ETAko kide eta ordezkari ohia

Josu Urrutikoetxea: «Ni sartuko naute kartzelan, baina sekula ez dute lortuko kentzea azken sei urteetan lortu dudana»

Parisen hartutako erabakietan haren alde egin badute ere, Espainian idatzi duten kontakizuna itxi behar dutela uste du Urrutikoetxeak. Salatu du bere kontrako akusazioak «azpijokoetan» oinarritzen direla.

Josu Urrutikoetxea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Josu Urrutikoetxea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egoera konplikatu bazaio ere, irribarretsu agertu da Josu Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) Baionara: «Hori da dagoena». Parisko Dei Auzitegiak errugabetzat jo zuen ostegunean. Hori izan ohi da auzipetu batek espero duen erabakia. Baina, oraingoan, Frantziako prozeduren bukaera adierazten du. Egun gutxiren buruan Espainiaratua izateko arriskua dauka.

Ez zen esperotako erabakia izan. 

Lehen aldia da horrelako zerbait gertatzen dela. Hau da, nik epaiketan onartu nuen erakundeko militantea nintzela garai haietan, 2002tik 2005eko maiatzera arte. Ni ez naiz hasiko hitz egiten logika juridikoei buruz, zoritxarrez ongi ezagutzen baititugu. Kontua da apurtu egiten duela orain arte izan duten jarrera. Hala ere, esango nuke ongi dela nahiz eta erakundeko militantea naizela onartu ez erruduntzat ematea. Baina horrek gauza asko esan nahi ditu.

Besteak beste, erran nahi du 2002tik 2005era ETAko kide izatea ez dela «talde terrorista» bateko kide izatea.

Hori da. Zenbat gizon eta emakume epaituak izan ziren epaitegi horretan bertan epe horietan. Kontraesankorra da hasiera-hasieratik. Epaileak esan zezakeen beste batzuetan bezala aspaldiko gauzak direla, eta hori kontuan hartu behar dela eta abar. Ez du esaten. Erabakian zera esaten du, ez dela aski froga esateko errudun naizela.

1990ean epaitu nindutenean, lehenengoa izan nintzen erraten erakundeko militantea nintzela. Ordura arte, atxilotzen gintuztenean, kideek ez zuten onartzen epaitegia, baina ez zuten onartzen erakundeko militantzia ere, eta hala ere zigortzen zituzten. Ni izan nintzen lehena hori errekonozitzen. Gogoratzen dut esaldia nola izan zen: «Nintzen, naiz eta izango naiz», edo horrelako zerbait.

«Nola demontre justifikatu dezakete epaitegi batean? Ez dauka logikarik, juridikoki ez du nondik heldu. Baina hori da dagoena» 

Paradoxa bat sortzen dute Frantziako epaiek.

Azken euroaginduan, Pedraz jaunak esaten du ni 2002tik 2019ra ETAren buru nagusietako bat nintzela. Hor ere beste hanka sartze bat: jadanik existitzen ez zen erakunde bateko zuzendaritzakoa naiz 2018tik 2019ra. Alde batetik, hori. Baina, 2002an, Schengengo Ituna onartu zutenean, izenpetu zuten estatuen artean konfiantza egiten ziola batak besteari. Ados. Espainiako Estatuko Justiziak konfiantza egiten dio Frantziakoari. Ba, Frantziakoak esaten du 2002tik 2005era arte ez naizela errudun. Eta esaten du 2011tik 2013ra ez naizela errudun. Nola demontre justifikatu dezakete epaitegi batean? Zer esan nahi du? 2002an lurperatuta nago; hor, ez naiz; 2005ean agertzen naiz, hor banaiz; berriro desagertzen naiz eta berriro banaiz. Eromena da zentzu guztietan. Ez dauka logikarik, juridikoki ez du nondik heldu. Baina hori da dagoena. 

Hein batean hala ibili zinen garai haietan, joan-etorrian. 

Behin baino gehiagotan kontatu dut, eta epaitegi horretan bertan ere erran izan dut, ez dut ukatzerik. 2002an, ETAra itzuli nintzenean, negoziazio prozesua lantzen aritu nintzen, baina zuzendaritza berria iritsi zenean ez zeuden parametro horietan, eta ikusi nuen pareta baten kontra gindoazela. Erakundeak zentralismo demokratikoan oinarrituta funtzionatu du beti. Oinarria da obeditzea; eta, gero, ez bazaude ados, kritikatu. Bigarren aukera da dena uztea eta zure kabuz egitea bizitza. Hori egin nuen nik.

Eta gero, 2011n nire bila etorri ziren berriz, zenbait arrazoirengatik; Aieteko prozesua tartean zegoen, eta horrekin ados nengoen. Baldintza horiekin sartu nintzen ordezkaritzan. Eta egin genuena egin genuen. Bi urtez baino gehiagoz Rajoy eta konpainiaren gobernuaren zain egon ginen.

Aldi horretan jokatu zenuen rola ere Parisko epaitegian jasoa dago.

Eta, gainera, urrunago doa. Orduko epaiak esaten du ez zegoela aski froga 2011-2013 aldian ni erakundekoa nintzela frogatzeko. Baina esaten du —eta hori da garrantzitsua— izan banintz ere hori haientzat ez zela delitu, ikusita nire zeregina zela negoziazio prozesua bideratzea. Oso garrantzitsua da.

Bi epaiketa horiek sasian zinen garaian egin zituzten lehenik.

Bost urteko zigorra eman zidaten, fiskalak dei egin zuen, eta gero zazpi urteko zigorra; eta bestean, zortzi urtekoa. Atxilotu nindutenean, horregatik atxilotu ninduten, jakinarazteko zigortuta nintzela. Kartzelara eraman ninduten La Santera, eta handik hilabetera abokatuek behin-behineko askatzea eskatu zuten. Louis Joineten etxera joan behar nuen: garai hartan Mitterranden aholkularia izan zen, eta justizia trantsizionalaren nolabaiteko aitatzat hartua da. Eta epaimahaiak erabaki zuen ni libre uztea epaiketa berrikusi arte. Libre gelditzeko momentu hartan, atera baino lehen atxilotu ninduten berriro. DGSIko poliziek bi estradizio eskaera eta bi euroagindu eskaera jakinarazi zizkidaten orduan. 

Espainiak ez zuen nahi irudi hori: zu atxilotu eta berehala libre ateratzea. 

Handik hilabetera, begira zer erridikulua. Kristorenak eta bi egin zituzten ni atxilotu nindutenean; prentsan izan zen betiko erokeria. Eta handik hilabetera Parisko epaitegi batek libre uzteak ez du bat egiten haiek nire inguruan saltzen zuten irudiarekin. Ez doa bat, ez du logikarik. Orduan sartu zituzten lau eskaera horiek.

Estradizio eskaera bat zen, Luis Herguetaren hilketarekin lotua. Ekintza hori politiko-militarrek hartu zuten bere gain, prentsan ere horrela dago; eta ni sekula ez naiz egon haiekin. Eta hori bazekiten; Poliziak eta kristo guztiak zekien hori, baina bota egin zuten hala ere. Ea pasatzen den. Eta Parisen pasatu da. Abokatuak esan zion epaimahaiari, eta erantzuna izan zen: «Hori Madrilen erabakiko dute». Politiko-militarretako zuzendaritzan egon ziren kide batzuek esan zidaten beraiek prest zeudela deklaratzera joateko Auzitegi Nazionalera, eta horrela egin zuten bideokonferentziaz. Eta haiek esan zioten ni sekula ez nintzela izan erakunde horretakoa. Horrela, atzera bota zuen Auzitegi Nazionalak.

 Josu Urrutikoetxea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Josu Urrutikoetxea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Zaragozako kuarteleko atentatuari dagokio beste estradizio eskaera.

Denak atxilotuta daude, agindu zutenak eta ekintzaileak, denak. Eta nire izena inondik inora ere ez zen agertzen. Are gehiago: ni kartzelan nengoela Espainiako Estatuan, Garzon epailea saiatu zen inplikatzen hogei kasutan, tartean Zaragozakoa. Eta ezin izan zuten frogatu; ez zegoen inolako frogarik. 

Baina 2001ean berriz heldu zioten. Kalean zaude egunero, diputatua zara, eta hori ezin dute jasan. Eta orduan zer egin zuten? Guardia Zibilak dosier bat muntatu. Hasi ziren esaten ez dakit zein militantek hau esan zuela, beste batek zurrumurru batzuk... eta berriro inplikatu ninduten Zaragozakoan. Ikusita zer-nolako zurrunbiloa izan zen 2002an nire inguruan... prentsan zegoen beti, egunero-egunero. Gaur egungo estiloan, funtsean, ikusten dugu zer-nolako giroa dagoen mundu politiko mediatikoan Espainiako Estatuan. Gorenean hitzordua jarri zidaten urte bukaerarako, eta ikusi nuen salduta nengoela. Ez neukan inolako bermerik epaiketa justu baterako, segituan zigortuko ninduten, eta horregatik erabaki nuen ihes egitea 2002ko bukaeran.

Eta beste bi euroagindu daude. 

Barajaskoa Frantziak bertan behera utzi zuen. Bestea herriko tabernena da, non inor ez zen joan kartzelara. Hor ere aprobetxatzen dute nire izena handik agertzen dela, eta, beraz, hori ere barrura. Eta horri gehitu zaio azken euroagindua: Dignidad y Justicia elkarte fatxa horrek eta AVTk eta ez dakit zerk egindako azpijokoa onartu zuen Pedrazek. Atxilotu nindutenean hartu zituztenetan oinarritzen da hori. Nik alaba Maluri ipuinak kontatzen nizkion grabatuta, eta erraten dute berdinak direla nire ahotsa eta 2018an Genevan erakundearen disoluzioa irakurri zuenarena. Baina hori kristo guztiak zekien. Horren beharrik ez daukazu: badakizu ni nintzela. 

Beraz, esaten dute erakundeko zuzendaritzakoa naizela, ezin delako bestela izan: disoluzioaren berri emateko eta negoziazio prozesuetan parte hartu ahal izateko, izan behar da zuzendaritzakoa. Hori esaten baldin badute, ezer gutxi dakite negoziazioen munduak nola funtzionatzen duen. Milaka negoziazio prozesu egon dira, eta denetan ez daude zuzendaritzetako edo gobernuetako buruak. Askotan sekula ez dira agertzen. Hori da ikusteko zertan oinarritzen diren horrelako gauzak eskatzen dituztenean. Eta Frantzian onartu dute. Guk helegitea jarri genuen, eta, bi hilabeteko epean legez erantzun behar dutenez, orain erantzungo dute, hil honetan.

«Guardia Zibilak ateratako liburuan eta El desafío dokumentalean argiki esaten dute: "Irabazi dugu, baina ginga falta zaigu". Eta hori naiz ni».

Frantziako Justizia Espainiaren mesedetara aritu da?

Ez bakarrik nire kasuan, historikoki izan da hala. Espainian idatzi duten errelatoan esaten dute beraiek direla garaileak, eta gu galtzaileak. Eta, orain, beraiek muntatu duten bukaera eman nahi diote kontakizun horri. Guardia Zibilak ateratako liburuan eta El desafío dokumentalean argiki esaten dute: «Irabazi dugu, baina ginga falta zaigu». Eta hori naiz ni.

Mundu honetan, politika munduan, ez Europan, ez Nazio Batuetan, ez inon, ez da deus dohainik ematen. Eta espainolen eta frantsesen artean horrela jokatzen dute. Zuk hau egiten didazu, eta nik bestea egiten dizut; eta kito. Eta, nire kasuan, nola beraiek igo nauten —zeren saltsa horretan beraiek igotzen zaituzte—,  behar naute garaipena irudikatzeko. Eta frantsesak joko horretan sartu dira.

Baina frantsesek ere momentu batean zera esan dute: «Aski daukagu honekin». Beraiek esaten duten bezala, euskal arazoa amaiarazi nahi dute. Ez dute etekinik ateratzen, ez dute arriskurik. Zertarako sartuko dute eskua? Zertarako indarra gastatu? Zertarako Polizia erabili? Zertarako? [Eskuekin txalo egin du] Bukatu da, eta kito.

Gerlako trofeo bat zara Espainiarentzat.

Haiek margotu naute horrela, haiek ezabatzeko. Azken batean, horixe naiz haien kontakizunean: gerlako trofeoa.

Hamar eguneko epean Parisko epaia irmoa bilakatuko da. Tartean helegiterik ez bada, Espainiara bidaltzeko bidea libre izango da.

Teorian, hori da legala. Hamar egun horietan fiskaltzak baduelako aukera helegitea jartzeko; ez zaio interesatzen, baina posible du. Baina ni ez naiz batere fio epea beteko dutenik. Hauek zera egin dezakete, harrapatu, besteari eman, eta gero erran: «A, ez da legala!». Ez da legala, baina eraman zaituzte. Eta gero zarata egin dezakezu nahi duzun bezainbeste, baina eginda dago. Orduan, kontuz. Frantziari ezin zaio konfiantzarik egin; Espainiari gutxiago. Historia hor daukagu, ibilbidea hor daukagu. 

