. Espero duzue aurrerabiderik?

Ertzaintzaren 300 tortura kasu baino gehiago daude bilduak, bai, kasu horretan ere arduradunentzat inolako ondoriorik izan gabe, nahiz eta Jaurlaritzak jada kasu hauetako batzuk 12/2016 Legearen bitartez aitortu dituen. Espero dezagun NBEren Giza Eskubideen Batzordearen txostenak bidea irekitzen lagunduko duela. Guk esan dezakegun bakarra da hori gerta dadin lan egingo dugula, erantzukizun publikoak ezinbestekoak baitira.

Urte luzez borroka bakartia izan da, isilean eramana. Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurten aurkeztu duzue. Zer ekarri dizue taldea osatu izanak?

Urte luzeetan bakarrik sentitu gara bide honetan, eta sarea sortu izanak eta bere parte sentitzeak babesa eman digu, eta elkar zaintzeko aukera. Gure artean hamarkada ezberdinetan torturatutako pertsonak egon arren, bizipen, min eta zauri berdinak ditugunez, elkar ulertzen dugu. Sare bat izateak indarra eman digu, eta ahaldundu egin gaitu.

«Tortura egon bada, torturatzaileak ere egon dira. Zein dira, beraz, tortura kasuen erantzuleak? Inork ez ditu egin giza eskubideen urraketa horiek?»

Zer mezu helarazi nahi zenukete torturatuen sareko kideok?

Orokorrean, torturari dagokionez, erantzukizun publikoak hartzeko ordua da. Horregatik, erakunde publiko eta alderdi politikoei eskatu nahi genieke NBEren Giza Eskubideen Batzordeak bere txostenean dioena onartzeko eta ematen diren gomendioak gauzatzeko. Azkenik, Euskal Herriko Torturatuen Sarea torturatuen bozgorailu izateko sortu zen; Euskal Herri guztian zehar, luze-zabalean, torturatuak izan direnak saretzen gabiltza, eta sarea indartzeko eta egia argitara ekartzeko lanean jarraituko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.