Ikertzailea

Sara Lafuente Funes: «Obuluak izozteak ez du bermatzen etorkizunean haurdun geratzea»

Haurduntzeko adina atzeratzearen ondorioz, ernalkuntza lagunduko tratamenduetara jo behar dute andre askok. Teknika horien arrakasta tasa txikiari begira, maiz itxaropen faltsuak ematen direla salatu du. Eremua arlo publikotik eraldatzeaz mintzatu da.

Sara Lafuente. VEIT BRAUN
Sara Lafuente. VEIT BRAUN
Maite Asensio Lozano.
2026ko azaroaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ugalketa lagunduaren eta obuluak izoztearen inguruko albisteek eragindako eztabaidei konplexutasunetik erantzun ohi die Sara Lafuente Funesek (Madril, 1986). Soziologoa da, biomedikuntzan aditua, eta sakon ikertu du ugalketari lotutako industria, ikuspegi feministatik eta antikapitalistatik. 2021ean erreferentziazko liburua argitaratu zuen Katakrakekin: Mercados reproductivos. Crisis, deseos y desigualdad (Ugalketaren merkatuak. Krisia, desioak eta desberdintasuna). Gurasotasun berantiarraz aritzean, ez da dena beti txarra, haren ustez: «Interesgarria litzateke aztertzea zer errazten duen: guraso izatea egonkortasun ekonomiko handiagoa izanda, lasaitasun handiagoa izanda... Baina ez da beti hautatua, baizik eta estrukturalki eragindakoa».

Emakumeek gero eta beranduago izaten dute lehen haurra. Atzeratze horrek zer neurritan eragin ditzake antzutasun arazoak edo haurdun geratzeko zailtasunak?

Adinak gure ugaltzeko gaitasunean eragiten du, bai obuluetan, bai esperman; eta eragina du, beranduago bada ere, konplikaziorik gabe haurduntzeko eta erditzeko gaitasunean. Baina haurdun geratzen saiatzeari dagokionez, adina atzeratzeak bi problema molde ekar ditzake. Bat, zuzenekoa: zenbat eta beranduago hasi saiatzen, orduan eta emankortasun txikiagoa dugu, eta beraz, obuluen erreserba baxua, esperma DNAren zatikatzea, abortu errepikakorrak eta halako arazoak izateko probabilitate handiagoa. Bestea, zeharkakoa: umeak izateko erabakia zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta tarte txikiagoa dugu haurdun geratzeko, eta beraz, gehiago eragingo digu edozein aldaketak edo oztopok, izan norberarena edo kolektiboa.

Ama izatea 27 urterekin planteatzen hasten banaiz, maniobra gaitasun handiagoa izango dut bikotekideak uzten banau, pandemia bat badago edo lanik gabe geratzen banaiz; baina halako zerbaitek 37 urterekin harrapatzen banau, egoera egonkortu arte pare bat urte itxaroteak alde handia ezar dezake. Hori jende askori gertatzen ari zaio. Elkarrizketatu ditudan andreek asko aipatzen dute «berandu» dabiltzan sentsazioa. Denboraren presio horrek, astia amaitzen ari dela sentitzeak larridura handia eragiten du, frustrazioa eta sufrimendua.

Emakumearen adina al da arazoak eragin ditzakeen faktore bakarra?

Ez, inola ere ez. Emakumeen arazoak jartzen dira ikusgai batez ere, sistemak arazo indibidualetan —eta ez sozialetan— jartzen duelako fokua, eta gainera emakumeengan, joera patriarkal argi batekin. Eta arazo horiei, gainera, Espainiako Estatuko klinikek konponbide bat aurkitu diotelako, etekin handiak ematen dituena: obuluen donazioa. Asko hitz egiten da emakumeen erloju biologikoaz, lanari ematen dioten garrantziaz, obuluak izozteaz... Baina askoz gutxiago hitz egiten da emakume heterosexual askok gizon erantzukideak aurkitzeko dituzten arazoez, edo 40 urtetik gorako gizonen umeen arazo genetikoen gorakadaz, kutsaduraren ondorioz gertatzen ari den semenaren kalitate jaitsieraz, disruptore endokrinoei lotutako arazoez... Eta gutxi hitz egiten da, baita ere, bestelako faktoreez: haurrak hazteko babes faltaz, etxe bat izateko zailtasunez, prekaritateaz...

«Gizonak ez daude emankortasunarekin kezkatuta. Aiten rolean aldaketa handiak izaten ari diren arren, halako kontuen ardura hartzetik oso urrun daude oraindik»

Zer adinekin hasten dira haurdun geratzeko zailtasunak? Zein dira arazo nagusiak?

Oso zabalduta dago obuluen erreserba asko jaisten dela 40 urteetatik aurrera, nahiz eta adituek 35 urtean kokatzen duten, baina, egiaz, obuluen erreserba eta kalitatea pertsona bakoitzaren araberakoak dira, eta mekanismo egokiak falta zaizkigu horiek neurtzeko. Adibidez, antimulleriana izeneko probak, asko hedatu den arren, gehiago adierazten du obuluak ondo erantzungo al liokeen ernalkuntza lagunduko tratamendu bati, eta ez hainbeste pazienteak ugaltzeko gaitasunik ote duen. Gizonen artean, bestalde, ematen du arazo gehiago dagoela 40 urteetatik aurrera, baina ez dago hain ikertuta; eta gizonak ere ez daude emankortasunarekin kezkatuta, edo ez behintzat emakumeen neurri berean. Aiten rolean aldaketa handiak izaten ari diren arren, halako kontuen ardura hartzetik oso urrun daude oraindik, eta tartean dago ugalketaren inguruko erabakiak garaiz hartzea ere. Izan ere, bikote heterosexualetan, askotan emakumeek amatasuna atzeratzen dute gizonen erabakien edo erabaki faltaren ondorioz.

Nola ari dira auzia bideratzen gizartea eta merkatuak?

Itziar Alkorta eta beste egile batzuk aspaldi hasi ziren esaten Espainiako Estatuan ugalketa lagundua erabiltzen ari direla familien inguruko politika publikoen ordez. Neurri batean, egia da umeak edukitzeko zailtasunen aurrean klinikak eta ugalketa lagunduko teknikak laguntza edo konponbide moduan antzematen direla, nahiz eta partzialak izan edo berandu iritsi; eta egia da andre askori laguntzen dietela haurdun geratzen. Baina merkatuen arazoa da ez diotela heltzen sakoneko arazoari, hau da, haurrak lehenago izateko zailtasunei. Oso gaitza baita egonkortasuna lortzea, eta galdera batzuk egin ahal izatea, adibidez, haurdunaldia eta umeen zaintza sozialki beste leku batean kokatze aldera, leku ez hain bakarti eta pribatizatu batean, gizarte desberdintasunek eragin gutxiago duten leku batean. Erantzunak industria batik bat pribatu batek ematea adabakiak jartzea da, eta, gainera, estratifikazio erreproduktibo handiagoa eragiten du 

«Normalizatu egin dugu ernalkuntza lagunduko tratamenduetan sufrimendu handia izatea»

Zer da estratifikazio erreproduktiboa?

Ugalketa, amatasun eta hazkuntza prozesuetako desberdintasunez ari da kontzeptua. Izan ere, ernalkuntza lagunduak, gaur funtzionatzen duen moduan, estratifikazio hori areagotzen du: pertsona jakin batzuei haurdun geratzea errazten die, eta beste batzuei ugalketa materiala edo prozesuak merkaturatzeko eskatzen die. Hori arazo bat da, eta gaur egun ezin da konpondu eremu publikoan eskaintza handituz, baizik eta bestelako ugalketa lagundu bat sortuz, arlo publikoan eta logika propio batetik, eta ez eremu biomedikora mugatuta, baizik eta ikuspegi holistikoago batetik kontuan hartuta ugalketaren inguruko erabakietan eragiten duten gainerako arloak.

Halere, eraginkorrak al dira ernalkuntza lagunduko teknikak?

Klinikek arrakasta indizeez hitz egiten dutenean, oro har, emakume gazteagoen obuluak erabiltzen dituzten tratamenduez ari dira. Hain justu, ugaltzeko gaitasuna andre batzuetatik besteetara transferitzea da teknika arrakastatsuena, eta horretan espezializatu da Espainiako Estatuko merkatua; funtsezkoa da konpentsazio ekonomikoen truke emandako obuluak erabili ahal izatea. Edonola ere, ugalketa lagunduko teknikek, berez, ez dute arrakasta indize alturik, eta oso inbasiboak eta gogorrak dira, bai fisikoki bai emozionalki. Emakumeek behin baino gehiagotan saiatu behar izaten dute, sarri ez dute haurduntzerik lortzen, eta zor ekonomikoa ez ezik ahultze emozional handia pilatzen dute. Normalizatu egin dugu ernalkuntza lagunduko tratamenduetan sufrimendu handia izatea; haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan emakumeen mina eta sufrimendua gutxietsi den bezala.

«Teknikak berez ez dira txarrak, beste logika batzuetatik erabil eta berrasma daitezke. Gaur-gaurkoz garrantzitsua litzateke ernalkuntza lagunduaren inguruko logika publiko bat garatzea»

Obuluak izozteko aukera hizpide da berriz ere; konponbide bat izan daiteke?

Konponbide partzial bat izan daiteke pertsona batzuentzat, denbora tarte batez edo egoera jakin batzuetan: lasaitasuna eman diezaieke emakumeei euren egoera aldatu arte itxaroten duten bitartean. Baina ez du bermatzen etorkizunean haurdun geratzea. Obuluak izozten dituzunean, oro har, ez dakizu zer kalitatekoak diren, hau da, ez dakizu ernalduak izateko eta enbrioiak garatzeko gaitasunik duten, eta ez dakizu zure gorputza haurdun gera daitekeen. Ondo irteten denean eta obulu kopuru egoki bat ateratzea eta izoztea lortzen denean, emakumeei lasaitasuna eragiten die; eta gerora obulu horiekin haurdun geratzea lortzen dutenak, noski, pozten dira obuluak izoztu izanaz. Baina kasu askotan ez du ondo funtzionatzen, eta itxaropena ematen zaie nahiz eta errealista ez izan. Era berean, emakume askok sentitzen dute gustuko ez dituzten eta kontrolatu ezin dituzten logiketan sartzen direla. Izan ere, batzuetan, ezin badira euren obuluekin haurdun geratu, obulu donazioaren zirkuituetara bideratzen dituzte, eta horrek dolua eta zalantza etiko-politikoak pizten dizkie. Gainera, ikuspegi sozial zabalago batetik, obuluak izozteak badu arrisku bat: haurdun geratzen saiatzeko adinaren atzeratzea are gehiago normalizatzea.

Amatasuna atzeratzea emakumeen erabakia da askotan. Nola uztar daiteke ugalketaren inguruko autonomia handiago hori eta halako prozesu medikalizatuen eta merkantilizatuen mendeko ez izatea?

Nire ustez, horri komunitatean eta kolektiboki baino ezin zaio erantzun. Teknikak berez ez dira txarrak, nahiz eta berekin dakarten mundu politiko bat eta gorputzak ulertzeko modu bat; beste logika batzuetatik erabil eta berrasma daitezke. Uste dut gaur-gaurkoz garrantzitsua litzatekeela ernalkuntza lagunduaren inguruko logika publiko bat garatzen saiatzea. Ugalketaren, umeen hazkuntzaren eta zaintzaren inguruan ikuspegi erabat diferente bat garatu behar dugu, eta modu berriak asmatu behar ditugu, gure gorputzentzat eta bizitzentzat hobeak izango direnak, eta etekin ekonomikotik guztiz bereizita egongo direnak. Ikuspegi feminista, antirrazista eta emantzipatzaileetatik hausnar dezakegu nola heldu horra.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA