GEBehatokiak Espainiari eskatu dio bere gain har ditzala torturaren auzian dituen betebeharrak

Espainiak NBEren gomendioei muzin eginez gero, GEBehatokiak ekinbideak abiaraziko ditu. Uste dute torturaren auzian egon den «inpunitate horma» pitzatzen hasia dela.

Iratxe Urizar eta Agus Hernan, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iratxe Urizar eta Agus Hernan, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko uztailaren 24a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Uztailaren hasieran, Espainiako ordezkariak NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean agertu ziren, eta han, besteak beste, torturaren auziari eta zenbait txosten ofizialetan jasotako 6.000 tortura salaketa ingururi buruz galdetu zieten; zehazki, itaundu zieten zergatik Espainiak ez duen prozedurarik abiarazi tortura kasu horiek ikertzeko. Geroago, batzorde horrek txostena plazaratu zuen, eta han hainbat gomendio eta eskaera egin zizkion Espainiari: adibidez, neurriak hartzeko tortura delituei buruzko salaketek preskriba ez dezaten. GEBehatokia Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia bat etorri da eskaera horrekin, eta berriro galdegin dio Espainiako Gobernuari bete ditzala giza eskubideen alorrean eta, zehazki, torturaren kontrako borrokan nazioarteko legediak ezartzen dizkion betebeharrak.

Iratxe Urizar abokatuak eta GEBehatokiko koordinatzaile Agus Hernanek nabarmendu dute Espainiari pilatzen ari zaizkiola torturaren kontra neurriak hartzeko nazioartearen deialdiak, eta deialdi horiek gero eta ozenagoak direla. Giza Eskubideen Batzordearen azken txostenari dagokionez, Urizarrek esan du han jasotako eskaerak «irmoak eta zehatzak» direla. Urizar Genevan (Suitza) egon zen Espainiako ordezkaritza batzordearen aurrean agertu zenean, eta, esan duenez, «oso lausoak eta zehaztasunik gabeak» izan ziren ordezkaritza horren erantzunak.

NBEren txostenean jasotako baieztapen, gomendio eta eskakizun guztietatik bat nabarmendu dute GEBehatokiko ordezkariek: tortura «gizadiaren aurkako delitua» dela, «preskribaezina» dela, eta Espainiak neurriak hartu beharko lituzkeela ezin preskribatuzkoak izatea bermatzeko. Bi adibide eman dituzte: Iratxe Sorzabalen kontrako auzian, Espainiako Auzitegi Nazionalak berak onartu zuen Sorzabalek «tratu gizagabea» pairatu zuela, baina uko egin diote tortura salaketa hori ikertzeari, argudiatuta hura gertatu zenetik denbora luzea igaro dela eta auzia preskribatuta dagoela. Raul Fuentesen kasuan, berriz, Torturaren Aurkako Batzordeak onartu zuen bazuela bere tortura salaketak aurrera egiteko eskubidea eta delituak ez zuela preskripzio mugarik.

«Espainiako Gobernuak neurriak hartu behar ditu euskal gatazkaren testuinguruan gertatutako urraketak direla eta; kezka gero eta handiagoa da nazioartean»

IRATXE URIZARAbokatua

«Espainiako Gobernuak neurriak hartu behar ditu euskal gatazkaren testuinguruan gertatutako urraketak direla eta; kezka gero eta handiagoa da nazioartean», azaldu du Urizarrek, eta zehaztu du zeintzuk diren Espainiak hartu beharreko neurri nagusiak: torturaren biktimak aitortzea, biktimen erreparazioan eta egia zein den argitzeko lanetan laguntzea, preskripzio mugak kendu eta tortura delituak ikertzea, eta 1977ko amnistia legea baliogabetzea, besteak beste.

Neurri horietako zenbaitek badute epemuga: Fuentesen auzian, Torturaren Aurkako Taldeak uztailaren 31ra arteko epea jarri zion Espainiari proposatutako neurriak abian jartzeko. GEBehatokiak iragarri du ekinbideak hasiko dituela baldin eta Espainiak ez badu neurririk hartzen epe horretan, eta berdin egingo duela Sorzabalen kasuan, ekinbide horien inguruko zehaztasunik eman nahi izan ez duten arren: «Jada ez du balio preskribatu dutelako argudioa aplikatzea».

«Kontakizun faltsua» 

Hernanek azaldu duenez, urte askoan «zigorgabetasuna eta ukazioa» izan ditu oinarri Espainiak tortura salaketen harira emandako erantzun ofizialak: «Biktimen ekinbide guztiek horma bat izaten zuten parean, nahiz eta, tarteka, babesa aurkitzen zuten Europako eta nazioarteko instantzietan». Baina «kontakizun faltsu» horren gainean eraikitako horma hori «pitzatzen» hasia da, GEBehatokiaren ustez. «Inpunitatearen horma erortzen ari da, eta Auzitegi Nazionalean ere hasi dira pitzadurak agertzen», esan du, Sorzabalen auziko epaiari erreferentzia eginez.

Hernanen esanetan, badago ukazioan tematzen den «bunker negazionista» bat, orain arte «bere legea» ezarri duena, baina gauzak aldatzen hasi dira: «Hamarkadak behar izan dira negazionismoa gainditu eta tortura salaketak egiazkoak direlako adostasuna eraikitzeko».

«Inpunitatearen horma erortzen ari da, eta Auzitegi Nazionalean ere hasi dira pitzadurak agertzen»

AGUS HERNANGEBehatokiaren koordinatzailea

Hernanek gogorarazi du Espainiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala sinatua duela, eta horrek zenbait betebehar ezartzen dizkiola. «Espainiako Gobernuak badu erantzukizun handi bat; ezin du jokatu auzi honekin zerikusirik izango ez balu bezala».

GEBehatokiak berretsi du «fiskaltza sozialaren rola» beteko dutela aurrerantzean ere, eta lanean arituko direla «biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea» bermatua izan arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.