Gaur egun, erditzen diren emakumeen artean gehiago dira 40 urtetik gorakoak, 25etik beherakoak baino. Datuak argi erakusten du seme-alabak izateko adina etengabe atzeratu dela azken hamarkadetan, baina zifren atzeko errealitatea konplexuagoa da, korapilatuta ageri baitira aldaketa sozialak, erabakiak eta ezintasunak. «Kausa ugari daude; eta hor, emakumeen lorpenak bidegabekeriekin eta tranpa berriekin nahasten dira», adierazi du Noemi Lopez Trujillo kazetari feministak. EHUko Opik ikerketa taldeko soziologo Unai Martinentzat, normala da gurasotasuna geroratzea: «Bizi itxaropena luzatzearen ondorioz, bizi ziklo osoa birkonfiguratu da». Haren lankide Anna Barbuscia demografoak, halere, muga biologikoez ere ohartarazi du: «Egungo gizartean, ez da errealista 35 urtetik gorakoen ugalketa berantiartzat jotzea, erditzeko adinaren batezbestekoa 33 urte inguru baita. Baina egia da adin horretan hasten dela emankortasun biologikoa azkar apaltzen».
Erlazionatuta
Hain zuzen, Opik taldean ugalketa berantiarra aztertzen ari da Barbuscia; argi dio ama izateko adina atzeratzea joera orokorra dela Europan, eta «nahiko modu uniformean» gertatu dela: «Kontua ez da 40 urte inguruko amak ugaritu direla eta 20koen kopuruak bere hartan eutsi diola, baizik eta amatasunaren adinaren batez bestekoa geroratu egin dela: gazteenen erditzeak gutxitu dira, eta 30 urtetik gorakoen tarteetan kontzentratu. Eta bereziki deigarria da 40 urtetik gorako amen proportzioa».
Hala adierazi dute Eustatek aste honetan emandako datuek.Araba, Bizkai eta Gipuzkoa oro har hartuta, eta aurtengo bigarren hiruhilekoan jaiotako haurrei erreparatuta, amen adin tarte ohikoena 30 eta 34 urte artekoa da: %35,7 dira; eta 35 eta 39 urte artekoak dira, berriz, amen %32,2. Muturretan, beherantz doa 25 urtez azpiko amen kopurua (%7,4), eta gorantz 40 urtetik aurrerakoa (%11,5). Nafarroako segida historikoan joera bera ageri da: 2009an, amen %27,4k zituzten 30 urte baino gutxiago, eta %4,6k 40 urte baino gehiago; 2024an, aldiz, %26,4koa izan zen amarik gazteenen proportzioa —%22,5era jaitsi zen 2021ean—, eta %11,3koa amarik zaharrenena. Eta erdigunean, gero eta gehiago dira 35 urtetik gorakoak, eta gutxiago 30 urtetik beherakoak.
«Ez da errealista 35 urtetik gorakoen ugalketa berantiartzat jotzea, erditzeko adinaren batezbestekoa 33 urte inguru baita. Baina egia da adin horretan hasten dela emankortasun biologikoa azkar apaltzen»
ANNA BARBUSCIA EHUko Opik taldeko demografoa
Mugaz bestalde, halere, joera ez da hain agerikoa. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina Pirinio Atlantikoetako kopuruek balio dezakete hurbilpen gisa. 2024an haur bat izan zuten departamendu horretako emazteen artean, %8,4 ziren 24 urtetik beherakoak, eta %5,7k zituzten 40 urte baino gehiago; 30 eta 34 urte bitartekoak izan ziren gehienak: %39,5.
Joera horren hasiera 1960ko eta 1970eko urteetan kokatu du Barbusciak: «Emakumeen emantzipazioa abiatu zen: goi mailako ikasketetara eta lan merkatura sartu ziren». Garai hartatik aurrera iritsi ziren, era berean, amatasunaz erabakitzeko eta ugalketa planifikatzeko modua eman zuten hainbat tresna, hala nola antisorgailuak eta abortatzeko eskubidea, baina baita andreei autonomia eta askatasun handiagoak eman dizkieten neurriak eta aldaketa kulturalak ere. Ildo horretan, borroka feministaren ekarpenak funtsezkotzat jo ditu Lopez Trujillok: «Egun ama izateko genero agindua ez da hain gogorra, eta emakume batzuek ez dute sentitzen seme-alabak izateko obligaziorik. Duela hamarkada gutxi, ugaltzea andreen patua zen; orain, gure ugalketaren inguruan erabakitzeko askatasun eta gaitasun handiagoa dugu».
