Andre askok izaten dute lehen haurra 40 urterekin edo gehiagorekin. Marina Fernandez de Landak (Gasteiz, 1984) eta Leire Etxebarriak (Gasteiz, 1984) ere bai. Biek ala biek argi zuten ama izan nahi zutela, biek erabaki zuten obuluak izoztea izango zela hori lortzeko bidea, biek jo zuten ugalketa lagundura ama izateko, eta biak izan dira ama bakar 40 urte beteak zituztela. Bakoitzak bere bidea egin du, baina antzeko trabei eta kezkei aurre egin behar izan diete: denboraren presioari, ugalkortasunaren mugei eta amatasuna bakarrik bizitzeko erronkari.
Erlazionatuta
Fernandez de Landak 33 urterekin izoztu zituen obuluak, klinika pribatu batean. Ama izan nahi zuen, baina ez zuen urrats hori egiteko presa handirik. Bidaiatzea, lagunekin ateratzea eta «bizitzaz gozatzea» zituen lehentasun behinenak. «Buruan neukan 40 edo 42 urte zirela ama izateko gehienezko adina», gogoratu du. Obuluak izozteak lasaitasuna eman zion, luze gabe ama izateko aukera «gordetzen» ari zelakoan.
«Buruan neukan 40 edo 42 urte zirela ama izateko gehienezko adina»
MARINA FERNANDEZ DE LANDA
Etxebarriak ere obuluak izoztea erabaki zuen, baina bestelakoa izan zen horretara bultzatu zuen arrazoia. 30 urte inguru zituela hasi zitzaion pizten ama izateko gogoa. Bikotekidea zuen, baina, harreman hura hautsi, eta ondorengo bikote harremanetan ere ez zuen aurkitu amatasunari ekiteko behar zuen egonkortasunik. Laneko ziurgabetasunak eta diru sarrera apalek ere eragin handia izan zuten ama izateko erabakia atzeratzeko orduan. «Zenbait zirkunstantziaren ondorio izan zen», azaldu du.
37 urterekin, orduko bikotekideak argi esan zion ez zuela seme-alabarik nahi. Etxebarriak, ordea, ez zuen bere asmoa harreman horren menpe utzi nahi: «Erabaki nuen proiektu pertsonal horren alde egin behar nuela, niretzat garrantzitsua zen eta». Harreman hura amaituta, obuluak izozteko hautua egin zuen; modu horretan, bere bizi proiektua lehenetsi zuen: ama izango zen, bikotekiderik izan ala ez.
Denboraren presioa
Baina obuluak izozteko prozedurak ez du, berez, haurdun geratzea bermatzen, eta denbora tarte bat irabazteak ez ditu zalantzak eta zailtasunak desagerrarazten. Emakume bien esperientziek ongi erakusten dute ugalketa lagunduko tratamenduek badituztela trabak, are gehiago adin batetik aurrera.
Fernandez de Landak 39 urterekin erabaki zuen ama bakarra izatea. Bere amari galdetu zion ea lagunduko ote zion, argi zeukan-eta erditu ostean ezinbestekoa izango zuela zaintza sare bat, haurra bakarrik haziko bazuen. Amaren erantzuna argia izan zen: «Egin asmo baduzu, egin ezazu orain». Osakidetzara jo zuen, 40 urte bete aurretik ugalketa lagunduko prozesuan sartzeko. Intseminazio artifizialaren alde egin zuen, eta laugarren saiakeran geratu zen haurdun, 2024an; 40 urte bete berri zituen.
Umedun geratu eta sei astera, lehen azterketa ginekologikoan, bi zaku gestazional zituela esan zioten; bikiak izango zituela, alegia. «Mundua erori zitzaidan», aitortu du. Ama bakarra izanda, bi haur batera hazteak ekarriko zion erronkaz jabetu zen bat-batean, eta, nahiz eta ingurukoek esaten zioten «loteria tokatu» zitzaiola, ez zuen halakorik sentitzen. «Ama bakarra izanda bi haur etorriko zitzaizkidala pentsatze hutsa... Ez nuen ulertzen».
«Saiakera bakoitzean dolu txiki bat egiten duzu: 'agian ezin izango naiz ama izan, agian ezta oraingoan ere'»
LEIRE ETXEBARRIA
Haurdunaldia zaila izan zen. Olimpia eta Julieta —hala dute izena haren bikiek— plazenta bakarrean zeuden, eta, beraz, haurdunaldia arrisku handikoa zen. 36. astean, erditzea eragin zioten medikuek, eta konplikaziorik gabe jaio zitzaizkion bi alabak. Haurdunaldia konplikatu izanaren arrazoi nagusia adina izan ote zen galdetuta, argi dio ezetz: «Ez dut uste 40 urte nituelako izan zenik. Konplikatua izan zen haurdunaldi bikoitza izan zelako, eta hori zaila izango zen 30 urterekin edo beste adin batekin ere».
Etxebarriak haurdun geratzeko egin behar izan zuen bidea, berriz, askoz luzeagoa izan zen. 40 urterekin ekin zion ugalketa lagunduko prozesuari: intseminazio artifiziala erabilita lehenik, eta in vitro tratamenduarekin gero. Intseminazio artifizialarekin egindako hiru saiakerak huts egin ondoren, in vitro ernalketara jo zuen. Prozesu horretako lehen saiakerak ere ez zuen emaitzarik eman, baina bigarrenak bai. Denera, beraz, bost saiakera behar izan zituen haurdun geratzeko, eta bosgarrenaren ondoren jaio zen Liher. Etxebarria 42 urterekin izan zen ama.
