Martxelo Otamendi: «Nire ezaugarrietako bat izan da erronkei baiezkoa ematea»

Otamendiren biografia da 'Handira jotzeko kazetaritza' liburua. Garbiñe Ubedak idatzi du, eta «gai jartzaile lana» egin duela azaldu du.

Julen Urrestarazu
2025eko urriaren 14a
15:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Elkarrizketa liburu bat da, baina nagusiki biografia bat da». Horrelaxe definitu du Garbiñe Ubeda BERRIAko kazetariak Handira jotzeko kazetaritza liburua. Gaur goizean aurkeztu dute Martxelo Otamendiren biografia, Donostiako Elkar liburu dendan, eta bertan izan dira Otamendi eta Ubeda, Martin Eraso Elkarreko editorearekin batera. BERRIAk, Elkarrek eta Jakin-ek elkarrekin argitaratutako Aleka bildumaren azken alea da; eta, izenburuari jarraiki, Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohiak argi utzi du apustu sendoa egin izan duela beti euskarazko kazetaritzaren alde: «Nire ezaugarrietako bat izan da erronkei baiezkoa ematea edo animatzea».

Liburuak kronologikoki azaltzen ditu Otamendiren bizitzako garai desberdinak: txikitan gazteleraz hitz egiteko zuen ohitura, euskaltzale bihurtzeko prozesua, euskaltegian eta telebistan egindako ibilbidea, baita Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn zuzendari gisa egindako ibilbidea ere. Euskararen eta Kataluniaren inguruan ere hitz egin dute.

Bukaeran zazpi iritzi artikulu bildu ditu Ubedak, Gertuko begiradak izeneko atal batean. Amagoia Mujikak, Idurre Eskisabelek, Chester Yang zinemagileak, Jesus Peñagarikanok, Juan Mari Larrartek, Lorea Agirrek eta Vicent Partalek idatzi dituzte artikulu horiek.

«Otamendik BERRIAko zuzendaritza utzi eta berehala pentsatu genuen hemen liburu bat zegoela», azaldu du Martin Eraso Elkarreko editoreak. Haren iritziz, Martxelo Otamendi «gaurkotasunaren lekuko» eta «halabeharrezko protagonista» izan da 30 urtez.

Gainera, Garbiñe Ubedaren lana goraipatu du Erasok: «Ubeda apustu segurua zen, eta irabazi egin dugu». «Eskarmentu handiko» idazle bati eskaini nahi zioten lana, eta adierazi du Ubedak «galdera egokiak» egiten asmatu duela. Otamendik ere zoriondu du lanagatik: «Ubedak idatziko zuela jakinda, errazagoa izan zen baiezkoa ematea».

Hala ere, Ubedak azaldu du elkarrizketetan ez zituela galderak egin, berak bakarrik gaiak jartzen zituela: «Gai jartzaile lana egin dut, gaiak jarrita nahikoa zen». Denera sei edo zazpi bilera egin zituztela aitortu du Ibarrako (Gipuzkoa) idazleak, eta bileren aurretik idatzitakoa erakusten ziola Otamendiri. «Buruhausterik ez da izan, behar zuen guztia esan du, eta gauzak trinko esateko gaitasuna dauka», adierazi du Ubedak.

Garbiñe Ubedak eskerrak eman dizkie hiru pertsonari: Enekoitz Esnaolari lehenik, «argazkiak aukeratzen egindako lanagatik»; Irene Arraratsi ondoren, «idazketa fintzeagatik»; eta Amagoia Mujikari, liburua idaztea proposatzeagatik. Idazle eta BERRIAko kazetariarentzat, «ez zen ezezkorik kabitzen» liburua idazteko eskaini zionean.

Bestalde, aurreko astean Kataluniako argitaletxe batek liburua katalanera itzultzeko aukera proposatu ziola jakinarazi du: «Kataluniako parteari zati handiago bat eman beharko zitzaion». Hala ere, «baiezko errazekoa» dela esan du Otamendik.

Konplexurik ez

Idazleak Otamendiren «harrotasuna» eta «konplexurik gabe» lan egiteko gaitasuna miretsi du liburuan zehar: «Agerikoa dirudi horrela egin behar dela lana, baina, esatea erraza den arren, zaila zen hori egitea». Izan ere, handitasun hori adierazi badu ere, Otamendiri «handiuste samarra» iruditu zitzaion haren inguruko biografia bat egitea: «Orain Carlos Garaikoetxeak eta nik daukagu biografia Alekan. Haren parean jarri naute, edo hura jarri dute nire parean».

Kultura txiki eta minorizatu batean «konplexua» izatea ohikoa dela esan du biografiaren protagonistak: «Txikiaren izaera bada esatea ez dugula zertan handiak bezalakoak izan, baina nire ustez, ahal da». Izan ere, aipatu du Euskaldunon Egunkaria-ko oparotasun garaian «hedatzeko garaia» izan zela, eta «euskaraz arituagatik» gai zirela atzerrira joateko eta leku haietan egoteko. «Nire ezaugarrietako bat izan da erronkei baiezkoa ematea edo animatzea», aipatu du Otamendik. Euskal Herrian erronkei aurre egiteko «kultura» azpimarratu du BERRIAko zuzendari ohiak: «Horrela sortu ziren ikastolak, AEK, Euskaldunon Egunkaria, Ikurrina Everesten jartzearen ideia…».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.