«Adin tarte guztiak birdefinitu dira onerako: gaztaroak gehiago irauten du, beranduago zahartzen gara... Beraz, logikoa da haurrak ere geroago ekartzea»
UNAI MARTIN EHUko Opik taldeko soziologoa
Hain justu, bigarren trantsizio demografikoari buruzko teoria aipatu du Barbusciak: «Lehen, jendeak umeak izaten zituen hori egin behar zelako, derrigorrezkoa zelako, baina orain seme-alabak autorrealizazioari lotuta izaten dira. Teoria zaharra da, baina zentzua du oraindik». Trantsizio hori, gainera, belaunaldi bakarrean gertatu da askotan; orain 35 eta 40 urterekin ama diren emakumeetako asko jaio zirenean, haien amek 25 urte baino gutxiago zituzten. Eta amak eta amonek aholku argiak eman dizkiete: «Umeak eduki aurretik, gozatu bizitzaz», edo «ama izan baino lehen, ikasi; ez izan gizon baten mendeko».
Mezu horien oihartzuna agerikoa da egungo hainbat joeratan. Adibidez, bikote egitasmoaren inguruko ideietan. Barbuscia: «Bikoteek beranduago ezagutzen dute elkar, eta guraso bihurtu aurretik gauza asko egin nahi dituzte elkarrekin». Lopez Trujillo: «Egun barneratuago dugu genero desberdintasunen inguruko mezua, eta emakumeok ez dugu zaintza naturalizatzearen tranpan erori nahi. Beraz, espektatiba eta exijentzia gehiago ditugu gizonezko bikotekideekin. Eta batzuetan, horren ondorioz, ama izateko garaia atzeratzen da, eta andre asko bikotekiderik gabe izaten dira ama».
Prekaritatearen eragina
Hala ere, gurasotasuna atzeratzeko joera gainerako bizi zikloetan izandako aldaketekin ere lotu du Martinek: «Adin tarte guztiak birdefinitu dira onerako: gaztaroak gehiago irauten du, beranduago zahartzen gara... Beraz, logikoa da haurrak ere geroago edukitzea; belaunaldiak geroago heltzen diren sintoma bat da. Azken batean, guraso izatea beste bizi ziklo baten hasiera markatzen duen erritu bat da. Esaten da amatasuna atzeratzea txarra dela, baina gaur egun ez dugu espero 20 urteko gazteak ama izatea, ia porrot gisa hartzen dugu». Halere, ohartarazi du faktore materialek ere pisu handia dutela guraso izateko erabakia hartzean: «Bizitza zailtzen duten baldintza estrukturalekin lotuta dago».
«Ama izateko erabakia prekaritateak gurutzatzen du. Ez da faktore bakarra, baina esku hartu beharreko faktorea da»
NOEMI LOPEZ TRUJILLO Kazetaria
Lopez Trujillok izena jarri dio horri: «Ama izateko erabakia prekaritateak gurutzatzen du. Ez da faktore bakarra, agian faktore nagusia ere ez, baina faktore esanguratsua da estatistiketan, eta, batez ere, esku hartu beharreko faktorea da. Nik ez baitut emakumeen erabakietan esku hartu nahi». Halako egoera batean izan zen kazetaria bera duela zortzi urte, eta orduko hausnarketetatik abiatuta idatzi zuen El vientre vacio (Sabel hutsa) liburua: «30 urte nituen, ama izan nahi nuen, baina ezin nuen: mila euro kobratzen nituen, ez nekien bi hilabeteren buruan lanean izango ote nintzen, eta 30 metro koadroko etxe batean bizi nintzen. Beste emakume askok bezala, amatasuna atzeratu behar izan nuen».
INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuak aipatuta liburuan jaso zuenez, bost urte baino gehiagoren aldea zegoen orduan emakumeek ama izan nahi zuten adinaren eta ama izatea lortzen zuten adinaren artean. Auzia egiturazkoa dela berretsi du: «Etxebizitza krisi betean gaude, soldata apalak ditugu, orokorrean bizitza prekarizatzen ari da… Egoera horretan, ezin da halako bizi proiekturik abiatu; ezin duzu ume bat zure ardurapean eduki ezingo badiozu aterperik, janik, arroparik eta sostengurik eman».
Ibilbide profesionalaren pisua
Bat etorri dira Opikeko kideak. Barbuscia: «Ikerketa askok diotenez, egun haurrak izateko beharrezkotzat jotzen diren baldintzak lehengoak baino zorrotzagoak dira, eta horiek lortzea zailagoa da». Martin: «Espektatibak apurtu egin dira: lehen, ikasketak amaitu osteko aurreneko enpleguetan bazegoen prekaritatea, baina bagenekien aldi baterako zela; orain, kontratu sozialaren parte hori hautsi egin da». Baina elementu materialez ez ezik, gurasotasun aktibo baterako baldintzez ere mintzatu da demografoa: «Orain askoz denbora eta indar gehiago inbertitzen da seme-alabekin; batez ere amatasuna intentsiboagoa da: oso presente egotea, pazientzia izatea… Beraz, zaila da haurrak ekartzeko aukera planteatzea ordu pila batez lan egin behar baduzu».
«Gai batek kezkatu behar gintuzke: jendeak eduki nahi lukeen seme-alaba kopuruaren eta egiaz daukanaren artean dagoen arrakalak, eta hori gizarte antolakuntza honen ondorio izateak»
UNAI MARTIN EHUko Opik taldeko soziologoa
Andreen bizitzan enpleguak duen pisua ez baita txikia. Ukaezina da guraso izateak oraindik emakumeei nabarmen gehiago eragiten diela gizonei baino lan eremuan. Beraz, askorentzat, lan ibilbidea sendotzea premiazko bihurtzen da ama izan aurretik. Hala, ahalduntzearen ulerkera batzuekin kritiko mintzatu da Lopez Trujillo: «Feminismo turbokapitalista batean bizi gara, zaintza lanak bigarren mailan utzita. Emakume batzuek zaintza mespretxatuz aldarrikatu dute euren boteretzea; amatasuna emakumeen askatasunaren hilobia balitz bezala».
Auzi konplexua dela aitortuta, tentuz mintzatu da: «Ez dut zaintza esentzializatu nahi, egia baita ama izateak oraindik zigorrak dakartzala». Baina amen eta amonen independentzia aholkuak gogora ekarrita, agerikoa da soldatapeko lana ezinbestekoa izan dela emakume askok autonomia ekonomikoa lortzeko, eta bizi proiektuaz erabakitzeko moduan egoteko. «Lana garrantzitsua da, noski. Gure amak senarraren mendekoak ziren, ez zuten bestelako sostengu ekonomikorik; haiek ez zeuzkaten lorpen eta aurrerapen ugari dauzkagu guk. Baina lana idealizatzeak eragin du pendulua beste muturreraino eramatea, zaintzarako batere astirik ez izateraino. Eta hori tranpa bat da».
%31Jaioberri gutxiago hamar urtean. Jaiotza tasaren jaitsieraren inguruko kezka ez da apaldu; adituen arabera, guraso izateko garaia geroratzea izan daiteke arrazoietako bat. 2014an, 25.561 ume jaio ziren Hego Euskal Herrian; 2024an, berriz, 17.505. Hamar urte horietan %31 jaitsi zen haur kopurua.
Erabakimenak, lan ibilbideak, bikote proiektuak, prekaritateak, bizitzeko grinak, ardurak eta beste hamaika elementuk eragiten dute guraso izateko asmoa atzeratzea. Batzuetan, berandu izateraino. Izan ere, prozesu biologikoei erreparatuta, 20 eta 30 urteen artean dira emakumeak ugalkorren, baina %20 inguruk edukitzen dituzte umeak adin horrekin. «Ama izateko adinak baldintzatzaile biologiko bat dauka, hau da, adinarekin emankortasuna gutxitu egiten da. Ondorioz, haurdun geratzeko, prozesu gero eta intrusiboagoak egin behar dira, eta gainera, haurdunaldi arriskutsu gehiago daude», azaldu du Martinek. «35 urtetik aurrera emankortasun biologikoa azkar jaisten da, eta 40rekin oso baxua da; hortaz, haurdun geratzeko aukera —bai modu naturalean, bai ernalkuntza lagunduaren bidez— txikiagoa da», zehaztu du Barbusciak.
Hala, jaiotza tasaren jaitsieraren inguruko kezka pil-pilean den honetan, beste elementu bat txertatu dute Opikeko kideek: amatasuna atzeratzeak ugalkortasuna murriztea ekar dezake; batzuetan, ez delako haurdun gelditzea lortzen, eta beste batzuetan, nahi baino seme-alaba gutxiago izaten direlako. Barbuscia: «Inkestek diote jendeak bi haur izan nahi dituela, eta ugalkortasuna 1,1ean dago; beraz, oso urrun gaude. Eta horretan sarri zerikusia du adinak: geroago hasten dira haurdun geratzen saiatzen, haurdun geratzeko ere denbora behar da... eta bigarren umea izatea planteatu nahi dutenean, ia ezinezkoa da». Martin: «Ez genuke hainbeste kezkatu behar ume ‘gutxi’ jaiotzen direlako, demografiak ez baitu agintzen biztanleriak etengabe hazi behar duenik. Beste gai batek kezkatu behar gintuzke: jendeak eduki nahi lukeen seme-alaba kopuruaren eta egiaz daukanaren artean dagoen arrakalak, eta hori gizarte antolakuntza honen ondorio izateak».
Obuluak izoztea, konponbide?
Baina amatasuna atzeratzearen ondorio txar horiei izkin egiteko, obuluak izoztea agertzen da konponbide gisa gero eta maizago. Gaiak mundu osoan eman zuen zeresana 2014an, Apple eta Facebooken eskutik: emakumezko langileei eskaini zieten tratamendu hori enpresek ordaintzea. Iragan udan berriz izan zen hizpide: Espainiako Futbol Federazioak iragarri zuen klinika batekin akordioa lortu zuela tratamendua egin nahi duten jokalariei hura finantzatzeko. Funtsean, obuluak azkar zahartzen direnez 35 urtetik aurrera, garai emankorrenean ateratzea eta izoztea proposatzen diete, gerora desizozteko eta beren obulu «gazteekin» haurdun geratzen saiatzeko.
«Oso problematikoa da obuluak izozteko aukera konponbide gisa saltzea eta, aldi berean, gizarte eredua auzitan ez jartzea: sustatu beharko genuke emakumeek nahi dutenean izatea umeak»
ANNA BARBUSCIA EHUko Opik taldeko demografoa
Hautu hori egin duten andreei buruzko daturik ez dago, baina Barbusciak uste du aukera gisa zabaltzen ari dela. Aitortu du emakume askorentzat lagungarria izan daitekeela: «Baina oso problematikoa da konponbide gisa saltzea eta, aldi berean, gizarte eredua auzitan ez jartzea: sustatu beharko genuke emakumeek nahi dutenean ekartzea umeak, baina horren ordez, esaten zaie lanean jarraitzeko, obulu izoztuekin gero izango dituztela haurrak; eta ez da beti hala. Antzeko mezuak eman izan dira ugalketa lagunduaren inguruan, eta maiz ilusio faltsuak piztu dituzte».
Arazoaren beste adar bat aipatu du: «Merkatu bat dago hor». Euskal Herrian ere, azken urteetan nabarmen ugaritu dira ugalkortasunarekin lotutako klinika pribatuak. Eta osasun sare publikoan soilik arazo mediko jakin batzuei lotuta eskaintzen dutenez obuluak izoztea, kliniketako tratamenduen arteko izarretako bat da: 3.000 euro inguru kostatzen da obuluak ateratzea, izoztea eta desizoztea; aparte pagatu behar dira botikak —mila euro inguru—, eta obuluak erabili ezean, urtero ordaindu behar da izoztuta edukitzearen kostua.
«Antzu izateko beldurra izu moral bihurtu da. Osasunarekin eta autozaintzarekin lotutako ideien bidez, balio oso erreakzionarioak zabaltzen ari dira»
NOEMI LOPEZ TRUJILLO Kazetaria
«Ezin ditugu gutxietsi emakumeen kezkak, egia baita amatasuna atzeratzeak haurduntzeko zailtasunak ekar ditzakeela», berretsi du Lopez Trujillok. «Baina antzu izateko beldurra instrumentalizatzen ari dira». Liburuan atal bat eskaini zion beldur horri, baina zazpi urteren ondoren desberdin ikusten duela aitortu du: «Beldurra izu moral bihurtu da. Osasunarekin eta autozaintzarekin lotutako ideien bidez, balio oso erreakzionarioak zabaltzen ari dira. Mundu oso bat dago sare sozialetan horren inguruan, eta bat-batean, eduki sortzaileak asko hitz egiten ari dira antzutasunaz, hain justu, ama izateko ideiarekin eta ugalkortasunean ustez eragin dezakeen edozerekin obsesiona gaitezen».
Are, eskuin muturraren goraldiarekin lotu du joera hori kazetariak: «Gorputz baliagarriak zeintzuk diren ezarri nahi dute; hortik dator gorputz osasuntsuen idealizazioa, eta ugaltzeko gaitasuna goratzea eta purutasunarekin lotzea, bizia sortzen duelako, bizi osasuntsua, gizarte zibilizatuaren balioak iraunaraziko dituena». Eta berriro ageri da kapitalismoarekin aliantza osatuta: «Hor agertzen zaizkigu klinikak, osasuna obsesio horren kapsulan gordetzeko, gure gorputza eta ugalketa gaitasuna azken milimetroraino kontrola ditzagun». Garai konplexua dela ondorioztatu du: «Sistemak berak ez digu uzten guk nahi dugunean ama izaten, inposatzen baitigu zaintza lanak pribatuak direla; eta aldi berean, ama ez izateko beldurra erabiltzen du, eta horren bidez, balio erreakzionarioak eta arriskutsuak txertatzen ditu gizartean. Aurrerapauso asko izan ditugu, baina kontuz ibili behar dugu tranpekin».