Neniques Roldan gailendu da Nafarroako Ahal Dugu-ren koordinatzaile nagusia aukeratzeko barne prozesuan. Alderdiko militanteek atzo zuten botoa emateko azken eguna, eta parte hartzaileen %51k —186 lagunek— hautagai ofizialistaren alde egin dute. Lehia estua izan da, 31 botoren aldea besterik ez baitio atera Txuma Huarteri. Hark alderdikideen %42ren babesa izan du; gainerakoak (%7) boto zuriak izan dira. Barne prozesu horretan, Nafarroako Herritar Kontseiluko ordezkariak ere aukeratu dituzte. Hamabost ordezkarietatik bederatzi Ahal Dugu Harrotasunez zerrendako kideak dira, hau da, Roldanen hautagaitzakoak. Gainerakoak, berriz, Aurrera Ahal Dugu-koak. Lelo horren pean aurkeztu zen Huarte primarioetara.
Roldan alderdiaren hautagai ofizialistatzat hartu da. Izan ere, Podemosen Herritar Kontseiluko kide da apiriletik, eta haren tesiek bat egiten dute alderdiaren zuzendaritza Madrilen defendatzen ari den ikuspegiarekin. Besteak beste, kritiko azaldu da Begoña Alfaro Nafarroako hirugarren presidenteorde eta Ahal Dugu-ko buruak zuzendutako taldeak azken urteetan izandako rolarekin, eta alderdia ez «elikatzea» egotzi dio.
Azken asteetan, berriz, PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdani lotutako ustezko ustelkeria kasuaren harira, Roldanek adierazi du Alfarok Nafarroako Gobernua utzi beharko lukeela. «Nafarroako Gobernuan dagoena erretzen ari da», esan zuen agerraldi batean. Hain zuzen, tesi hori berretsi zuen Podemoseko Antolakuntza idazkari eta eledun Pablo Fernandezek ere, iritzita alderdi sozialistarekin dagoen lotura hautsi behar dela.
Alfarok eta haren inguruak, baina, esan zuten erabaki hori ez dela Ahal Dugu-rena, eta kritikatu egin zuten Madrilgo zuzendaritzak primarioetako hautagai baten proposamena babestea. Izan ere, Txuma Huarte hautagaiak beste ikuspegi bat du, eta hala adierazi du azken asteetan. Barañaingo zinegotzia gobernuan jarraitzearen alde azaldu da, eta gehitu izan du, edozein kasutan ere, erabaki hori Alfarok berak eta Zurekin koalizioak hartu beharko luketela, eta ez Ahal Dugu-k.
Horiek horrela, ezker konfederaleko barne tentsioen adierazle izan dira primarioak. Hala aurreikusi zitekeen Alfarok berak apirilaren amaieran argitaratutako oharra kontuan hartuta. Koordinatzaile karguari eusteko hautagaitza aurkezteari uko egitearekin batera, gogor kritikatu zituen esparru politiko horren barruko eztabaidak, eta batasunaren aldeko mezua zabaldu nahi izan zuen, Zurekin Nafarroa koalizioa babestuta.
Aurrerapenik ezean, 2027an egingo dituzte Nafarroako Parlamenturako bozak, eta horiei begira jartzea izango da zuzendaritza berriaren eginbeharretako bat. Ikusteko dago zer norabide hartu nahi izango duten, eta aukerarik izango ote den berriz ere Zurekin koalizioa osatzeko. Oraingoz, Roldanek adierazi du goiz dela hori argitzeko.