Saiakera bakoitzean itxaropenari eutsi behar izan zion, baina baita berriro huts egiteko arriskua zegoela onartu ere. «Saiakera bakoitzean dolu txiki bat egiten duzu: 'agian ezin izango naiz ama izan, agian ezta oraingoan ere'», kontatu du. Eta halako prozesu mediko nekezetatik behin eta berriro igaro behar izateak aldartean eragin zion; izan ere, aldiro bere burua prestatzen zuen onartzeko ez zela ama izango. Hala ere, behin eta berriz saiatu zen, ama izateko nahiak sendo zirauen-eta bere baitan.
Klinika pribatuen negozioa
Obuluak klinika pribatuetan izoztu behar izaten dira, Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoek —Osakidetzak eta Osasunbideak— orokorrean ez baitute beren gain hartzen prozesu hori borondatezkoa denean. Zerbitzu publikoek arrazoi medikoengatik soilik finantzatzen dute obuluen bitrifikazioa; adibidez, pazienteak minbiziaren aurkako tratamendu gogor bat hartu behar duenean eta haren ugalkortasuna arriskuan dagoenean.
Fernandez de Landa eta Etxebarria bat datoz ez zutela nahi adina informazio jaso ugalkortasun tratamenduaren inguruan. «Obuluak izoztearen truke dirutza ordaintzen duzun arren, gero haurdun geratzeko benetako aukerak urriak dira», ohartarazi du Etxebarriak. Izan ere, obuluen kalitateak, desizozteak, enbrioien garapenak eta beste hainbat faktorek eragina dute haurdun geratzeko probabilitatean.
Klinika pribatuen jardunari buruz ere zalantzak agertu dituzte biek ala biek. Etxebarriaren ustez, hiru intseminazioek huts egin zutenean, eskertuko zukeen klinikak azterketa mediko sakonagoak egitea argitzeko zergatik ez zen haurdun geratzen. «Zergatik ez zidaten azterketa gehiago egin? Ordaintzen jarraitzen duzulako berriro saiatzeko». Klinika pribatuen interes ekonomikoak ere aipatu ditu: «Probabilitateak jaisten ari direla esaten dizute, baina, aldi berean, berriro saia zaitezen animatu. Negozio handia dago hor».
«Ama izan naiz, osasuntsu nago, eta nire obuluekin geratu nintzen haurdun 40 urtetan. Zergatik ezin diet besteei lagundu?»
MARINA FERNANDEZ DE LANDA
Bi emakumeek urtero ordaintzen diote kuota bat klinika pribatuari obulu izoztuak gordetzeagatik. Fernandez de Landak aitortu du nahiko lukeela obulu horiek beste emakume edo bikote batzuei ematea, modu altruistan, baina, azaldu duenez, erabiltzaile gisa izoztu zituen, ez obulu emaile gisa, eta, horren ondorioz, ezin ditu nahi bezala eman. «Dohaintzan emango nizkieke beste emakume edo bikote batzuei, baina ezin dut. Ama izan naiz, osasuntsu nago, eta nire obuluekin geratu nintzen haurdun 40 urtetan. Zergatik ezin diet besteei lagundu?». Ugalketa lagunduaren araudia berrikustea nahi luke, bai eta klinika pribatuen negozio eredua ere.
Ama bakarren erronka
Bi emakumeek badakite ugalkortasunaren presioaz bestelako erronkak ere badituela ama bakarra izateak. Fernandez de Landak 2 urteko bikiak ditu orain, eta gurasoen etxean bizi da oraindik. Ez du uste oraingoz bakarrik bizitzeko urratsa egiteko moduan dagoenik. «Alabak arreta handia eskatzen ari dira orain, eta laguntza handia daukat. Hori gabe, askoz zailagoa izango litzateke».
Etxebarriak ere ama eta ahizpa ditu gertu, eta uste du laguntza sarea ezinbestekoa dela egunerokoan aurrera egiteko. «Sare bat behar duzu, jendea gertu eduki behar duzu, laguntzarik gabe ezin da eta». Adierazi du funtsezkoa dela erosketak egiteko, janaria prest edukitzeko edo umea tarte batez norbaiten esku uzteko aukera izatea.
«Sare bat behar duzu, jendea gertu eduki behar duzu, laguntzarik gabe ezin da eta»
LEIRE ETXEBARRIA
Atzera begiratuta, Fernandez de Landak dio ama izateko erabakia pare bat urte lehenago hartuko zukeela agian, baina ez askoz lehenago. «30 urterekin ez nengoen prest buruz». Orain, ordea, argi du egindako hautua egokia izan zela: «Bizitzan egin dudan gauzarik onena da ama izatea».
Etxebarriak ere ez du bere erabakiaren damurik. 42 urterekin izan du lehen haurra, eta ez du uste adina kaltegarria izan denik bere esperientzian: «Berriro ere izango nintzateke ama adin honekin». Badaki hamar edo hogei urte barru adina zama bilakatu daitekeela haurra hazteko, baina orain ez du energia faltarik sumatzen, eta pozik dago bere esperientziarekin.
Biek uste ama izan nahi duten emakumeek erabaki hori hartzeko aukera eta baliabide aski izan beharko lituzketela, eta norberaren egoera ekonomikoak ez lukeela oztopo izan behar desio hori egia bilakatzeko. Hala ere, etxebizitzaren eta haurrak haztearen kostuak direla medio, laguntza publiko handiagoak beharko lirateke, haien esanetan. Fernandez de Landa: «Jendeak askotan pentsatzen ditu honelakoak: 'Etxea ordaindu ezin badut, nola izango dut haur bat?'. Zentzuzkoa da horrelako zalantzak izatea. Horregatik, argi dut guraso direnentzako laguntza publiko handiagoak behar direla».