Zuretzat zer dakar Espainiaratua izateak?

Maila pertsonalean, asko. 2019an atxilotu nindutenean, Saboia Garaian, nik ez nuen uste inola ere gaur egun hemen zure aurrean egongo nintzela. Ezta erotuta ere. Nola nago hemen? Ba, kartzelan nengoenean nazioarteko elkartasuna sortu zelako nire inguruan. Ez nire inguruan pertsonalki, baizik eta negoziatzaileen inguruan, babes gisa. Ez bakarrik gure prozesuan, baizik eta mundu osoan. Negoziatzaileek prozesuetan babes bat izan behar dute. Guk ere izan genuen 2005ean eta 2006an. Eskatu genuen, eta eman ziguten babes diplomatikoa. Suitzan, Norvegian, baina baita frantsesek eta espainolek ere: ez atxilotuak izateko prozesu horretan, guk bagenuen garai hartan Frantziako CRSen buru zenaren telefonoa, Sarkozynen lagun minarena; eta bagenuen Espainiako Poliziaren buruaren telefonoa ere. Logikoa da, oinarrizkoa da. Beraz, ni atxilotu nindutenean 2019an, mundu mailako jende asko inplikatu ziren, era guztietakoak: politikoak, unibertsitarioak, denetarik. Eta horrek, poliki-poliki, prentsan agertzean, badu du bere indarra. Giroa aldatzen du. Epaileek ere irakurtzen dute. Zer da hori? Zer dago horren atzean? Ez da saltzen diguten bezalakoa. Eta hori baliagarria izan da gaur egun hemen egoteko.

«Banekien prozedurak ezin zirela infinitoraino luzatu. Eta aurre egingo diot. Baina ezin dut ukatu hunkitzen nauela»

Maila pertsonala aipatu duzu.

Kolpea da. Sei urte hauetan lortu dut ia nire bizitza guztian lortu ez dudana: harremana izatea bilobekin; ez nituen ezagutzen, ez ninduten ezagutzen. Harremana izatea nire alaba txikiarekin, ez baininduen ezagutzen; eta beste seme-alabekin. Eta horrek ez du preziorik. Ni sartuko naute kartzelan, baina sekula ez dute lortuko kentzea azken sei urteetan lortu dudana. Kristoren urratsak egin ditugu elkarrekin, eta gaur elkar ezagutzen dugu orain arte elkar ezagutzen ez genuen moduan. Ezin da neurtu horrek zer pisu daukan pertsona bezala. Niretzat eta haientzat. Orduan, noski, hor apurketa bat dago.

Baina nik banekien prozedura juridiko hauek ezin zirela infinituraino luzatu. Eta, txarra aurrean daukazunean, gainditu egin behar da, era batera edo bestera. Gure herrian ohituta gaude, zoritxarrez. Eta aurre egingo diot. Baina ezin dut ukatu hunkitzen nauela. Horixe baietz. Eta ez ditut 20 urte, ezta 50 ere: ditudanak ditut. Eta horrek ere badu bere pisua, fisikoa, psikikoa.

Eta, gero, juridikoki konfiantza izango bagenu... Baina Auzitegi Nazionala aipatzea bera badakigu zer den euskaldunentzat. Ezer gutxi behar da zigortzeko, eta are gehiago guardia zibilak atzean daudenean. Guardia zibil batek behin abokatu bati esan zion bezala, «nosotros no somos el estado dentro del estado; nosotros somos el estado» (Gu ez gara estatuaren barruko estatua; gu estatua gara). Nahiz eta ongi prestatu epaiketa, nahiz eta frogak izan... bost axola zaie. Ba, hori da; hori daukat aurrean.

Baduzu esperantzarik oraindik zirrikiturik egongo ote den?

Esperantza ez da sekula galtzen. Baina bueno. Ikusita nola jokatzen ari diren azken garai hauetan Frantziako Estatuko epaitegiak... Argi dago ez dela normala horrelako erabaki bat egotea. Espainolak eta frantsesak batera jokatzen ari dira. Traba guztiak jarriko dituzte martxan guk zerbait egiten badugu hori ekiditeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA