Negu Gorriak plataformak izena aldatu du: Derecho a Techo izanen da aurrerantzean

Ohar batean adierazi dutenez, «Negu Gorriak musika taldeko kide ohiek hala eskatuta» hartu dute erabakia.

Negu Gorriak kolektiboak antolatutako manifestazio bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Negu Gorriak kolektiboak antolatutako manifestazio bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko irailaren 25a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko izena galdu du Negu Gorriak plataformak. Aurrerantzean, gaztelaniazko bertsioari soilik eutsiko diote: Derecho a Techo.

Kalean bizi diren migratzaileei laguntzeko sortu zen plataforma, duela hiru urte. Orain arte, Iruñean aritu dira gazte etorkinei aterpea, gosaria eta laguntza eskaintzen, eta iragan astean brigada bat antolatu zuten Ceutara (Espainia) joateko, Marokotik hara joandako ehunka migratzaileri babesa emateko. Han, ordea, haien aurka oldartu ziren eskuin muturreko hainbat manifestari —Ceuta Ya alderdiko diputatu baten autoari eraso egin zioten, Negu Gorriak-eko kideak zeramatzalakoan—, eta heriotza mehatxuak jaso dituzte sare sozialen bidez.

Espainiako zenbait hedabidek, gainera, nahastu egin zituzten Iruñeko kolektibo antirrazista eta Negu Gorriak rock taldea. «Nahita sortu zuten nahasmena gure euskarazko izenaren eta 1990eko hamarkadako izen bereko musika taldearen artean», azaldu du plataformak ohar batean. Horregatik aldatu dute izena. Erabakia, dena den, «Negu Gorriak musika taldeko kide ohiek hala eskatuta» hartu dutela nabarmendu du plataformak.

Derecho a Techo kolektiboak eskerrak eman nahi izan dizkie egunotan babesa adierazi dieten guztiei: «Beroa eman digute, eta, are gehiago, Ceutako kaleak eta hondartzak atzerritarrentzako atxikitze zentro bihurtuak diren honetan, elkartasunez lan egiten jarraitzera animatu gaituzte».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA