«Urrun dago Zubietako kartzela. Ez urrun distantzia fisikoagatik, baizik eta mundutik urrunduta dagoelako». Espetxea zaharkitua gelditu delako aldatu dituzte Martuteneko presoak Zubietako kartzelara, leku modernoago eta eguneratuago batera, baina aldaketak beti ez dira onerako izaten. Izan ere, zer gelditu da zaharkitua? Kontrol sistema? Bakartzea? Marta Aldanondo Martinez Salhaketa elkarteko kideak ez dauka zalantzarik: «Zubietako kartzela deshumanizazio tresneria bat gehiago da». Hau da, modernitateak ez die onik eginen presoei.
Martutenekoaren presoak halako bi hartu ditzake espetxe berriak, bortzehun preso inguru, eta, Salhaketaren irudiko, horrek zuzen-zuzenean eraginen du preso bakoitzak izango duen tratuan: «Preso gehiago izateak esan nahi du kartzelako baldintza jakin batzuk areagotu eginen direla, alegia, buruko gaixotasunak, indarkeria, hilketak eta suizidioak eragiten dituzten baldintzak areagotuko direla», erran du Aldanondok. Beldur da «makrokartzela bat» bihurtuko ote den Zubieta; are, susmoa du horra bidean dela dagoeneko.
Ibaia zegoen Martuteneren gibeleko aldean, industrialdeak inguruan, trena aitzinean, eta errepidea tartean. «Orain ez dute izango bizitzarik inguruan», salatu du Sara Luso Hernandezek, elkarteko kidea bera ere. «Eta, bizitza mugitzen ari dela adierazteko zantzuak ezabatzen badituzu, askatasuna ari zara ezabatzen». Bereziki larritzen du askatasunak hartuko duen lekuak —edo galduko duenak—, uste baitu orain arte lortutako askatasun guztia kendu eginen dietela kolpean. «Inork pentsatu du murrizketa eta isolamendu horrek nola eragingo dion presoari? Buru osasunean zenbat eragingo duen askatasuna galtzeak?».
Hirigunetik urruntzeak bakartzea dakar Lusorentzat, «ematen duelako ez direla munduko parte, ematen duelako bakartuta daudela». Edonola ere, bakartze horrek ez die soilik presoei eraginen, sozialki ere herritarrek urrunago sentituko baitituzte presoak. «Kartzela urrundu ahala, jende gehiago hasiko da pentsatzen kartzelen arazoa eta presoen egoera ez direla arazo sozialak, baizik eta indibidualak, presoenak bakarrik». Eta, noski, presoen aldeko elkarteekin lan egiteko erraztasunak ere baldintzatuko ditu distantziak.
«Inork pentsatu du murrizketa eta bakartze horrek nola eragingo dion presoari? Buru osasunean zenbat eragingo duen askatasuna galtzeak?»
SARA LUSO HERNANDEZ Salhaketako kidea
Ageriko bi aldaketa nabarituko dituzte presondegira sartu ahala: azpiegitura denak automatizatuta daudela, eta kristalak tindatuta egonen direla. «Hau da, bakartuta eta kontrolatuta daudela». Aldanondoren ustez, berrikuntza horiekin tratua urrundu eta hoztu eginen da, eta, hala, «egoera deshumanizatu». Gainera, District Heating sistemaren bidez berotuko dute zentroa, eta horrek, elkartearen erranetan, osasunerako arriskuak dakartza, dioxinak eta metal astunak pilatzen dituelako, nagusiki. Era berean, horrek badu bere alde ona ere, eta Lusok aitortu du Martuteneko higiene arazoak konpontzeko baliagarriak izan daitezkeela hartutako neurri berriak. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hiru kartzela daude, eta hiruretan zaharrena zen Martutenekoa.
Handiago, eta gehiago
Modernitatearekin estali dituzte kartzela berriaren eragin negatiboak: ziegak zortzi-hamar metro karratukoak ziren Martutenen, eta Zubietan hamahirukoak izanen dira. Sei modulutan egonen da banatua, eta horietako bat emakumeentzat izanen da soilik; 25 ziega izanen ditu. Modulu guztiak kontuan hartuta, 234 ziega. Gainera, hirugarren graduko presoentzako gizarteratze zentro berezi bat edukiko du, 50 ziegakoa. Modulu batzuetan dutxak indibidualak izanen dira; orain arte Martutenen ez zeukaten halakorik, eta ziega batzuetan telebista eta idazmahaia egonen dira. Kanpoan, berriz, patioa, frontoia, igerilekua eta futbol zelaia. Proiektuaren hastapenetan aurreikusi zuten kartzela osoki eraikitzeko 39 milioi euro beharko zituztela, baina dezente handiagoa izan da azken datua: 94,7 milioi euro gastatu dituzte. Kontraerrana dirudi, baina, askatasunerako neurriak ezarriagatik, askatasuna bera mugatu dute, elkartekoen arabera.
«Preso gehiago izateak esan nahi du kartzelako baldintza jakin batzuk areagotu eginen direla, alegia, buruko gaixotasunak, indarkeria, hilketak eta suizidioak eragiten dituzten baldintzak areagotuko direla»
MARTA ALDANONDO MARTINEZ Salhaketako kidea
2012an agertu zen Salhaketa lehen aldiz publikoki proiektuaren kontra, artean Zubieta eraikitzen hasi gabeak zirela, eta jarrera bera dauka hamalau urte geroago ere. «Makrokartzelaren ereduaren aurka gaude, besteak beste, halako proiektuek pertsonen espetxeratzea negozio bihurtzea dutelako oinarrian, azpiegiturak eraikita, zentroak kudeatuta eta administraziora ailegatuta», erran du Lusok. Sinistuta dago Zubietan aplikatuko denaren gisako espetxe sistemek bertze sistema handiago bat elikatzen dutela, zeinak, bide batez, ez duen gatazka konpontzea bilatzen, ezta presoen askatasunaren alde egiten ere. «Kartzela bat beti da gogorra, presoa beti dago baldintza kaxkarretan, eta halako aldaketek ez dute positiboki eraginen haien bilakaeran. Horrela ezin dira bizi».
Proiektu orok dauzka bi alde: nor ateratzen den galtzen eta nor irabazten.